Pederastiaren biktimak, ordain eske

Lizarrako El Puy eskolan sexu abusuak jasan zituztenek salatu dute artzapezpikutzak horien berri zuela. Gertatutakoa aitortzeko exijitu dute

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ane Eslava.
Lizarra
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Iazko otsailean argitara atera zen urteetan ezkutuan egondako errealitate lazgarri bat: Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan izandako sexu abusuak. Garesko Erreparaziokoen ikastetxeko ikasle ohi bat izan zen sufritutakoa kontatzen lehena, eta, ordutik, hainbat eskolatan gertatutako askotariko kasuak azaleratu dira: maristetan, salestarretan, ursulinetan, jesuitetan... Lizarrako El Puy eskolako ikasle ohiek salatutakoak bereziki gogorrak dira, denbora luzean iraun zutelako eta erasotzailearen jarrera nabarmenki bortitza zelako. Ikastetxeko sortzaile eta lehen zuzendaria zen Jose San Julian Luna; oraingoz, zazpi pertsonak salatu dituzte hark 1960ko hamarkadan eta 1970ekoaren hasieran egindako erasoak, eta, jakinarazi dutenez, laster beste lau kasu aterako dira argitara. Atzo agerraldia egin zuten horietako batzuek, Lizarran, salatzeko artzapezpikutzak ezagutzen zuela zer gertatzen zen han, kontrakoa dioen arren. Zauria ixteko, «aitortza eta erreparazioa» eskatu dituzte.

Latza da Lizarrako eskola erlijiosoko ikasle izandakoek pairatu zutena, eta hala erakusten dute atzo behin eta berriro errepikatu zituzten hitzek ere: «Ez ziren salbuespenezko gertaerak; egunerokoak ziren»; «sadiko bat zen, predatzaile bat». Sexu abusuak ez ezik, tratu txar fisikoak ere «etengabeak» zirela nabarmendu zuten. Baina, haien testigantzak ezagutu zirenean, iaz, Iruñekoeta Tuterako Artzapezpikutzak gutun baten bitartez esan zuen «denbora gehiegi igaro denez eta ikastetxeko zuzendaria hilda dagoenez», «ezin» izan zutela gertaeren «testuingurua eta tamaina» ezagutu, ezta «egiazkotasuna» frogatu ere.

Atzo, Jesus Zudaire Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkarteko zuzendariak esan zuen adierazpen horiek «gezurra» direla, eta, hori frogatzeko, eskolako ikasle izandako kide baten testigantza eman zuen: «1973ko gau batean San Julianek ukituak egin zizkion Ignacio Ekairi [biktimari], eta hark, defendatzeko, pala batekin jo zuen, eta kopetan marka bat utzi zion. Hurrengo egunean, haurrak eskolako zuzendariordearengana jo zuen jazotakoa kontatzeko. Hark, zuzenean, artzapezpikutzari bidali zion salaketa, ez Guardia Zibilari, eta hurrengo egunean artzapezpikutzak gutun bat bidali zuen ikastetxera, San Julian zentrotik botako zuela esateko, buruko eritasun bat zuela egotzita. Beraz, bazekiten zer gertatzen zen». Zudaire bera Carlos Aierra artzapezpikutzako bikario judizialarekin izan zela azaldu zuen, eta hark esan zion ez zuela kasu horien inguruko informaziorik: «Oso haserre gaude artzapezpikutzarekin, eskola elizbarrutikoa denez, haren menpe baitago zuzenean».

Ez preskribatzea

Hortaz, kasuak ikertzea, gertatutakoa aitortzea eta behar duten erreparazioa jasotzea eskatzen dute El Puy eskolako ikasle izandakoek. «Erreparazio morala, alde batetik, baina baita politiko eta soziala ere; alegia, Eliza eremu publikotik ateratzea», adierazi zuen Pello Senosiain elkarteko kideak. «Baina, hori lortzeko, ezinbestekoa da, batetik, kasuek ez preskribatzea, eta, bestetik, konkordatua deuseztatzea». Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Vatikanoak sinatutako akordio horren ondorioz, zuzenbide kanonikoa aplikatzen da halako kasuetan. «Eta lotzen gaituen korapilo bat da».

Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen elkartekoak prest daude eskola katolikoetako arduradunek egin zuten guztia argitara ateratzeko pausoak ematen jarraitzeko, eta hurrengoa Madrilera jotzea izango da: Espainiako Kongresura joango dira aurki, Nafarroako Parlamentuan iragan urtarrilean egin zuten moduan, «talde politiko guztiekin biltzeko eta kasu guztiak ikertu ditzatela exijitzeko». Irailean egingo dituzte horretarako tramiteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.