Biktimen Memoriala. Inauguratze ekitaldia

Memoria bakarraren aterpe

ETAren biktimak erdigunean izango dituen Biktimen Oroimenezkoa inauguratu dute Gasteizen. Elkarte memorialistek salatu dute ikuspegi «partziala» duela eta estatuaren biktimak ahaztu dituela

Memoria Osoa sareak deituta, ehunka lagunek protesta egin zuten atzo zentro berritik gertu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Bankuak Gasteizen duen eraikin zaharrean, Agirre lehendakariaren kalearen hasieran, ateak zabaldu ditu Biktimen Memorialak. Biktimen oroimenaren aterpe izan nahi du zentro berriak, nahiz eta biktima guztien memoria ez duen aintzat hartuko; ETAren biktimak erdigunean izango baititu oroimenezkoak, estatuarenak kanpoan utzita. Gabezia horiek islatu ziren atzo Biktimen Oroimenezkoa inauguratzeko ekitaldian, bai agintariek barruan egindako diskurtsoetan, bai kanpoaldean izandako protestetan zabaldutako mezuetan. Memoria kolektiboa eraikitzetik urrun da zentro berria, atzo agerian geratu zenez. Eusko Jaurlaritzaren 13/2016 motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legean jasotzen direnak ere ez dira aipatzen museoan.



1960tik 2021era indarkeria mota ezberdinek eragindako biktimen omenezko museoa da Gasteizkoa. Besteak beste, ETAk, GALek, BVEk, Grapok eta jihadismoak hildako 1.463 biktimei eta 4.977 zaurituei egiten die gorazarre. Hor dute lekua, besteak beste, 1960an DRIL erakundeak Donostian hildako Begoña Urroz haurrak, Luis Carrero Blanco almiranteak, Meliton Manzanas poliziak, eta duela hilabete inguru Burkina Fason hildako David Beriain eta Roberto Fraile kazetariek. «Terrorismoak» eragindako biktimei aitortza egitea da museoaren helburua, baina, beste ezeren gainetik, ETAk eragindako biktimen memoria gordetzeko gunea izango da, Florencio Dominguez Biktimen Memorialeko presidenteak atzo nabarmendu zuenez. Izan ere, ETAren biktimak daude zentro berriaren erdigunean, eta haien omenez egin dute memorialaren zatirik garrantzitsuena. Bertan daude, besteak beste, ETAko kideen fitxa polizialak eta erakunde armatuak eginiko bahiketekin lotutako objektuak; Ortega Lara bahituta egon zen zuloaren erreplika bat, kasurako.

Jarraitu irakurtzen: Hamar urte, norabide bat eta desadostasun ugari

Aitzitik, oroimenezkoak ez ditu kontuan hartu estatuaren indarkeriak eta frankismoak eragindako biktima ugari. Kanpoan utzi ditu, esaterako, 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen hildako bost langileak, elkarte memorialistek atzo salatu zutenez. Hain justu, memorialak biktima asko ahantzi dituela kritikatu zuen, bilkura batean, Euskal Herriko elkarte memorialistak batzen dituen Memoria Osoa sareak.

Biktimen memorialetik metro eskas batzuetara deitutako bilkuran ehunka lagun batu ziren Memoria osoa bizikidetzaren alde leloa hartuta. Haren izenean, Andoni Txaskok eta Nerea Martinezek kritikatu zuten biktimen memorialak ikuspegi «baztertzailea» duela, eta ez duela jasotzen estatuaren biolentziak eragindako sufrimendua. «Biktimak diskriminatu eta mailakatu egiten ditu», ohartarazi zuten.

Azpimarratu zuten begi onez ikusten dutela ETAren eta beste erakunde armatuen biktimak oroitzea, baina argi utziz hori «ikuspegi partziala» dela, eta ez duela laguntzen memoria osoa eraikitzen. «Estatuaren biolentziaren biktima ugarik ez dute aitortzarik jaso, eta, giza eskubideen urraketen mapa osatzeko, denek egon behar dute hor». Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak parte hartzen dute Gasteizko oroimenezkoaren patronatuan, eta haiei zuzendu zien mezua Memoria Osoa sareak: «Koherentziaz joka dezatela eta utz diezaiotela biktimekin baztertzailea den gune batean parte hartzeari».

Elkarretaratzean ere entzun ziren biktima guztien memoriaren aldeko oihuak, Martxoaren 3ko biktimen aldekoak eta euskal errepublika aldarrikatzekoak. Handik metro eskas batzuetara iritsi ziren agintariak memoriala inauguratzeko ekitaldira —tartean, Espainiako errege-erreginak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria—, eta une batzuetan tentsioa sortu zen ertzainen eta protesta egiten ari zirenen artean. Ertzaintzak hesitu egin zuen elkarretaratzea, eta memorialera gerturatzea debekatu zien manifestariei.

Europan «aitzindaria»

Zentro berrira gehiago hurbiltzeko aukera eman zioten, ordea, Espainiako banderak eskuan zituen herritar talde bati. Agintariak Espainiako banku zaharraren eraikinera iritsi orduko hasi ziren Espainiaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuak, eta nahastu egin ziren errepublikaren alde handik metro batzuetara zeuden beste herritar batzuek botatakoekin. Ertzaintzak hesitua zuen ingurua, eta liskarrik ez zen egon.

Inauguratu egin zuten atzo memoriala, baina kazetariei ez zitzaien eman hura ikusteko aukerarik. Komunikabideetako profesionalek agintariak ikusi zituzten eraikinaren atarian elkar agurtzen, dantzari batzuk aurreskua dantzatzen, eta Espainiako errege-erreginak biktimen omenezko xafla bati estalkia kentzen. Baina agintari denak memorialari bisita egitera sartu zirenean, kazetariek Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren bulego batean paratutako pantailatik entzun behar izan zituzten haien hitzaldiak.

Felipe VI.a Espainiako erregeak eman zuen hitzaldi nagusia. Azaldu zuen Gasteizko oroimenezkoa «aitzindaria» dela Europan, eta nazioartean «erreferentziazkoa» bilakatuko dela, «terrorismoaren biktimak ikusarazten» dituelako, haien memoria eta duintasuna erdigunean jarrita. Haren hitzetan, zentro berriaren erronkak izango dira biktimen «memoria kolektiboa» eraikitzea eta «askatasunaren alde» egitea. «Biolentziaren historiaren benetako ezagutza helaraztea da zentro honen erronka», erantsi zuen zuen Memorialeko presidenteak.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, sare sozialetan zabaldutako mezu batean adierazi zuen Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroa urrats bat dela «bizikidetza justu, baketsu eta inklusibo» bat lortzeko, bai eta giza eskubideen alde aurrera egiteko ere.

Sortu, ordea, oso kritiko mintzatu zen zentroaren ikuspegiaz. Ohar batean adierazi zuen zentroak ez dituela «Euskal Herrian gertatutako indarkeria mota ezberdinen ondorioak bere osotasunean jasotzen, era partzialean baizik», eta «bete-betean Euskal Herrian eraiki nahi den elkarbizitza demokratikorako esparruaren aurkako tresna» bilakatuko dela. Ahal Dugu-k, berriz, eskatu zuen «giza eskubideen urraketen ondorioz jasandako sufrimenduari buruzko memoria kolektibo eta partekatua» osatzeko, eta arbuiatu egin zuen polizia abusuak jasandako biktimek lekurik ez izatea zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.