Espetxe eredua. Genero ikuspegia. Maria Ruiz Torrado. Antropologoa, EHUko irakaslea, eta AFIT ikerketa talde feministako kidea

«Generoa sortzen duen instituzio bat da kartzela»

Zigor sozial eta pertsonala ez ezik, bizi baldintza makurragoak ere pairatzen dituzte emakumeek Euskal Herriko espetxeetan. Neurriak hartzeko galdegin dio Ruiz Torradok Jaurlaritzari.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Maria Ruiz Torrado EHUko eta AFIT ikerketa taldeko antropologo eta ikerlariak (Irun, Gipuzkoa, 1984) Hego Euskal Herriko espetxeetako emakumeen egoera ikertu zuen 2017an argitaratu zuen tesirako. Ez zuen zailtasun guti izan, ordea: elkarrizketatu zituen 23 emakume presoekin espetxetik kanpo elkartu behar izan zuen, eta behaketak ere ikastaro baten eta elkarte baten bidez egin zituen Martutenen eta Zaballan. «Kartzelara sartzeko baimena eskatu nion Espetxe Erakundeen Zuzendaritza Nagusiari, baina erantzun zidaten ezetz». Martutenen, Zaballan eta Iruñean preso egondako emakumeek pairatutako diskriminazioak eta garatutako erresistentziak azaleratu zituen tesian; Basaurikoan ez, ez baitago andreentzako modulurik: «Hori ere bada arazo bat, ze Hego Euskal Herrian preso dauden emakume gehienak Bizkaikoak dira, baina, han ez dagoenez modulurik, horrek dakar dispertsio handiagoa, eta pertsona batzuentzat arazo handi bat: badaude senide dirurik gabeak bidaia horiek ordaintzeko».

Zein egoera ikusi zenuen Hego Euskal Herriko kartzeletan?

Hego Euskal Herrian ikusten da beste testuinguru batzuetan ikusten den gauza bera: espetxe sistemak indartu egiten ditu gure gizartean nagusi diren botere harremanak, eta erreproduzitu egiten ditu dauden desberdinkeria sozialak. Pertsona batzuek beste batzuek baino gertuago dute kartzela, espetxe sistema generoak zeharkatzen duelako, baina baita klase sozialak, arrazak eta etniak ere. Kartzelan nagusiki daude gizarteko sektore zaurgarrienak, pobreenak, eta, adibidez, emakumeak pobreagoak gara orokorrean gizonak baino. Baina, gero, oso nabarmen ikusten da ijitoen eta migratzaileen gainordezkapena ere. Mekanismo pila bat dago, polizia mailan, arlo penalean eta espetxekoan, eragiten dutenak pertsonarik zaurgarrienek errazago amaitzea kartzelan, eta desberdinkeria horiek guztiak erreproduzitzen jarraitzea.

Badute berezitasunik Hego Euskal Herriko kartzelek?

Badago espetxe sistema eta arautegi orokor bat, baina espetxe bakoitza ezberdina da, bakoitzak duelako autonomia maila bat eta bere ezaugarriak, espetxe zuzendaritzaren, tratamendu batzordearen, baldintza materialen edo egitura arkitektonikoaren arabera. Kartzela batzuetan harreman sozial gehiago dago, beste batzuetan gutxiago; batzuk malguagoak dira arauekin, beste batzuk zorrotzagoak; edo kartzela batzuetan gehiago saihesten dute gizonak eta emakumeak elkartzea, beste batzuetan ez... Ezaugarri askok eragiten dute eguneroko dinamika desberdina izatea. Generoari dagokionez, eta orokorrean.

Nolakoak dira Martutene, Zaballa eta Iruñeko kartzelak generoari dagokionez?

Martutenekoa oso txikia eta zaharra da, eta gizonen eta emakumeen artean badago harremana. Iruñean duela urte gutxi sortutako kartzela berria dago, makrokartzelaren eredua daukana, baina txikia dena eredu horretan. Halere, Iruñean askoz ere zorrotzagoak dira gizonak eta emakumeak elkartzeari dagokionez. Eta horrek sortzen ditu hainbat arazo, ze kartzelak ez baditu gizonak eta emakumeak elkartu nahi egoera edo espazio batzuetan, ia beti emakumeak dira kanpoan gelditzen direnak, gutxiago diren aitzakian. Zaballakoa da daukagun kartzelarik handiena: bi modulu daude emakumeentzat, eta, handia denez, arruntagoa da bakoitza bere moduluaren barruan egotea eta ez egotea hainbeste kontaktu. Baina, era berean, Zaballakoak fama du irteteko baimenak-eta emateko malguagoa dela.

Kartzela genero erakunde gisa aztertu duzu. Zer erran nahi du?

