Koronabirusa

Haur eskolak talde iraunkorrekin abiatuko dira Nafarroan

Lau egoera posible irudikatu ditu Hezkuntza Sailak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste. Jantoki zerbitzua bermatuko dutela esan du gobernuak

Haurrak eta hezitzaile bat Baztango haur eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
COVID-19aren udako agerraldiek zalantza asko piztu dituzte hastear den ikasturterako. Haur hezkuntzako lehen zikloa izan ohi da lehena; abuztuan irekitzen baitituzte ateak haur eskola ugarik. Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zuen Nafarroako Hezkuntza Sailak haur hezkuntzako lehen zikloko zentroen protokoloa, eta haur eskola zein familia guztiei helarazi die agiria. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak prentsaurrekoan nabarmendu zuen egoera berezi honetan ere «haurren eta hezitzaileen arteko lotura afektiboak mantentzea» izango dutela lehentasuna, eta neurri bereziak hartuko dituztela une oro horri eutsi ahal izateko.

Hezkuntza Saileko batzorde teknikoak, Osasun Sailak eta hezkuntza arloko beste hainbat profesionalek osatu dute protokoloa, eta, bertan, lau egoera posible jaso dituzte. Ikasturtea lehen jokalekuarekin hasiko da; hau da, «normalitate berrian». Elkarbizitzarako talde iraunkorrak ezarriko ditu zentro bakoitzak, eta eremu jakin batzuk zehaztuko dira talde bakoitzarentzat. Talde horren parte izango dira haurrak, hezitzaileak eta hezitzaile laguntzaileak, besteak beste. «Ezinbestekoak» izango dira taldeok Gimenoren esanetan, zentroan dauden pertsonen arteko kontaktua mugatzea izango baitute helburu: haurrak talde bereko pertsonekin soilik egongo dira. Bestalde, sarrera-irteerak eta zentro barruko mugimenduak modu antolatuan egingo dira. Osasun kontseilariak gehitu du egokitzapen egunak mantendu egingo direla, betiere segurtasun neurri guztiak errespetatuz, eta, ahal dela, beti pertsona bera izatea gomendatuko da.

Elkarbizitzarako talde iraunkor bakoitzeko haur kopurua adinaren araberakoa izango da. Urtebeterainoko taldeetan zortzi haur egon ahalko dira gehienez ere; urtebetetik 2 urtera bitartekoetan, hamabi haur; eta 2 urtetik 3 urtera bitarteko taldeetan, hamasei. Talde horietan adin desberdinetako haurrak batera badaude, kopuruak honako hauek izango dira: urtebetera bitartekoetan, zortzi haur; urte bat eta 2 urte bitartean dituzten haurren taldeetan, hamalau; eta adin guztietako haurrak dauden taldeetan, hamar.

Nafarroako Osasun Sailaren esku egongo da jokaleku batetik bestera igarotzea, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren araberakoa izango da. Agerraldirik balego, bigarren fasera igaroko lirateke haur eskolak. Orduan, haurren laguntzaileak ezingo dira gela barrura sartu, egokitzapen aldian ez bada; eremu komunak mugatu egingo dira; eta haurrek ezingo dute jostailurik edo objekturik eraman etxetik. Egoera okertuko balitz, hirugarren egoera bat ere irudikatu du Hezkuntza Sailak. Jokaleku horretan, unitate berriak ezarriko dira, eta ratioak eta espazioak egokituko dira. Kasu horretan ere, laguntzaileak ezingo dira barrura sartu. Laugarren egoera eta muturrekoena ezarriko balitz, haur eskolak itxi egingo lirateke.

Gimenok azaldu du ezinbestekoa izango dela ikasturtean zehar aztertzaileen lana. Osasun Sailak sarbidea izango du hezkuntza sistemako datu guztietara, kontaktuen jarraipen xehea egin ahal izateko. Kasuren bat atzemanez gero, aztarnariek protokoloa aktibatuko dute zentroan, eta lantaldearen esku egongo da zehaztea neurriak talde orokorrari aplikatuko zaizkion edo zentro guztiari.

Jantokiak martxan

Hezkuntza Sailak beste zalantza bat ere argitu du prentsaurrekoan: jantoki zerbitzua martxan egongo da haur eskoletan, parlamentuaren eta hainbat familiaren eskariei men eginez. Lehen jokalekuan, haurrek jantokian jateko aukera izango dute, txandak errespetatuz. Bigarren egoeran ere zentroan bertan jateko aukera bermatuko da, baina ez dago argi espazio berean izango den edo beste eremu bat ezarriko den horretarako; esaterako, ikasgelan bertan. Hirugarren egoeran ere ikasgelan jatea aurreikusten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.