KRITIKA. Zinema

Gidaririk gabe

Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

'Ford v Ferrari'

Zuzendaria: James Mangold. Herrialdea: AEB.Iraupena: 152 minutu.

Zuzenean edo zeharka, autoa protagonista duten film batzuk utzi dizkigu zinemak. Horietako batzuk zinez gogoangarriak dira: Duel (Steven Spielberg, 1971), Cars (John Lasseter, 2006) eta Drive (Nicolas Winding Refn, 2011), zerrenda gehiegi ez luzatzearren. Nolanahi ere, horren sona handia ez duten beste bi dira Ford v Ferrari honetatik gertuago daudenak: batetik, Rush (Ron Howard, 2013), Niki Lauda eta James Huntek 1 Formulan izan zuten lehia jasotzen zuena; bestetik, Tucker: The Man and His Dream (Francis Ford Coppola, 1988), auto berritzaile bat sortzearekin itsututa dagoen ameslariaren istorioa.

Bi film horien isla hemengo bi pertsonaiengan ikusten ahal da. Neurri batean, Matt Damonen Carroll Shelby Tucker-en temarekin lotzen ahal da, alderdi utopikoa nabarmen leunduta. Ken Miles gidaria (Christopher Bale), berriz, Rush-en zegoen pasio mugagabearen oinordekoa litzateke.

Zoritxarrez, eredu onak izan arren, istorioak arrunkeriaren lasterbidea aukeratuko du ia lehen kredituetatik. Egungo bi aktore handi elkartu izana da Ford v. Ferrari-ren amu nagusia, baina haien arteko kimika ez da inondik ageri, eta biek ala biek gidoiak eskainiko dien nagitasun erosoan murgiltzea erabakiko dute.

Istorioaren garapenak ez du batere laguntzen, adiskidetasun-etsaitasunaren eta amets eroak errealitate bihurtzeko ahalmenaren gaineko topikoak baitira nagusi. Hori gutxi ez, eta AEBetako enpresa baten sustapen kanpainaren traza hartuko du askotan. Biribiltzeko, eurofobia moduko bat dario istorioaren zati handi bati.

Horiek horrela, konturik interesgarriena zeharo teknikoa da: arimarik gabeko efektu digitalez jositako film klonikoen garai hauetan, guztiz ahaztuta genuen auto lasterketen kutsu analogikoa da salbatzen ahal den alderdi bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.