Esan nahi dudana da kartzela dela generoa sortzen duen instituzio bat. Gure gizartean eta genero sisteman generoa erreproduzitzen da instituzio anitzen bidez, eta kartzela da horietako bat. Beti ez dugu hain presente eduki, baina aztertzen badugu ikuspegi feministatik nola funtzionatzen duen, nabarmena da: genero harreman jakin batzuk sustatzen ditu, emakumeen eta gizonen artean desorekak sortzen dituztenak. Genero rol tradizionalak sustatzen dira, eta sistema sexista, androzentrikoa eta diskriminatzailea daemakumeentzat: kartzelaldiak areagotu egiten du emakumeen zaurgarritasuna eta haien zapalkuntza.

Zertan ikusten da hori?

Ditugun genero eredu hegemonikoengatik, eta jaso dugun genero sozializazioaren ondorioz, gizonak eta emakumeak ez dira modu berean bizi kartzelan, eta gizarteak ere ez du berdin ikusten gizonak eta emakumeak kartzelan egotea. Emakumeek gizarte gaitzespen handiagoa pairatzen dute kartzelan egoteagatik.

Zergatik?

Gizartearentzat ulergarriagoa da gizon batek kartzelan bukatzea emakume batek baino: alegia, gizon batek egitea arriskutsua den eta debekatua dagoen zerbait, edo biolentoa dena. Emakumeen kasuan, dagoen eredu hegemonikoak esaten du txintxoak izan behar garela, esanekoak, oso otzanak, ez dugula egin behar debekatuta dagoen edo arriskutsua den zerbait. Orduan, badirudi preso bukatzen duen emakumeak gehiago hautsi duela arauarekin, eta horrek sortzen du erantzun sozial gogorragoa, eta, azkenean, estigma pisutsuagoa.

Gero, genero sozializazioa dago: zein eredu barneratu ditugun. Eta hor ere ikusten da emakumeak sozializatuak gaudela askoz ere gehiago pentsatzeko besteengan eta gure familiaren zaintzan, gizonak baino. Orduan, noski, emakume batek bat-batean ikusten duenean bere burua kartzelan, sufrimendu handia dauka horregatik: 'Zer gertatuko da nire familiarekin, kale egin diet, zama bat bihurtu naiz haientzat...'. Erruduntasun sentimendu handia garatzen da. Eta asko sufritzen da sentitzeagatik ama, alaba edo amona 'txarra'.

Gero, halaber, kartzelako egunerokotasuna dago: emakumeek aurkitzen dituzten genero diskriminazioak eta bereizkeriak.

Nolako diskriminazioak dira?

Hau asko aztertu den gai bat da, testuinguru ezberdinetan, eta Espainiako Espetxe Erakundeek ere 2008-2009ko urteetan argitaratu zuten txosten bat, eta onartu genero diskriminazioak zeudela, baina gero horrekin ez zuten ezer egin. Diskriminazio asko dira. Adibidez, oso nabarmena da emakumeek jasaten dutela dispertsio geografiko handiagoa: emakumeentzako kartzela gutxiago daude, Hego Euskal Herrian eta baita Espainiako Estatuan ere. Horrek dakar batez beste emakumeak urrutiago daudela haien bizitokietatik, horrek esan nahi duenarekin: kontaktu soziala mantentzeko zailtasun gehiago dituzte.

Oso nabarmen, halaber, kartzeletan emakumeak egoten dira espazio txikienetan, okerren hornitutakoetan, lehentasuna ematen zaielako beti gizonei: gehiago diren aitzakian, espaziorik handienak eta baliabide gehien dituztenak ematen zaizkie.

Adibidez, zer-nolako jarduerak egiten dituzte gizonek eta emakumeek kartzelan: rol tradizionalak sustatzen dituzten jarduerak dira, eta gizonei askotan eskaintzen zaizkie jarduera profesionalagoak, lan aukera gehiago eskainiko dizkietenak; emakumeek, aldiz, egiten dituzte ile-apaintzailetza, estetika, gurutze puntua... Batzuk denbora-pasa gisa izan daitezke interesgarriak, baina kalean lanpostu bat lortzeko ez dute gehiegi balio, edo gehienez ere lanpostu prekario bat lortzeko balio dute. Soldatapeko lanak egiten dituzten kasuetan ere, emakumeek soldata txikiagoak dituzte kartzelan, kanpoan gertatzen den bezalaxe, emakumeei eskaintzen dizkietelako okerren ordaindutako lanak.

Gurasotasunaren gaian ere argi ikusten da nola espetxe sistemak erreproduzitzen dituen rol tradizionalak. Kartzelarentzat, soilik amatasuna existitzen da: aitatasuna ez da existitzen. Emakumeak egon daitezke seme-alabekin hiru urte bete arte, eta horretarako badira modulu bereziak, baina seme-alaben zaintza da emakumeekin lotutako gauza bat: gizonentzat ez dago horrelako ezer. Dagoen gauza bakarra da familia modulu bat Aranjuezko kartzelan, bi gurasoak, aita eta ama, preso dauden egoeretarako.

