Noiz sortua: 2020-05-31 00:30:00

ZENBAT POETA DITU EUSKARAREN HERRIAK?

Azkeneko mende erdian 740 bat poesia liburu argitaratu dira euskaraz. 300 bat egilek idatzi dituzte; alegia, 2,5 liburu idazle bakoitzeko. Liburu bakarreko egileak dira asko. Hilik dira 50 bat. Berriak dira beste asko. Eta gehienak ez dira poeta soilik. Hortaz, zenbat dira bizirik dauden eta poesia (soilik) idazten duten helduentzako egileak? Poeta petoak?
2015etik hona poema liburu bat kaleratu dute 82 egile hauek.
2015etik hona poema liburu bat kaleratu dute 82 egile hauek. BERRIA / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko maiatzak 31

Zenbat poeta ditu euskararen herriak? Galdera errazagoak izango dira, baina, behin erantzun bila hasita, inoiz helduentzako poesia liburu bat argitaratu dutenak aintzat hartuz gero, 247 dira. Bizi direnak, alegia. Azken mende erdian gaur egun bizirik dauden 247 egilek gutxienez argitaratu baitute noizbait poema libururen bat. Horiek dira Literaturaren Zubitegiak bilduta dauzkan datuak, behintzat.

Dezente dira horiek, baina zenbat poesia liburu eman dituzte argitara? Bada, iturri beraren arabera, 611. Bizirik dauden egileen obrak dira horiek. Badira beste 50 bat idazle azken 50 urteetan poesia liburu bat behintzat kaleratutakoak. Horiek beste 132 titulu ere argitaratu dituzte epe horretan.

Eta zenbat poesia liburu argitaratu ditu bakoitzak? Batezbestekoetara jota berriro: idazle bakoitzeko 2,5 poesia liburu dira horiek. Izan ere, poema liburu bakarreko poeta asko ditu euskarak.

Hainbeste dira horiek? Bizirik direnen artean, 123 bai behintzat. Inoiz euskaraz poesia liburu bat argitaratu dutenen erditsuek poesia liburu bakarra argitaratu dute. Asko liburu bakarreko egileak dira, gainera.

Eta zenbat izan dira, ba, poesia liburu bat kaleratu eta beste ezer argitaratu ez dutenak? Bizirik dauden artean, guztien laurden bat baino gehiago, 75 inguru. Horrek esan nahiko luke, batezbestekoaren joerak iraungo balu, helduentzako poesia liburu bat argitaratzen duten lau egiletik batek ez duela jarraituko, ez poesian, ez literaturan, ez fikziozkoak ez diren beste genero batzuetan.

Orduan, bakantzen ari ote da helduentzako euskarazko poesia? Ezta gutxiago ere. Poesia egile guztiak aintzat hartuta, hilak eta biziak, 1970eko hamarkadan 40 bat idazlek kaleratu zuten poesia libururen bat; 1980ko hamarkadan, 83k; eta 1990ekoan, 80k. 2000ko hamarkadan salto bat etorri zen: 122 idazlek kaleratu zuten poema libururen bat gutxienez; eta 2010eko hamarkadan, 128k. Esan liteke gutxienez hiru belaunaldi ari direla poesia euskaraz argitaratzen garaiotan. Ugaritu egin dira ahotsak. Batzuk isildu egin dira, baina aspaldian argitaratu gabe zeuden beste batzuk plazara itzuli dira azken urteotan.

Hortaz, denek ez diote utzi idazteari; beste batzuek jarraitu dute idazten, ezta? Bai, bizidunen artean badira 80 bat egile poesia liburu bat edo gehiago kaleratu dituztenak, eta poesia beste genero batzuekin tartekatu dutenak. Horietako batzuek obra liriko oparoa dute. Esaterako, urteotan poesia liburu gehien argitaratu duten sortzaileetako bat Karlos Linazasoro da, hamabi kaleratu baititu; eta haren segidan doa Itxaro Borda, hamar libururekin. Bederatzi atera dituzte Felipe Juaristik eta Karlos Santistebanek, eta zortzi Amaia Iturbidek. Zazpina dauzkate Oier Guillanek, Joan Mari Irigoienek, Koldo Izagirrek eta Asier Serranok; eta seina Pako Aristik, Joxe Austin Arrietak, Jean Louis Davantek, Aritz Gorrotxategik, Juan Kruz Igerabidek, Edorta Jimenezek eta Joseba Sarrionandiak.

Orduan, gaztetako sukarra pasatu ondoren uzten diote poesia idazteari? Ezetz ematen du. 247 egile horietatik, laurden batek 25 urte edo gutxiagorekin argitaratu zuen lehen poesia liburua; beste laurden batek, 40 urte edo gehiagorekin; erdiek, gutxi gorabehera, 25 eta 40 urte artean zituzten lehen poesia liburua argitaratu zutenean. Euskal idazleak, batez beste, 34 urterekin kaleratzen ditu bere lehen poemak. Poesia ez da gazteen kontua —soilik—. Are gehiago: azkeneko urteetan, ugaritu egin dira 45 urte edo gehiagorekin aurreneko aldiz poesia liburu bat kaleratu dutenak.

Baina, orduan, bada gazterik poesia argitaratzen dutenen artean? Bai, bada. 2015etik hona, orain 30 urte baino gutxiago duten hamalau idazlek argitaratu dute poesia liburu bat gutxienez. Beatriz Txibitek lau ditu kalean; beste hamahiruek, bana.

Ekuazioaren x ebazten

Hemen ez ote dira izen batzuk falta? Non daude poeta-poetak, poesia bakarrik edo ia poesia bakarrik argitaratu dutenak? Ba, badira, gutxienez, hiru multzo. Alde batera daude 30 bat egile bizpalau poema liburu argitaratu dituztenak, baina aspaldi isilik daudenak poesiaren plazan, azkeneko hamarkadan edo denbora gehiagoan poesia libururik argitaratu ez dutenak. Beste aldera, badaude azkeneko urteetan beren aurreneko poema liburua edo liburuak argitaratu dituztenak, 35 inguru. Baina horiek ibilbidearen hasieran daude, eta oraindik ezin da jakin poesia —soilik— idazten jarraituko ote duten. Eta bada beste multzo bat, aktiboan dauden poeta petoena. Helduentzako poesia ez den besterik ia argitaratu ez dutenena.

Hortaz, zenbat poeta ditu euskararen herriak? Bizirik dauden egileak, helduentzako poesia liburu bat baino gehiago eta soilik —edo ia soilik— poesia argitaratu dutenak eta oraindik ere idazten eta argitaratzen jarraitzen dutenak kontuan hartuz gero, 35 bat. Horien artean, poesia liburu gehien argitaratu dutenak Tere Irastortza (hamabi) eta Castillo Suarez (hamar) dira. Jose Luis Otamendik eta Jose Luis Padronek bederatzina poesia liburu dituzte. Luis Gutierrez Luigi Anselmi-k, Luis Gardek, Juanra Madariagak eta Pello Otxotekok, zortzina. Ines Goikoetxeak, Juan Ramon Makusok eta Koldo Zubeldiak, zazpina. Eta bost argitaratuak dituzte Igor Estankonak, Jon Gerediagak, Mikel Ibargurenek, Gerardo Markuletak eta Gorka Setienek. Baina zakua handiagoa izan liteke, azkeneko bost urteetan poesia liburu bat aurrenekoz argitaratu dutenak gehituz gero: 35 bat poeta gehiago lirateke. Hortaz, euskararen herriak baditu 70 poeta baino gehiago, gutxienez. Izango dira poetak puska baterako. Horra zer dioten poeten matematikek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna