«Ahanzturaren» aurka egin dute Altzan eta Lezon, 85 urte geroago

Frankistak matxinatuta sartu zirenean Lezo eta Altzako udaletan agintean zeuden udalbatzak omendu dituzte. Aparteko bi ekitaldi izan dira

Lezon atzo egin zen ekitaldia. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Lezo
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdiak ziren, orain dela 85 urte, 1936ko abuztuaren 26an. Bere ohiko lanetan ari zen Agustin Arriaga, Lezoko udal langilea: herriko kaleak garbitzen. Esperanza Sein ilobarekin aurkitua zen kalean, eta solasean-edo ariko ziren. Han inguruan bazebilen 2 urteko umetxo bat ere, Carmen Ginto; hain txikia, jolasean besterik ezin da irudikatu. Hirurak Francoren aldeko indar matxinoek jaurtitako bonba batek hil zituen. Xehetasun horien bidez, 36ko gerran Francoren alde altxatuek egindako erasoetako bat gogora ekarri nahi izan zuten atzo Lezon (Gipuzkoa) memoria historikoaren alde ari den Etxetxo elkarteko ordezkariek: «ikara» hura irudikatzen ahalegintzeko, eta «ahanzturaren» aurka egiteko. Bi ekitaldi egin ziren atzo Gipuzkoan xede horrekin. Lezon Agustin Arriaga udal langilea omendu zuten, hura oroitzeko plaka bat jarri zuten, eta tropa matxinoak herrian sartu zirenean Lezoko Udalean agintean zegoen udalbatza ere oroitu zuten. Donostiako Altza auzoan ere garai hartako udal agintariak oroitzeko ekitaldia egin zuten; izan ere, sasoi hartan udalerria zen Altza, independentea, eta udalbatza propioa zuen. Diktaduran lotu zuten Donostiarekin.

Altzakoa Donostiako Udalak antolatutako ekitaldi bat izan zen. Gogora ekarrizuten tropa matxinoak heldu zirenean 1931. urtean eratutako udalbatza zegoela Altzako Udalean agintean, eta udal agintari haiek «askatasunaren» alde egin zuten bidea goraipatu zuen Eneko Goia Donostiako alkateak. Hamabi udal ordezkari haien izena duen plaka bat jarri zuten Altzako udaletxea zen eraikinean, eta oroigarriak eman zizkieten haietako hainbaten senitartekoei. Helburua zen 36ko gerrak eta ondorengo urteetako jazarpenak eragindako «umiliazioa eta oinazea» gogora ekartzea eta «ahanzturatik ateratzea».

Irailaren 13aren bueltan

Omenaldiok erabateko zentzua dute bihar delako Donostian tropa frankistak sartu zireneko 85. urtemuga. Lezon horregatik egin nahi izan zuten atzo aldi hartan agintean zegoen udalbatza oroitzeko omenaldia ere. Talde politiko guztiek sustatutako ekitaldia izan zen. Kultura zinegotzi Jon Pombarrek hartu zuen hitza, udaletxe barruan ekitaldia egin eta gero, herritarren aurrean; garaituen kontakizunek urte askotan izan duten oihartzuna gogoan hartuta, orain «konpentsatzera» egin behar dela esan zuen, isilarazitako historia zabaltzera.

Etxetxo elkarteko kolaboratzaile Joxe Luix Agirretxeren azalpenak lagungarriak dira horretarako; egun hura irudikatzeko, xehe, bizipenetan. Matxinoen aldeko apaiz batek iragarri zuen goizean, mezatan, heltzear zirela Lezora Francoren aldekoak, joateko harrera egitera. Herriko kale nagusitik sartu ziren, hanpa-hanpa, eta behin udaletxean, «balkoitik behera» jaurti zituzten Errepublikaren ikur guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.