Aipatu duzu genero rolak indartzen dituela kartzelak, baina rol horiek bete egiten dira kopuruan: gizon baino andre gutxiago dago kartzelan. Zergatik?

Lotuta dago lehengoarekin: kartzelak zer dakarkien emakumeei, nolako gizarte gaitzespena duten, nola bizi duten familiarengandik urrun egotea... Balizko genero zigor horrek aldentzen ditu gehiago: nahiago izaten dute bestelako estrategia batzuk erabili delitua baino. Zeren preso dauden emakume gehienak kartzelan daude zailtasun ekonomikoengatik: lapurreta txikiak egiteagatik edo droga kantitate txikiak garraiatzeagatik edo saltzeagatik. Zailtasun ekonomikoak dituztenean, orokorrean, beste aukera batzuk hartzen dituzte.

Nolako aukerak?

Lanbide prekarioak onartzea, oso prekarioak, ikasketa maila oso handiak izanda ere; prostituzioa eta sexu lana, oso estigmatizatua dagoena, baina emakume batzuek nahiago dutena kartzelan amaitzeko arriskua baino; migratzea; obuluak saltzea... Genero estrategia batzuk daude egoera horiei aurre egiteko —Dolores Julianok aztertu du hori, batez ere—.

Espetxe eskumena Jaurlaritzak bereganatuko du laster. Eredua definitzean, kontuan hartu beharko luke generoa?

Bai: interesgarria, beharrezkoa eta ezinbestekoa litzateke aldaketaren abagunea baliatzea horretarako.

Zer egin dezake?

Egin daitezke hainbat gauza, baina nik uste dut lehenik beharko litzatekeeladiagnostiko on bat kartzela bakoitzaren egoeraren inguruan. Badaude zenbait ikerketa azken urteetan erakutsi dutenak Euskal Herriko kartzeletan genero diskriminazioak egon badaudela, baina beharrezkoa litzateke analisi sakonagoak egitea, datu gehiagorekin, eta zehatzagoak: kartzela bakoitzean zein arazo dauden. Eta pentsatu neurri zehatzak arazo horiek konpontzeko. Beste testuinguru batzuetan egiten den bezala, eta berdintasun planak diseinatzen diren bezala, benetan zerbait egitea, behintzat horretarako interesa baldin badago.

Gero, luze gabe zein luzera begira behar dugu gogoeta bat kartzela sistemaren eta zigor sistemaren inguruan, ze emakume presoen ehunekoa oso handia da Europako beste herrialde batzuekin alderatzen baldin badugu, eta badirudi arrazoia dela Europako beste zenbait herrialdetan askoz ere gutxiago erabiltzen dela kartzela zigorra. Jendeak egiten duenean arriskutsua ez den arau hauste bat, eta orokorrean emakumeek egiten dituztenak ez dira arriskutsuak, beste testuinguru batzuetan gehiago erabiltzen dira isunak, edo komunitatearen aldeko lanak. Aldiz, hemen, zigor kodea oso gogorra da; horrez gainera, azken urteetan gogortu da, eta askoz ere gehiago egiten da kartzela zigorraren hautua. Ez dugu zertan izan sistema penal bat eta espetxe sistema bat hain gogorra: beste garai batzuetan ez dira hain gogorrak izan, eta beste testuinguru batzuetan ere ez dira.

Zein bertze bide daude?

Bada, honi lotuta, adibidez, begiratzen badugu nola aplikatzen diren komunitatearen aldeko lanak gure gizartean, guztiz androzentrikoa da. Komunitatearen aldeko lanak aplikatzen dira batez ere bi kasutan: generoindarkeria eta trafiko segurtasunaren aurkako delituetan —emakumeek ez dituzte ia egiten—. Orduan, praktikan, komunitatearen aldeko lanak gizonei aplikatzen zaizkie.

Bestalde, uste dut azken urteetan egin direla abolizionismoaren inguruko ekarpen interesgarriak ikuspegi feminista batetik, eta iruditzen zait gizarte gisa eta feminista gisa hor badagoela debate bat oso interesgarria eta erronka bat irudikatzeko gure gizartea bestelako modu batean, egon daitezkeen arazo sozialak beste modu batean aztertzeko.

Aboliziora ailegatu gabe... Modulu mistoak izan daitezke aukera bat?

Jarri dira azken urteetan Espainiako Estatuan zenbait modulu misto, eta aztertu beharko litzateke nola funtzionatzen duten, baina izan daitezke aukera interesgarri bat. Ikusi behar da, halere, gizon batzuk zergatik dauden preso. Ez da hain erraza, baina kasu batzuetan uste dut posible litzatekeela. Halere, ikusi behar da nola egiten den, ze emakume eta gizonak espazio berdinean egoteak ez du zuzenean ekartzen ez denik diskriminaziorik egongo, gizartean gertatzen den bezala. Neurri gehiago behar lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.