Jardunaldi feministak. Cecilia Themme. Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea

«Kolonizazioa ez da amaitu oraindik»

Themmek espazio ez-mistoak aldarrikatu ditu arrazakeriak gurutzatutako andreentzat, baina, aldi berean, funtsezkotzat jo du feministen eta migratzaileen mugimenduekin artikulatzea.

Maite Asensio Lozano.
Durango
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
2016an sortu zen Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea. Lehen jardunaldi nazionalak dituzte Durangokoak, baina dozena erdi jarduera prestatu dituzte hiru egunotarako dekolonialitatearen bueltan; besteak beste, hizlari aritu ziren atzo arratsaldean gai horren inguruan egindako mahai inguru nagusian. Cecilia Themmek (Lima, 1967) nabarmendu du garrantzitsua dela mugimendu feministan kolonialismoa pairatzen duten emakumeen ahotsa entzutea.

Jardunaldietako bost ardatz nagusietako bat dekolonialitateari buruzkoa izaten ari da. Esanguratsua da halako topaketa batzuetan gai horri lehentasuna ematea?

Oro har, iparraldeko feminismoa ez da ari analisi dekoloniala egiten, eta, gure ustez, oso inportantea da horri erreparatzea. Azken batean, botere sistema batez ari gara, Amerikaren eta beste lurraldeen konkistarekin eta kolonizazioarekin hasi zena, baina ez zena amaitu errepublika kriolloen bidez; indarrean dirau, iparraldean zein hegoaldean, botere matrizea hor dagoelako oraindik. Pertsona migratu eta arrazializatuok egiturazko arrazakeria jasaten dugu egunero; seguru bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara oraindik, eta gure eskubideak erabiltzeko eskubidea. Horregatik da garrantzitsua dekolonialitatea, kolonizazio prozesua ez delako oraindik amaitu.

Non ageri da kolonialismoa egun?

Munduaren hegoaldean, baliabide naturalen ustiatze basatian, bertako herritarrak hiltzen edo egozten dituena; eta halere, erresistentzia handia dago, jende askok jarraitzen du bere gorputza jartzen. Eta horrek jarraipen bat dauka hemen, munduaren iparraldean, lege arrazisten eta indarkeria instituzionalaren mende gaudelako pertsona asko; berdin dio hemen 40 urtez bizi bagara edo naziotasuna badugu, horrek ez gaitu libratzen arrazakeriaren eta diskriminazioaren biktima izatetik. Angela Davisek esaten du arrazakeria dela kapitalismoaren nukleoa: sexuaren araberako lan banaketa ez da soilik egiten emakumeen eta gizonen artean, arrazaren araberako hierarkia bat ere badago. Ez da kasualitatea mendebaldeko munduan bizi diren emakume migratuen %90ek zaintzaren arloan lan egitea.

Zer da dekolonialitatea zuentzat?

Kolonialismoak botere harremanak arautzen ditu oraindik, kapitalismoak eta patriarkatuak elikatuta. Subjektu bakarra aitortzen du: zuria, etnozentrikoa, heterosexuala, kristaua... Horri aurre egiteko, dekolonialitatea gure erresistentzia da. Pertsona migratuek eta arrazializatuek lideratutako mugimendua indartzen ari da, eta geldiezina da. Egituratzen ari gara, bai mugimendu feministarekin, bai migratzaileen mugimenduarekin.

Dekolonialitate hori prozesu indibidual eta kolektiboa da aldi berean, ezta?

Hala da, bi erritmoko prozesu bat da, guztiz politikoa. Betaurreko moreak jartzeaz hitz egiten dugun bezala, dekolonitatearen betaurrekoak ere jartzeaz hitz egin beharko dugu, jarrera maternalistak ez edukitzeko, adibidez. Badago lanketa pertsonal eta indibidual bat, baina jardunaldietan egoteak ematen dio zentzu kolektibo bat, eta, aldi berean, egituratzeko bide bat irekitzen du.

Zubiak eraikitzeaz jardun zarete jardunaldietan. Nola?

Garrantzitsua iruditzen zaigu pribilegioak auzitan jartzea: feministen kasuan, kolonizazioaren ondorioz, emakume zuriek pribilegio batzuk dituzue, nahiz eta zuek nahi ez izan; pribilegiorik gabe ez dago zapalkuntzarik, baina hori aitortzeko erresistentzia asko daude. Era berean, funtsezkoa iruditzen zait ahotsa: isilduz eta entzunez ere erreparazioa landu daiteke. Izan ere, mugimendu sozialetan gero eta gehiago egiten da agenda propioa landu, eta gero eta gutxiago elkarri entzun. Espazio jakin batzuetan elkarrekin egon gaitezke, baina guk subjektu gisa egon nahi dugu hor: gure ezagutzak produzitzeko moduak eta gure borrokak aitor diezazkiguten nahi dugu. Guk orain arte mugimendu feminista lagundu dugun bezala, uste dugu orain mugimendu feministak gure aldarrikapenekin bat egin behar duela.

Agenda, feministan, halere, badaude dekolonialitatearekin lotutako hainbat gai. Lehen zaintza aipatu duzu, eta justu gai hori badago mugimenduaren erdigunean.

Noski, baita eskubide sexual eta erreproduktiboen auzia, edo indarkeria matxistarena. Gai askotan landu ditzakegu konplizitateak. Jardunaldi hauetan dekolonialitateari buruzko mahai bat jartzeak agertoki hori zabaldu du. Urrats esanguratsua da gure historiaren berrinterpretazio bat egiteko, aitortza bat da.

Espazio ez-mistoak ere beharrezkotzat jo dituzue. Zergatik?

Ez ditugu beste eremuekiko harremanak hautsi nahi, baina uste dugu espazio ez-mistoak behar ditugula orain: leku seguruak gure deserosotasunez hitz egiteko. Sistema arrazista, kapitalista eta patriarkaleko zapalkuntzek ez gaituzte berdin zeharkatzen. Iparraldean ere subalternitateak hierarkizatuta daude, eta pertsona migratu edo arrazializatuok desberdintasun eta diskriminazio molde ugari jasaten ditugu, baina gorputz zuriek ez dituzte bizitzen sistema juridiko eta instituzionalen ondorioak, eta bai, adibidez, emakume beltz batek, nahiz eta naziotasuna eduki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.