Tokio 2020. KAZETARIAK

JOKO EZ-JAPONIARRAK

Tokion lanean ari diren kazetariek arazoak dituzte antolakuntzak jarritako garraio zerbitzuaren atzerapenekin eta boluntarioen ingeles maila apalarekin, eta gehienek babestu egin dute Olinpiar Jokoak aurten egiteko erabakia.

BERRIA.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Ez da egokia pandemia egoeranJokoak antolatzea»
Philip BarkerFreelance kazetaria, 'Insidethegames.biz'-erako lanean

Tokioko MPC prentsa gune nagusian hitz egindako kazetarien artean Philip Barker izan da bakarra esan duena Olinpiar Jokoak bertan behera utzi beharko liratekeela: «Ez baita egokia pandemia eta larrialdi egoeran halako ekitaldi bat egitea». Bertan behera utziz gero, ordain gisa, «Japoniari eman beharko litzaizkioke esleitu gabe dauden hurrengo Olinpiar Jokoak, eta, haiek iritsi bitartean, baita zenbait munduko txapelketa ere, herrialdeko kirola eta ekonomia bultzatzeko; baina ni ez naiz NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko zuzendaritzako kidea».

NOBek ez du aintzat hartu Barkerren iritzia, baina iritzi kualifikatua da kirol kazetari ingelesarena. 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoetan hasi, eta Tokiora bitarteko guztietara joan da; Neguko Olinpiar Jokoen kasuan, 2006ko Turingoetatik.

Aditua da, eta Tokion Insidethegames.biz webgune espezializatuarentzat ari da lanean. Duela egun batzuk arte hoteleko gelatik lan egin du, koronabirusak kutsatutako norbaitengandik gertu egon zelako eta hamalau eguneko itxialdia egin behar izan duelako. Barkerrek kirolarien moduko olinpiar zikloak egiten ditu, eta Olinpiar Jokoak iritsi bitarteko urteetan nagusiki Sky SDports katearentzat lan egiten du.

Tokioko Jokoak «arraroak» direla dio. Kirol azpiegitura «hain ederrak» hutsik daudelako: «Pena ematen dit, japoniarrak oso zale onak direlako».

Horrez gain, pena du Olinpiar Jokoetan parte hartzen ari diren kirolariak eta kazetariak benetako Japonia eta Olinpiar Jokoak ezagutzen ari ez direlako.

Pandemia garaian Tokioko ekitaldia egiteko arrazoietako bat sinbolikoa dela uste du: jendeak telebistaz kirola ikusi ahal izatea, kirola mundu guztira iristea. «Eraginkorra izan daiteke». «Hala ere», jarraitu du, «susmoa dut Olinpiar Jokoak egiteko arrazoi nagusia ekonomikoa izan dela».

MPCn biltzen diren kazetari askok bezala, garraioan eta komunikazioan izandako zailtasunak eta arazoak nabarmendu ditu batez ere. Gertatu izan zaio autobusa hartzea eta lehiaketa batera berandu iristea. Badu konponbide bat: «Normalean, beste Olinpiar Joko batzuetan, antolakuntzako autobusek bide berezi bat izaten dute, eta ez da atzerapenik gertatzen».

Sarritan gertatu zaio boluntarioren batekin hizketan hasi, zerbait galdetu, eta boluntarioak ez ulertzea. «Boluntario askok japonieraz soilik hitz egiten dute, edo ez daukate ingeleseko gutxieneko maila», esan du, etsita, Barkerrek. «Oso zaila da norbaitekin elkarrizketa bat izatea». Hala gertatzen da Olinpiar Jokoetako parte hartzaileekin harreman zuzena izan behar duten zenbait lanetan eta zerbitzutan.

Ez dauzka ahaztuta aireportuan, Tokiora sartzeko, pasatu beharreko kontrol guztiak. Leku batean agiri batzuk aurkeztu eta metro gutxira berriz ere agirik berak erakutsi beharra. Pasaportea ez galtzea zuen kezka nagusietako bat, beharko baitu 2022ko Pekingo Neguko Olinpiar Jokoetara joateko.

«Hau ez danik ezagutzen dudan Japonia
Zhang LeiTxinako 'Jinan Times' egunkariko kazetaria

Ezagutzen du Japonia. Hainbat aldiz izan da bertan, bai lan kontuetarako, bai bere kabuz. Zhang Leiri asko interesatzen zaio Japoniako kultura, eta bertatik bertara ezagutzen saiatu da. Olinpiar Jokoetan, ordea, beste zerbait aurkitu du: «Hau ez da nik ezagutzen dudan Japonia». Zergatik? «Autobusak berandu dabiltza, egutegiak eta ordutegiak ez dira betetzen... Alde horretatik, Olinpiar Joko hauek ez dira oso japoniarrak».

Tokiokoak ez dira Zhang Leiren lehen Jokoak. Udakoak bai, negukoak ez: Hego Koreako Pyeongchangekoetan lan egin zuen, 2018an, berriemaile berezi gisa.

COVID-19aren pandemiari egotzi dio japoniarrek hain berea duten zehaztasuna eta antolaketa ona kolokan geratu izana. «Duela urtebete esan zuten Olinpiar Jokoak atzeratuko zituztela, baina lehendik lanak aurreratuta zituzten, eta urtebete izan dute ondo prestatzeko», azaldu du. «Azkenean, ordea, badirudi ez dutela nahikoa astirik izan egoera korapilatsu honetarako prestatzeko».

Olinpiar Jokoak abian dira, eta, hondamendiren bat gertatu ezean, aurrera jarraituko dute. Zhang Leik zalantzak zituen duela hiru hilabetera arte: ez zeukan batere argi ea Jokoak egingo ziren edo ez. Duela hilabete, antolatzaileek prozedurak betetzeko eskatzen zutela ikusita, orduan sinetsi zuen baietz, Tokiora joango zela.

Ez du esan nahi izan ea Jokoak egitea erabaki egokia iruditzen zaion edo ez. Txanpon baten modukoa dela dio: alde batetik, aurkia du, «kirolarientzat batez ere»; bestetik, ifrentzua, koronabirusa zabaltzeko arriskua.

Jokoak egiten ari direnez, aukera bakarra ezarritako baldintzetara eta mugetara egokitzea dela uste du, «arduraz jokatzea».

«Nazioarteko boluntarioak falta dira»
Sofia WoredeBroadswor Communicationeko ordezkaria

Kirolariekin harreman estua du Sofia Woredek. Birjina Uharte Britaniarretako Olinpiar Batzordearentzat ari da lanean, kirolarien elkarrizketak bideratzen eta bestelako lanak antolatzen. Ezagutzen ditu kirolariak, eta badaki zer lan egin duten Tokioko Olinpiar Jokoetara iristeko. Hori aintzat hartuta, Worederentzat erabaki zuzena da Olinpiar Jokoei eustea, eta horregatik egin dutela uste du. Bestela, «Tokio 2020 atzeratuz gero, Paris 2024 gertuegi legoke, eta, azkenean, Tokiokoek bertan behera geratu beharko lukete». Aurten, pandemiari dagokionez, egoera hobea espero zuen, eta horrek zalantzak eragiten dizkio.

Jokoak kolokan egon zitezkeela pentsatu zuen, antolatzaileek bidalitako gidaliburuetan ezarritako murrizketak gero eta gehiago zirelako, eta neurriak, zorrotzagoak.

Murrizketak eta neurriak egokiak iruditzen zaizkio, ez direlako ezberdinak munduko leku askotan ezarritakoekin alderatuta. Heldutasunez eta arduraz jokatzeko eskatu die parte hartzaileei.

Egunotako arazoak zerrendatzen hasi, eta bi nabarmendu ditu batez ere: garraioa eta komunikazioa. Guneetara joaten diren autobus askok atzerapenak dituzte. Badaezpada, lehiaketa baino bi ordu lehenago abiatzen da Worede.

