Pastor
DARWIN ETA GU

Katalunia

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Valter Hugo Mae idazle portugaldarrak egin du galdera, Jornal de Noticías egunkarian igandean A Catalunha tituluaz argitaratu zuen artikuluan: «Zer nahi dute oraindik espainiarrak deitzen diren herriek? Galdera hori egitearen legitimitateaz zalantza egin dezakegu portugaldarrok? Ez gara horri erantzuten ari 800 urteko historiarekin?».

Idazleak azaldu duenez, Portugalek monarkia, errepublika eta diktadura, Salazarren Estado Novo-a, bizi izan ditu zortzi mendean, baina independente segitu du, Espainiara inoiz itzuli barik. Haren ustez, Katalunia ere adoretsua da, ez baititu hizkuntza, identitatea eta kultura galdu, nahiz urruneko botere baten mende egon den.

Espainia eta Portugal elkartzea nahi zuen Jose Saramagok. 2007. urtean Jose Saramago literatura saria irabazi zuen arren, Valter Hugo Mae ez dator bat Nobel saridunarekin. Batez ere, Espainia nolakoa izan den, nolakoa den ikusita. «Kataluniako gatazka mendeetako nahi batetik dator, baina helburu hori atzeratu egin da etengabe, eta hilzorian segitzen du Gaztelaren interesengatik, Espainia jakin baten onerako», argudiatu du idazleak. Haren iritziz, Kataluniak autodeterminazio eskubideaz baliatzeko duen desioari kasu egitea ez da Espainiaren kontra joatea, baizik eta herriek etorkizuna libre erabakitzearen legitimitatea kontuan hartzea. Iberiar penintsula politikoki batuta egotea edo ez askatasunez erabakitzeko aukera izatea. Valter Hugo Maek esan duenez, Portugalek lotura emozionalak ditu «Iberia maitearekin» eta bertako herritarrak harro daude Cervantes eta Camoes, Machado eta Picasso, Miro eta Pessoa, Falla eta Amalia, Brossa eta Paula Rego edo Graça Moraisen gisako artistez. Baina hortik aurrera, zer?

Gaztelak Espainian mendeetan ezarritako eredu politiko eta kulturalaren mende bizi gara Euskal Herrian ere. Gaztelak, Espainiaren muin historikoaren arimak, ez du onartzen ez bere nagusitasun politikoari itzala egingo dion egitura, ez bere hizkuntzaren inposizioa eta derrigortasuna zalantzan jarriko dituzten beste mintzairen ofizialtasuna eta normalizazio soziala.

Kontraesan handia dago Espainiako gizartean. Herritar askoren iritziak eta jarrerak Europako aurrerakoienak omen dira hainbat arlotan. Abortua, sexu berekoen arteko ezkontzak, heriotza duina eta beste zenbait eskubide onartzen dituzte gero eta herritar gehiagok, Eliza katoliko ofizialaren dotrinatik urrun. Batasun nazionalaren aferari buruz, ordea, bost mende egiten dute atzera herritar progresista horiek, eta beste esparru haietan baztertu duten integrismoa azaleratzen zaie. Eskubideen zaleak direnak inkisidore bihurtzen dira. Sutara botatzen dute batasun nazionala auzitan jartzen duen herejea.

Uste dut portugaldarrek baino arinago onartuko luketela espainiarrek bi estatuak batzea. Alegiazko batasun horretako lehen garaietan ez, baina handik 50 edo 100 urtera Lisboan lan egiteko portugesa eskatzearen aurka altxatuko lirateke. Katalunian edo Euskal Herrian hizkuntzekin egiten duten bezalaxe. DNAn daramate. Hori dela eta, argi mintzatu da Valter Hugo Mae: «Portugaldarra izatea funtsean harro egoteko moduko gertakizuna ere bada, eta benetan uste dut hala izaten segitu nahi dugula, bizilagunari identitatea saltzearen truke zerbait irabazteko gonbit egiten diguten arren». Zer irabaziko duzu zure izaera, zure esentzia saltzearen truke? Amaorde oihulari aberatsak ama maitearen hutsunea bete dezake?

Paula Regoren bizia eta lana Salazarren diktadurak baldintzatu ditu. 84 urteko margolariak errealitatearen alde ilunak jorratu ditu, batez ere emakumezkoei eragiten dietenak. Triptych lanean ezkutuan abortatu behar duten andrazkoen egoera islatu zuen. Egunotan, artistaren erakusketa bat dago ikusgai, Cascais hirian. Erakusketako komisario Catarina Alfarok azaldu duenez, Paula Regoren irudiak zirraragarriak dira: munstro itxura hartzen duten sexuak, hilzorian dauden andrazkoak edo emakumeei egindako mutilazio genitalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.