Irak, herrialde baten gainbehera. Atzera begira

«Ohartarazi genuen honetaz guztiaz»

Baathen gobernuko errepresiotik ihesi, Siriara eta gero Erresuma Batura jo zuen Haifa Zangana idazle irakiarrak, artean ekintzaile komunista gaztea zela. Ordutik, atzerritik behatu ditu Irakeko okupazioa eta hark ekarritako krisia.

Haifa Zangana, aste honetan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Erbestetik jarraitu ditu Irakeko gorabehera politikoak Haifa Zangana idazle eta ekintzaileak (Bagdad, 1950). 25 urte bete gabe zituela ihes egin zuen, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren gobernuak jazartzen ziolako; ordutik, Londresen bizi da. Urrunetik eta ekintzaile komunista baten begietatik ikusi ditu Baathen gainbehera, AEBen okupazioa eta harrezkero indarrean izan den gobernu herrena. Orain lehertu den krisiak ez du ustekabean harrapatu: «Aspaldi ohartarazi genuen hau guztia gerta zitekeela». Aste honetan, Euskal Herrian izan da, KCD Kultura Komunikazioa eta Garapena erakundeak munduko gatazkei buruz antolatutako topaketetan.

Familia erdi arabiar eta erdi kurdu batekoa izanik, Zangana gaztetarik hasi zen gobernuaren aurkako mugimenduetan militatzen, Farmazia ikasketak amaitzen ari zela: «Alderdi Komunistako adar bateko kidea nintzen, baina ez ildo nagusikoa; hura Sobietar Batasunaren aldekoa zen, eta gu Hirugarren Munduko Sozialismoarekin lerratu ginen. Baathen menpeko erregimena bota eta Irak demokratikoa eskatzen genuen, kurduei autodeterminazio eskubidea bermatuko ziena». Palestinako askapen mugimenduekin ere harreman estua izan zuten, 1960ko hamarkadaren amaierako Ekialde Hurbil hartan: «Garai hartan, eskualde osoan ekonomia loratzen ari zen, eta jendea ez zen asko kexatzen gobernuaren aurka. Gerora, Irak gerretan sartzen hasi zenean, gehiagok bat egin zuten gure borrokarekin». Alderdia legez kanpokoa zen, eta errepresio gogorra sufritu zuen. Zangana eta bere kide gehienak kartzelan sartu zituzten: «Ni izan nintzen bizirik irten zirenetako bat, nire senide bat goi kargudun baten bizkartzaina zelako».

Espetxetik irtendakoan, Iraken bizitzen saiatu zen, baina ezinezkoa zitzaion: «Hilero deitzen ninduten kuartelera, galdekatzera. Azkenean, nire familiarentzako ere arriskutsua izaten hasi zen, eta Siriara ihes egin nuen». Han, PAE Palestina Askatzeko Erakundearentzat aritu zen lanean, palestinar errefuxiatuentzako sendagaiak ekoizten zituen lantegi batean. «Tamalez, Libanon gerra zibila piztu zen, eta ospa egin behar izan nuen berriro». Horrela ailegatu zen Londresera.

Europan zegoela inbaditu zuten AEBek Irak. Zanganak inpotentziaz aditu zituen esku hartzea «aukera bakarra» zela zioten iritziak: «Guk ohartarazi genuen horrek Irak suntsituko zuela. Amorrua ematen zigun gerra babesten zutenen ergelkeriak: erregimenaren aurka ari zirela uste zuten, baina, egiatan, Irakeko herritarren kalterako ari ziren. Lehenbizi, herrialde bati inoiz jarritako zigor handienak heldu ziren, eta irakiarrak ahul, traumatizatuta eta gosetuta zeudenean, tropak igorri zituzten guztia amaitzeko».

