Katalunia. Askatasunaren Aldeko Martxak

Askatasunaren alde, Bartzelonara

Milaka pertsona abiatu dira ANCk eta Omniumek antolatu duten Askatasunaren Aldeko Martxetara. Bost zutabe bete dituzte, eta bihar Bartzelonan elkartuko dira guztiak

AP-7a. Girona eta Bartzelona lotzen dituen errepidea Askatasunaren Aldeko Martxak hartu zuen atzo. Estelada erraldoi bat zintzilikatu zuten zubi batetik. DAVID BORRAT / EFE.
gurutze izagirre intxauspe
Girona
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Askatasunaren Aldeko Martxak abiatu dira Tarragona, Tarrega, Berga, Vic eta Gironatik, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek antolatuta. Eguna argitzerako batzuk, eguna argituta besteak, denak norabide bererantz, Bartzelonarantz. Beso bakoitzak bost etapa izango ditu, hogei bat kilometrokoak batez beste, eta asmoa da bihar Bartzelonara iritsi eta gehiengo sindikalaren deialdiarekin bat egitea. Batetik, greba orokorrera deitu dute biharko; eta, bestetik, manifestazioa 17:00etarako, Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten aurka emandako epaia gaitzetsi eta askatasuna aldarrikatzeko. Martxek hor bat egin asmo dute.

Tabi Casellas Omniun Gironako arduradunak BERRIAri azaldu dio martxen ideia atera zenean ez zutela inondik ere espero hainbeste jende elkartzea: «150 bat lagun elkartzeko gai izatea garaipentzat jotzen genuen». Milaka pertsona atera dira, ordea, Gironatik 09:00etan. Buruzagi independentisten aurka Gorenak emandako epaiak eragin duen saminaren erakusle.

Casellasek azaldu du duela gutxi hedatu zela halako martxak egiteko ideia herrialdetako batzarretan, eta Gironari Sils arteko bidea egokitu zaiola: «Gure aurreikuspen guztiak gainditu dira, eta boluntarioak bilatu behar izan ditugu jendeari arreta behar bezala eskaintzeko, pozik gaude. Jendea irribarretsu eta gogoz ikusten dugu».

Bi urte preso

ANCko Elisenda Paluziek eta Omniumeko Marcel Maurik hitz egin dute martxak abiatzerako, Gironan. Paluziek gogoratu du bi urte bete direla justu urriaren 16an Jordi Sanchez (ANC) eta Jordi Cuixart (Omnium) espetxeratu zituztenetik auto baten gainera igo eta jendea baretzera deitzeagatik, eta mobilizazio bat bertan behera uzteagatik. «Jada bi urte irauten duen estatu indarkeria honi aurre egiteko, dei egiten dut mobilizazio etengabera, modu ez-bortitzean». Ez ditu saihestu astearteko oldarraldiak, eta honako hau uste du: «Desmobilizatu egin nahi gaituzte. Atera gaitezen kalera. Mobiliza gaitezen modu baketsuan. Bete ditzagun martxak. Bete ditzagun errepideak martxa hauekin».

Maurik, berriz, Espainiako Gobernuko eledunari erantzun dio: «Zer esan nahi du, ezin garela manifestatu? Uste badute etengabe jarrai dezaketela erreprimitzen, honek esan nahi du ez dutela ezagutzen Kataluniako gizartea. Kalean jarraituko dugu oinarrizko eskubideen alde».

Erritmo bizkorra

Martxa bizi abiatu da Gironako kaleetan. Espaloietatik ere jende askok txalo egin die parte hartzaileei. Zahar etxeetatik ere atera dira beren metrotxoak egitera. Motxila bizkarrean, irribarrea ahoan eta askotariko elastiko eta ikur independentistak soinean hasi dute lehen etapa, Silserainokoa. Martxa guztietan egon dira preso eta iheslarien senideak. Gironakoan Dolors Bassa Generalitateko Lan eta Gizarte gaietarako sailburu ohiaren ahizpa (12 urtetara zigortua) eta Carles Puigdemont Generalitateko lehendakari ohiaren (erbestean) arreba ere bai.

Girona erdialdea itxita egon da goizean, martxa igaro bitartean. Hiria igaro eta A-2a hartu dute milaka lagunek Bartzelonarantz —10.000 antolatzaileen arabera—. Bidegurutze horretan hitz egin duQuim Torra Generalitateko presidenteak, alboan Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia zuela. Torrak adierazpen labur bat egin du esanaz bat egiten duela sententziaren ostean egiten ari diren mobilizazio baketsu guztiekin: «Indarkeriak ez du mugimendu independentista ordezkatzen». Honako hau gehitu du: «Zoragarria da herria martxan ikustea. Gobernu hau jendearen alboan egongo da». Ibarretxek ez du hitz egin, baina Torrak eskertu dio bere alboan egon izana.

A-2an sartu da gero martxa. Ordainlekua nola igaro ere adostu du lehen lerroa osatzen zuen babes taldeak, elkarri txantxak egin dizkiote, bidesaria ordaintzeko txartela ateratzeko esanaz. «Independentzia» oihukatuz igaro dituzte ordainlekuko hiru lerroak.

A-2a Bartzelonarako bidean oinezkoentzat bakarrik izan zen atzo goizean. Ez zegoen beste ibilgailurik. Gironara bidean zetozen ibilgailuak ere oso gutxi ziren, eta askok egiten zioten keinu bat martxari bozinak joz, baita kamioiek ere. Martxako partaideek txaloekin eta agurrekin erantzuten zieten. Izan ere, gogor jo du Kataluniako gizartea sententziak. Lehen haustura handia bazen, sententziak areagotu egin du. Bartzelonara iristeko asmoz abiatu da David Fons, Gironatik:«Atera egin behar da, batera egon, hau ez da banderen kontua, askatasunen kontua da. Espainiako Estatuak ez digu kasurik egiten, eta ez bagara kalera ateratzen ez dugu ezer egingo. Bartzelonara joatea batzuei tontakeriabat irudituko zaie, baina guretzat da sentimendu bat, lagunduko dugu ahal duguna, eta preso daudenei babesa agertzea da asmoa».

Nuria Sternek ere aste honetan lana utzi du, sententziaren ostekoprotestetan parte hartzeko. Elkarrizketa, justizia, giza eskubideak, errespetua, demokrazia, dibertsitatea eta adierazpen askatasuna irakur daiteke soinean daraman kartelean. «Modu baketsuan, legeak agintzen duen bidetik egiten saiatu gara. Herritarrek eskatu genuen erreferenduma. Uste dut lehen politikariak direla herriari kasu egiten diotenak. Haiek egin dute guk eskatu dieguna, eta demokraziaren eta hezkuntzaren hutsegite larria da espetxeratzea. Psikologoa naiz, gurasoei erakusten ari gara nola egin komunikazio ez-bortitza, hitz eginez dena konpon daitekeela, eta ez da posible elkarrizketaren bidez saiatu garenean ez irabaztea. Aurrera egin behar dugu, eta irabaziko dugu».

Aurrera egin dute martxek. Erritmo bizian egin dute lehen eguna. Lehen atseden eguna egindute Malgrat del Mar-en, La Garrigan, Manresan, Igualadan eta Vilafranca del Penedesen. Gaur handik abiatuko dira, bihar Bartzelonara iristeko. Askotariko jendea dabil martxan: bakarka, lagun taldeka, familian... haur, nerabe, gazte eta heldu, denak norabide berean oinez, askatasuna aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.