Musika

Mississipira bueltan

Bere kantuak interpretatu zituen aurreneko emakumezko country kantarietako bat izan zen Bobbie Gentry. Mercury Rev taldeak haren 'The Delta Sweete' diskoa berregin du, hainbat kantarik lagunduta.

Bobbie Gentry kantaria. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bobbie Gentryk (AEB, 1944) The Delta Sweete diskoa argitaratu zuen 1968an. Urtebete lehenagokoa zen Ode to Billie Joe arrakasta handia lortu zuen diskoa —AEBetako zerrenden lehen postura iritsi zen—, eta The Delta Sweete haren nolabaiteko segida zen. Nolanahi ere, ez zuen, aurrekoak bezala, gora egin zerrendetan, eta, kritika oso onak izan arren, ez zuen bestelako oihartzunik izan. Orain, 50 urte igaro direnean, Mercury Rev taldeak berriz egin du diskoa (Bobbie Gentry's The Delta Sweete Revisited), eta horretarako hainbat kantari bildu ditu inguruan: Nora Jones, Hope Sandoval, Rachel Goswell, Carice van Houten, Laetitia Sadier, Susanne Sundfor, Margo Price, Vashti Bunyan, Phoebe Bridges, Marissa Nadler, Beth Orton eta Lucinda Williams.

Gentryk bide laburra egin zuen, 1971n erretiratu baitzen. Lau urte eskasetan, baina, astindu bat eman zion country eszenari. Gentryk berak idatzitako kantuak interpretatzen zituen, garai hartan ohikoa ez zen arren, eta kantu horietan oso lotua agertzen zen Mississippiko paisaiara, AEBetako hegoaldeko gothic literaturara eta musikara. Hain zuzen ere, The Delta Sweete-n ahalegina egin zuen hegoalde horren egunerokoa kontatzeko, adierazteko nola bizi ahal zuten modernitatea tradizioari oso atxikia zegoen lurralde batean.

Iaz, Bob Stanleyren (Saint Etienne) ekimenari esker, Gentryren obra aberatsa argitaratu zuten bilduma batean (The Girls From Chickasaw County), eta, orain, Mercury Revek bere aletxoa jarri nahi izan du kantariaren obrari behar duen garrantzia emateko.

Bobbie Gentry's The Delta Sweete Revisited disko pausatua da, atmosferikoa eta etereoa, baina kantuetan zentratzen dena. Haiek dute pisua lanean, nahiz eta Jonathan Donahue eta Grasshopperren taldea saiatu den jatorrizko diskoaren soinu minimalistatik aldentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.