Hegazti gripearen aurkako txertoak prest egon behar luke udazkenerako

Europako Batasunak txertoa baimendu izanak ireki dio Frantziari txertaketa eratzeko atea

Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Joan den urteko maiatzean Frantziako Nekazaritza Ministerioak adierazi zuenez, Frantziako Gobernuak eta Europako Batasunak oniritzia eman zuten hegazti gripearen aurkako txertoa ikertu zedin. Abenduan txertaketa estrategia zehazteko gidaritza batzordea osatu du Frantziako Nekazaritza Ministerioak. Batzordeko parte hartzaileak dira Anses babes sanitariorako nazio agentzia, Albaitari botiken nazio agentzia eta ENVT Tolosako albaitari eskola nazionala. Hegaztizaintza sektoreko interprofesioak ere parte hartzen du. Eta DGAL Elikaduraren Zuzendaritza Orokorrak du gidaritza. Txertaketa estrategia sortzeko ekinbidea osatu dute. Eta espero dute aurtengo urrian hegaztizainek txertoa eskuragarri ukaitea.

Izan ere, maiatzean iazko esperimentuen emaitzak argitaratu ditu Frantziak. Ahateen gainean egin ditu esperientziak. Nekazaritza Ministerioaren arabera, «emaitza on hauek nahikoa berme ekartzen dute txertaketa kanpaina 2023ko udazkenean hasteko». Beste lau herritan ere egin dituzte esperimentuak: Herbehereetan oilaskoentzako txertoa frogatu dute; Txekian eta Hungarian, antzarentzakoa; Italian, berriz, indioiloentzakoa.

Patrick Dagorret ELBko hegaztizainaren ustez, gaur Frantziak berriz ere txertoari garrantzia ematea esportatu ahal izatetik dator. Hain zuzen, otsailera arte Europako Batasunean hegazti gripearen aurkako txertaketa debekatua zen. «Txertatutakoek hegazti griperik gabeko estatusa galtzen zuten». Ahatea ez da asko esportatzen; oilaskoa, aldiz, bai. Hazlearen arabera, «gerla» dago ahate industria eta oilo industriaren artean. Oiloenak ez zuen txertorik nahi, esportatu ahal izateko. Otsailean argitaratu du Europako Batasunak (UE) 2023/361 erregelamendu delegatua. Bertan hegazti gripearen txertoa baimendu eta erabilerarako baldintzak zehazten ditu: AOME Animalien Osasunerako Mundu Erakundearekin bat egiten duten arauak jarri eta behaketa lan zorrotzera behartzen ditu hazleak.

Txertoa biosegurtasun neurriei gehitzea da helburua. Behaketa berezia jarriko da plantan ere bai. Birusaren abiagune bat pizten bada, ordea, txertatutako hegaztiak ere hiltzen ahalko lituzkete. Prebentziozko txertaketa lehenetsiko du Frantziako estrategiak, eta derrigorrezkoa izango da. Nekazaritza Ministerioaren arabera, txertoa «denbora mugatu baterako neurria da gaixotasuna ezdeusteko programaren barruan».

Hazle txikien kezka

Hegazti zaintzako interprofesionalak txertoa udararako prest egotea eskatzen du, hala nola ahate hazkuntzako sailekoek, neguko bestetarako produktuak prestatu ahal izateko. Hazle txikiak dudakorrago daude. Txertoa iristea ez dute begi txarrez ikusten, baina txertoaren prezioak eta plantan jartzeko baldintzek kezkatzen dituzte. Oraindik gauza gutxi jakin badaitezke ere, «hegaztiak 6 euroko prezioa ukango lukeela» entzuten ari dela azaldu du Patrick Dagorretek. «Hazle txikiontzat sobera kario da». Ez da jakina hazleek edo Frantziako Gobernuak hartuko duen kostu hori bere gain. Horrez gain, ahate guztiak nola txertatuko diren, eta are gehiago, proba birologiko bidezko eguneroko «behaketa zorrotza» nola egingo den ere ez da jakina oraindik. Hala ere, Dagorreten kezka nagusia ekoizpen eredu industriala da, eta eredu hori «mantentzeko» erabiliko litzatekeen azaleko konponbidea da txertaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.