Albistea entzun

KRITIKA. Musika

Bakarka

Marta Garcia -

2023ko ekainak 7

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Pianoa: Yulianna Avdeeva. Egitaraua: R. Wagnerren Nurenbergeko maisu kantariak WWV 96 (Obertura), F. Chopinen 2. kontzertua piano eta orkestrarako, op. 21 eta D. Xostakovitxen 15. sinfonia, op. 141. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Ekainak 2.

Euskadiko Orkestra agur esaten ari zaio egunotan bere 2022-2023ko denboraldiari: tragedia batekin (edo askorekin) hasi zen, hain zuzen ere, Dmitri Xostakovitxen 8. sinfoniarekin, gerra garaikoa; konpositore beraren 15. sinfoniak eman dio amaiera, kutsu baikorragoa duen pieza, betiere bere izaera isilak sortutako enigmak erdigunean jarriz, triskantzak barneratu eta horien gainetik ibiltzen jarraitzeko bideak miatzen dituena. Baina horren aurretik, intentsitate eta nortasun berezia duten beste bi obra entzun ziren.

Nurenbergeko maisu kantariak operaren oberturak ireki zuen kontzertua, Treviñoren aginduzko keinuen gidaritzapean geruza lakarra erakutsi zuenak. Gehiegizko saturazioa antzeman zen soinuan, alderdi iluna ere agerian. Horrek eragin zuen, orokorrean, maila zein kolore askotarikoak ezin desberdintzea.

Ondoren, Yulianna Avdeeva pianista errusiarra izan genuen berriro gurean, oraingoan bere espezialitatea den Frederic Chopinen musika interpretatzeko, zehazki, bere 2. kontzertua piano eta orkestrarako. 1832an Parisen estreinaldia egin ostean, François-Joseph Fetis kritikariak esan omen zuen Beethovenek pianoarentzat idazten zuela eta Chopinek, aldiz, piano jotzailearentzat. Egiaz, Avdeevak emozioz eta inspirazioz beteriko uneak eskaini zituen: Maestoso-an oreka eta argitasuna, Larghetto-an taupada garbia, Allegro vivace-an dinamikak eta norabide ziurra. Dena bere tokian, ezer estutu gabe, pedalean oparo eta neurritsu.

Orduan bai, bigarren zatian Xostakovitxen iruditeria pertsonalean sartzeko aukera zabaldu zitzaigun, orkestraren lanketa finari esker. Barne eta kanpo erreferentzien jolasean zintzo, hasieratik nabari izan ziren sekzio desberdinen kolore zaindua. Lehen mugimenduan, flautaren samurtasuna eta harien trinkotasuna; bigarrenean, biolinaren, biolontxeloaren eta tronboiaren irakurketa paregabea; hirugarrenean, klarinetearen dotorezia. Perkusioak ere gau aparta egin zuen. Orkestra bera osotasuna delako sentsazioa falta bazen ere, parteez gozatzeko kontzertua izan zen.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>'O corno'.</b> Jaione Camborda —eskuinetik bigarrena— eta filmeko aktore taldea, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Gorputza, zapalkuntza eta ahizpatasun sareak

Mikel Lizarralde - Itziar Ugarte Irizar - Ainhoa Sarasola

Jaione Camborda zinemagile donostiarrak galegoz grabatutako 'O corno' drama aurkeztu du. 'The Royal Hotel' eta 'Le successeur' filmak ere lehia ofizialean dira
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ibaiak ez du hiltzen; politika arrazistek hiltzen dute»

Jone Bastida Alzuru

'Black is Beltza II: Ainhoa' filma aurkezten ari zen bitartean, bazuen beste proiektu bat esku artean Muguruzak: 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala. Bidasoan jazotakoa bildu, eta bertan hildako migratzaileak oroitu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...