Yemengo azken bonbardaketak ikertzeko eskatu du NBEk

Nazioarteko koalizioak migratzaileentzako zentro bat suntsitu du, eta gutxienez 70 lagun hil ditu

Huthien aldeko yemendarrak, ostiralean, azken bonbardaketak salatzeko manifestazio batean, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ikerketa «eraginkor eta gardena» galdegin du Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Yemengo Saada hirian ostiralean izan ziren bonbardaketen gainean. Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizioak migratzaileak hartzeko zentro bat suntsitu zuela salatu dute hiria kontrolpean duten matxino huthiek eta giza eskubideen aldeko hainbat gobernuz kanpoko erakundek.

Huthien esanetan, hildakoak 82 dira gutxienez. Gurutze Gorriak adierazi du ehun baino gehiago direla hildako eta zaurituak, eta, Mugarik Gabeko Medikuen arabera, berrehun inguru dira zaurituak bakarrik.«Oraindik gorpu asko daude bonbardaketen tokian, eta jende asko dago desagertuta», azaldu zuen atzo Ahmed Matah erakundearen Yemengo misioaren buruak.

Koalizioak «jakinaren gainean» egin du zibilen kontra, huthiek salatu dutenez. Nazioarteko erakundeei dei egin die Taha al-Motawakel huthien gobernuko Osasun ministroak, esku har dezaten. «Gizateriaren kontrako gerra krimentzat jotzen dugu erasoa». Sendagaiak lortzeko laguntza ere galdegin du.

Riad buru duen koalizioak ukatu egin du Saada bonbardatu duela. Onartu du Hudaida hiriari egin ziotela eraso, ostiralean, mendebaldeko kostaldean dagoen hiri horretako portua armen kontrabandorako gunea dela argudiatuta. Saudi Arabiako Gobernuak esan du Iranek huthiei bidalitako armentzako sarbidea dela. Hudaidan «bonbardaketa zehatzak» egin dituela gaineratu du, «miliziaren azpiegiturak» suntsitzeko helburuarekin. Koalizioak jaurtitako lehergaiek telekomunikazio zentro bati kalte egin zioten, Yemenen Interneterako konexioa bermatzeko oinarrizkoa dena. Erasoak sarearekiko lotura eten zuen atzo herrialde osoan.

Huthien kontrako bonbardaketak ugaritu egin ditu Saudi Arabiak gidatutako aliantzak, matxinoek Abu Dhabi Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuari eraso egin ziotenetik, joan den astelehenean, misil eta bonba-drone bidez—Arabiar Emirerri Batuak Yemenen huthien aurka borrokan ari den nazioarteko aliantzaren kide da—. Koalizioak beste eraso batekin erantzun zuen, asteartean, eta gutxienez hamalau herritar hil zituen Sanan.

Potentziak, «lerratuta»

NBEren Segurtasun Kontseiluak huthiek Arabiar Emirerri Batuetan egin dituen erasoak gaitzetsi zituen ostiralean, eta giza eskubideen aldeko hainbat elkartek kontseiluaren adierazpena kritikatu dute, alde bakarraren erasoak salatu dituelako, Riadekin «lerratuta». Gordin mintzatu da Jamal Benomar NBEren Yemenerako misioaren buru izandakoa. Nabarmendu du nazioarteak ez dituela Yemenen gertatu diren gerra krimenak zigortu, eta NBEren Segurtasun Kontseiluko kideei egotzi die horren ardura. «Errealitatea da [Segurtasun Kontseiluko] bost kideak Saudi Arabia Yemenen gerra amaitzera bultzatu eta Yemengo aldeak prozesu politiko batean engaiatzera bideratu beharrean, elkarren artean lehian aritu direla Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin irabazi handiko kontratuak lortzeko».

Gerra 2014an piztu zenetik, 130.000 herritar baino gehiago hil dituzte Yemenen, ACLED elkartearen arabera. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute gerrak munduko krisi humanitario larriena eragin duela, eta gerra krimenen ardura leporatu diote, bereziki, Saudi Arabiak gidatutako koalizioari, bonbardaketetan milaka zibil hiltzeagatik eta Yemenentzat oinarrizkoak diren azpiegiturak suntsitzeagatik. Huthiak ere egin dituzte gerra krimenen erantzule, eta haurrak soldadu gisa erabili izana egotzi diete.

AEBetako Gobernuak «kezka» adierazi du Yemenen gatazka laztu dela eta. Joe BidenAEBetako presidenteak asteazkenean adierazi zuen bere gobernua aztertzen ari dela huthiak «terroristen» zerrendan berriz sartzeko aukera. Huthien kontrolpeko lurraldean, manifestazioak egin zituzten atzo, «AEBen erasoak» arbuiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.