Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala

Arrakaletatik loratu da

Nerea Ibarzabal Salegik irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, lehenengoz, Jone Uriarekin buruz burukoa jokatu ondoren. Final bizia izan da, eta zortzi bertsolariek ale politak utzi dituzte

Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi zioten txapela Nerea Ibarzabali atzo BIlbo Arenan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Badu txapelduna 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketak: Nerea Ibarzabal Salegi. Jone Uriarekin buruz buru aritu ondoren, 874,5 puntu eskuratu zituen Markinakoak. Harry Potterretik hartutako doinu batekin kantatu zuen hasierako agurra, eta lehen une horretatik piztu zituen entzuleak. Haren ondotik sailkatu ziren, azkenean, Etxahun Lekue Etxebarria, Xabat Galletebeitia Abaroa, Onintza Enbeita Maguregi, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Gorka Pagonabarraga Agorria. Guztien artean final biribila osatu zuten atzo, Miribillako Bilbo Arenan.

Zortziko handiko lanak gogoetarako baliatu zituzten bertsolariek. Neba-arrebak ziren Ibarzabal eta Lekue, eta, lanaren ondorioz, gurasoek ez zuten haiekin egoteko denbora askorik hartzen. Hala ireki zuen ofizioa Ibarzabalek: «Ni pozik nago gurasoekin/ gaueko afarietan/ neke itzel bat sumatzen baitut/ koittaduen begietan». Zorrotz erantzun Lekuek: «Ze ez nago ziur dan ezin daben/ edota ez daben gura». Parkeko beste guraso batzuen jarrera pasiboa salatu zuen Ibarzabalek, eta zaintzaileari keinu bat eginez amaitu zuen bertsoaldia Lekuek: «Purik hobeto ezagutzen gaitu/ gure aita ta amak baino».

Ordura arteko epela berotu zuen zortziko txikiko ariketak. Galletebeitiak eta Lekuek eragin zituzten barre algara handienak publikoan. Bikotekideak ziren bi bertsolariak. Galletebeitia etxea garbitzen ibili ondoren, gauzak tokiz aldatuta topatu zituen nahiko despistatua zen Lekuek. Hala ekin zion Galletebeitiak: «Zahartzen zoazenez/ zu azkenerako,/ entrenamendua da/ memoriarako». Arin Lekuek: «Memoria ez, umorea/ galtzen dot atoan». Galletebeitiaren bigarrenarekin ere, barre publikoak: «Hurbilekoa urrun/ urruna hurbila./ Jolastu nahi al duzu/ altxorraren bila?».

Umorez landu zuten gaia Bizkarrak eta Uriak ere. Lagunak ziren bi bertsolariak, eta, Hatortxu Rock jaialdia bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko bertso finalera joateko erabakia hartu zuten. Bi ekitaldiei erreferentzia eginez, hala esan zuen Bizkarrak: «Baina pareko horrek,/ ze aurpegi talo?/ Ta horrek akanpatu du/ eserlekuan lo». Fin erantzun zion Uriak: «Baina, behintzat, ez dira/ Lizaso, Andoni./ Pago ta Bizkarekin/ a muerte nago ni».

Hamarreko txikiko ariketak ere ale politak utzi zituen. Ikaskideak ziren Enbeita eta Lekue. Haien gelakide batek astero egiten zituen eraso homofoboak irakaslearen aurka; horrekin nekatuta, gelakideari kontra egiteko proposatu zion Lekuek. Enbeitak, hasiera: «Beldur naz, baina arrazoi daukazu gaur hara./ Norbaitek esan behar deutso: nahikoa da!». Aurre egin ezean, irakasleak erasotzailearen alde daudela pentsatuko duela erantzun zion Lekuek, eta lehen urratsa berak egiteko eskatu Enbeitak: «Errezago daukazu,/ gizona zara-ta». Konplizitatez amaiera Lekuek: «Nik emoterakoan zuri ostikada,/ Onin, biok batera altxatuko gara».

Bakarkako lanean, eutanasia eskaera egin berri duen gaixoaren larruan kantatu zuen Galletebeitiak. «Badakit heriotzari/ aurre hartuko diodala». Eta hirugarrenarekin biribildu zuen: «Zain egon gabe joatea,/ hori da lehen baldintza».

Irabazlea ere fin aritu zen bakarkako ariketan. Liburua argitaratu zuela denbora bat igaro bazen ere, isiltasuna nabaritzen zuen inguruan. Dotore amaitu zuen bertsoaldia: «Ta mutu-mutu dagoen hori/ mutu geratu dadila./ Gu elkartzeko egin nuen hau,/ ez euren erantzun bila».

Finalean lehen aldiz aritu ziren Pagonabarragak eta Etxebarriazarragak ere ale politak utzi zituzten. Urteak bakarrik bizitzen igaro ondoren, harrera familien beharrizana dagoela irakurri zuen Pagonabarragak komunikabideetan. Txalo zaparrada beroa jaso zuen bigarren bertsoaldiaren amaieran: «Askorik jaso ez dudan arren,/ asko daukat emateko». Etxebarriazarraga, berriz, kulturgintzako langilea zen, eta azkenaldian antolatzen diren ekintzetara gerturatzen diren gehienak emakumeak direla ohartu zen. Zorrotz aritu zen gernikarra: «Ta arrazoiaren bila/ alperrik hasi beharko:/ lana egiten dabe ta/ euretik eta eurentzako».

Ahizpatasunaren adierazle

Zortziko txikian hasi zuten buruz burukoa Ibarzabalek eta Uriak. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantuan dabilen bertsolariaren larruan jarri zuten Ibarzabal, eta Uria pinganillotik zebilen bertsoak esaten. Barre algara ugari eragin zituen ariketak publikoaren artean. Fin aritu zen Uria: «Jonek ez du sartuko/ lehenbailehen hanka,/ Maialen Lujanbio du/ pinganilloan ta». Bizi aritu ziren biak seiko motzean ere.

«Topa egin eta txin-txin egitearekin batera, hala pentsatu duzu: pasa dadila pasatu beharrekoa». Gau bateko abentura bat duen emakumearen azalean jarri zen Ibarzabal, eta dotore amaitu zuen ariketa: «Berriro itzul gaitezen/ maite gaituzten lekura». Uriak, berriz, pandemiaz nazkatuta, Gabonak familia osoarekin igarotzeko erabakia hartu zuenaren lekutik kantatu zuen.

Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi zioten txapela Ibarzabali. «Etxeko andre guztiak» ohoratu zituen azken agurrean: «Egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu». Malkotan baina besoak indarrez jasota amaitu zuen: «Hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.