«Frankenstein gobernua»

Okupazioarekin batera, Baathen garaian erbesteratuta egondako hainbat talde eta alderdi itzuli ziren Irakera, «islamistak eta ez islamistak»: «Okupaziotik probetxu atera duen gizarte klase berri bat sortu zen, politikoki zein finantzialki». Eta horiexek dira gaur egun agintean daudenak, Zanganaren arabera. Nuri al-Maliki lehen ministroaren gobernua «AEBek sortutako Frankenstein munstroa» dela dio: «Al-Malikiren aliantza okupazioko erregimenak izendatu zuen, gezurrezko hauteskunde prozesu baten ostean». Izan ere, AEBek ez zituzten tropa guztiak atera Iraketik 2011n; horren ordez, misio «aholkulari» bat uzteko akordioa egin zuten Irakeko Gobernuarekin—gaur egun Afganistangoari sinarazi nahi diotenaren antzera—. «Bagdadeko gobernuak AEBetako armadaren zazpi batzorde ditu orain alboan», azaldu du Zanganak: «Haiek kontrolatzen dituzte eguneroko bizitzako arlo guztiak, ekonomiatik hasi eta kulturaraino».

Alde batetik, okupaziotik askatu ezinik dago Irak; bestetik, eskualdeko gatazka sektarioek daukate preso. «Okupazioaren osteko prozesu politikoan inplikatutako politikari gehienak ez ziren Iraken hazi ere egin; beraz, haien aliantzak atzerrian daude gehienetan. Ez dute arazo nazionalak konpontzeko lan egiten, eta ustelkeria errotuta dago administrazioaren maila guztietan». Irakek inoiz baino diru gehiago lortzen du gaur egun petroliotik, baina herritarren herenak pobrezian bizi dira: «Gobernuak erabat ukatzen ditu herritar gehienen oinarrizko beharrak, ustela eta sektarioa delako: Irakeko gizartean elkarren aurka dauden bi sektoreetako bat baino ez du ordezkatzen».

Zanganarentzat, Iranen etaAEBen arteko gudu zelaia da Irak. «Irango milizia xiitek areagotu egiten dute gatazka sektarioa. Bi alderdiak etsaituta daudenero, Iraken sumatzen dituzte bonbardaketak, erasoak eta bahiketak. Irak banatuta mantentzeko estrategiak hor du oinarria».

Kurduak irabazle

Lehen oposizioak klandestinitatean jarduten bazuen, okupazioarekin erabat desegin zen. «Alderdi Komunistak estatubatuarrekin kolaboratu zuen: zorigaitza izan zen inperialismoaren aurkako borrokarentzat». Ordutik, ia ez dago ezkerreko oposiziorik: «Azken urteotan, gazte batzuk hasi dira mugitzen; badaude GKE batzuk, baita emakumeen elkarteak eta gizarte zibileko mugimenduak ere. Baina alderdi politiko historikoek huts egin zuten, ez zuten jakin erresistentzian sartzen. Eta erresistentziatik jaiotako beste zenbait dinamika ezin daitezke ezkertiartzat hartu». Kurdistanen, euren kabuz moldatu ziren egoera berrira: «Irakeko erresistentziak ez zuen han jardun, bi alderdi kurduek kontrolatzen zutelako lurraldea». Denborarekin, ordea, haiek izan dira aldaketari probetxu gehien atera diotenak: «Orain erabat banatuko direla iduri du». Oro har, Irak «erabat banatzeko arriskuan» dagoela uste du Zanganak.

Atzera begira, ez du hobekuntza handirik ikusten. «Garai hartan, ekonomia sendo zegoen, ez soilik Iraken, baizik eta herrialde arabiar guztietan: azpiegiturak eraikitzen ziren, hezkuntza hobetzen ari zen, eta abar. Arazoa zapalketa politikoa zen, eta harengatik hasi nintzen ni militatzen. Gaur egungo Iraken, jendeak beste arazo batzuk ditu: etxean eraso egiten dizute, ezin duzu lanposturik topatu... Lehen, maila politikoa hobetu nahi genuen, Irak askatzeko: iritzi askatasunaz eta demokraziaz hitz egiten genuen. Orain, egunean egunekoa bizitzen ari dira herritarrak: aski lan badute biharamunean leku berean esnatuko direla eta euren gertukoak ongi daudela ziurtatzen».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.