Komunikazioa izan da harentzat orain arteko oztopo nagusia, bai Tokiora joan aurretik, bai Tokion bertan. Jasotako informazioa «nahasgarria» izan dela dio, eta Tokion ezin izaten duela boluntario askorekin elkar ulertu: «Olinpiar Joko hauetan ez baitaude, beste batzuetan gertatu den moduan, nazioarteko boluntarioak, ingelesa menderatzen dutenak». Tokion, ordea, «gehienak ez dira gai azalpenak ingelesez txukun emateko».

«Jendeak ekintzanahi du, eta Jokoak dira ekintzarik onena»
Haritha Perera  Sri Lankako Telebista

Pandemia garaian Europan egin dituzue futbol, errugbi, motor eta golf txapelketak, ezta? Batzuetan ikusleekin, gainera. Beraz, zergatik ez ziren egin behar Tokioko Olinpiar Jokoak?». NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordearen eta Japoniako Gobernuaren erabakia babestu du Haritha Perera Sri Lankako Telebistako kazetariak. Kriketean aditua da.

Kirolariak ditu, batez ere, gogoan: Jokoak ez egiteak haiengan eta haien ibilbidean izango lukeen eragina. Pereraren arabera, beharrezko neurriak hartu dira, bai Olinpiar Jokoetako parte hartzaileen arteko kutsatzeak eragozteko, bai burbuila horretatik kanpokoetara ez zabaltzeko.

Olinpiar Jokoak egitea erabaki politikoa dela uste du, aurten egingo diren hauteskunde orokorrei begira hartutako erabakia: «Japonia sekulako emaitzak lortzen ari da; berak ditu urrezko domina gehien, eta horrek aldatu egingo du japoniarrek jokoei buruz duten iritzia».

Antolakuntzak hainbat muga eta murrizketa ezarri ditu lan egin ahal izateko. Komunikazio eta garraio arazoak ere sortu dira. «Badakit», onartu du Pererak. «Baina jendeak egokitu egin behar du; ez dago beste aukerarik. Gainera, etorri aurretik, guztiok genekizkien baldintzak». Konpondu beharreko arazoen artean aipatu du sarritan autobusak beteta joaten direla, bidaiarien arteko segurtasun distantziarik gabe.

Ez du kexatzeko arrazoirik: «62 urte ditut, eta gauza asko ikusi ditut bizitzan. Gerra zibil bat izan dugu nire herrialdean».

«Zer egoera zaila zuten ikusita, lan ona egiten ari direla uste dut»
Les Carpenter 'Washington Post'-eko kazetaria

Zer egoera egoera zaila zeukaten ikusita, lan ona egiten ari direla uste dut». Olinpiar Jokoetan eskarmentua du Les Carpenter Washington Post-eko kazetariak. Ez du kexarik, ez garraio sistemaz, ez olinpiar guneen antolaketaz, ez boluntarioekin komunikatzeko arazoez: «Sistema funtzionatzen ari da, eta uste dut azpiegiturak onak eta eraginkorrak direla».

Carpenter aditua da futbol amerikarrean, baina Tokion, futbol amerikarrik gabe, beste kirol batzuen berri ematen ari da. Skateboardari eta judoari buruz aritu da, esaterako.

Ikusleen falta nabarmendu du guztiaren gainetik: «Arraroa da olinpiar guneetan eta estadioetan egotea eta hutsik, ikuslerik gabe, ikustea. Hori da okerrena».

«Atmosfera» eta «energia» falta aipatu du, anglosaxoiek asko erabiltzen dituzten bi kontzeptu. Skateboardeko proban boluntario gutxi batzuk izan ziren txalo egin zuten bakarrak.

Egoera berezi eta arraroari alde positiboren bat ere topatu dio, kirolariekin aurrez aurre egon ahal izatea, esaterako. «Kasu batzuetan», Carpenterren esanetan, «pandemia agertu zenetik lehen aldia baita kirolariekin bertatik bertara egon ahal izan duguna».

Jokoak hasi eta astebete eta gero, ez du esan nahi izan ea Olinpiar Jokoak egitea erabaki egokia izan den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.