Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Larrialdi egoeraz harago

Joseba Barandiaran Andueza.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun

Europak funts jasa bat prestatu du COVID-19aren suteari aurre egiteko. Beharrezko salbuespena larrialdi egoerarako; suhiltzaile paperean, osasungintza, digitalizazioa nahiz energia berriztagarriak erdigunera ekarri ditu. Baina kasu! Batzordeak ez ditu bere ohiko erreforma eskakizunak atzeratu besterik egin; are gutxiago Espainiaren kasuan, 2016tik Europako Batzordearen gomendioak betetzetik nahiko urrun baitabil.

 

Larrialdirako: egin aurre pandemiari, hobetu osasungintza, defendatu lanpostuak eta inbertsio publiko nahiz pribatuak, digitalizazioa eta erakunde arteko koordinazioa. Horiek, 2020-2021 tarterako etxeko lanak. Eta behin-behinean eskakizun fiskalak, airean.

Osterako: motxila bete erreforma eta eskakizun mantentzen ditu. Horietan bi dira ohiko izar gonbidatuak: lan merkatua malgutzea (bai, zenbait langilerentzat jada erabateko malgutasuna duen arren) eta pentsioen erreforma (belaunaldi arteko oreka argudiatuz). Entzun gutxi zabaldu den kalkulu hau: egungo pentsiodunek, batez beste eta Espainian, kotizatutakoa baino %30 gehiago jasotzen dute. Ejem.

Horrez gain, hezkuntza eta laneratze politika aktiboak hobetzea, trenbidez salgaien garraioa handitzea, ikerketa eta garapena sustatzea nahiz nazioarteko argindar konexioak hobetzea ere aipatuak zituen Europako Batzordeak, pandemia aurretik ere.

Diru-sarreren alorrean ere badela zereginik plazaratu du AIReF Espainiako azterketa fiskalen agintaritza independenteak. Gutxi-asko, erakunde horrek dio BGAE eta pentsio funtsen kenkaria bankuei emandako subentzio inplizitu moduko bat dela, ez duela epe luzeko aurrezkia sustatzeko helburua egoki betetzen eta, aldiz, bankuentzat baino ez dela (oso) errentagarria. Bikoteen errenta aitorpen bateratua ahalbidetzea ere kritikatzen du, bietako baten laneratzea oztopatzen duelakoan. Eta etxebizitzen erosketa eta alokairuaren gaineko kenkariak ere kritikatzen ditu. PFEZeko kenkariak guztiak ere, zerga bilketa urritzen dutenak, premia garaiotan.

Beste kontu bat: lehia fiskala. AEBetako enpresek Europan lortzen dituzten mozkinak ia hiru herrialdetan soilik pilatzen dira: Herbehereak, Luxenburgo eta Irlanda. Ejem horri ere.

Opor usainean eta Pentsaldian gauden honetan, lan eta pentsio erreformez hausnartzeko beta hartzea ondo legoke. Zenbaitek totem gisa defendatzen dituzte, beste zenbaitek ukatutako indarrez. Erreformatu. Zer egiteko? Zein helburuz? Langile gazteek (gurean proportzio geroz eta eskasagoa direnek) bien zama jasaten dute euren gain. Merezi lukete ausardia pittin bat. Tamalez, Espainiako sindikalismoak ere, zer esanik ez patronalak, badituzte beren ajeak.

Opor osteko lanak: epe laburrean, Europak eskainitako funtsak aztertu, erakarri eta inbertitu. Euskal lehendakari eta lurralde administratibo guztien zeregin premiazkoena, duda barik. Baina, epe ertainean, gainerako gaiak ere mahai bueltan ditugu. Opor eta larrialdi egoeraz harago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.