Opus Deik Nafarroan 70 urte. Euskal kultura

Arnasbide bat euskal kulturari

Opus Deik sorturiko unibertsitatea aitzindaria izan zen euskal gaiei buruzko ikasketak antolatzen, Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedraren bitartez, 1962an.

Joxemiel Barandiaran, katedrako lehen zuzendaria, Nafarroako Unibertsitateak 1977an egin zion omenaldian. BERRIA.
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Euskarak eta euskal kulturak ez zeukaten toki askorik unibertsitatean 1960ko hamarkadan. Giroa ere ez zen aproposena: Ipar Euskal Herrian, euskara etxeko eremura zokoraturik zegoen, alor ofizialetik aparte; Hego Euskal Herrian, diktadura indarrean zegoen eta agintari frankisten jarrera axolagabekeriaren eta erabateko jazarpenaren artean kokatzen zen. Eta, hala ere, orduantxe eratu ziren euskal kultura aztergai zuten lehen ikasketak: Nafarroan, frankismo betean, eta Opus Deik hamarkada bat lehenago sorturiko Nafarroako Unibertsitatean.

Ikusi gehiago:OPUS DEI, 70 URTEKO ARRASTO ISILA

Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedra 1963ko azaroan sortu zen, Filosofia eta Letretako orduko dekano Antonio Fontanen eskutik. Fontan eskuin liberalekoa zen, baina frankismoan erreformak egitearen aldekoa zen, eta horren ondorioz desadostasun handiak izan zituen Francoren erregimenarekin: esaterako, bera izan zen Madrid egunkariko zuzendaria frankismoak itxi zuenean, 1971n.

Katedraren beste sustatzaile nagusia Nafarroako Foru Diputazioa izan zen: hark egin zuen eskaera formala euskal gaiei buruzko katedra bat sortzeko, 1962ko urrian. Nafarroako Unibertsitateak erantzun egin zion eskaera horri, eta 1963ko azaroaren 16an sortu zuen katedra; sortze agiria Josemaria Escriva de Balaguerrek sinatu zuen, Erroman. Diputazioak konpromisoa hartu zuen katedraren gastuak bere gain hartzeko.

Maria del Mar Larraza (Iruñea, 1962) Historian doktorea da, eta 2012tik zuzentzen du Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedra. Dioenez, urrats hori ulertzeko kontuan hartu behar da hura zela Nafarroan zegoen unibertsitate bakarra, «Nafarroako erakundeen laguntza izan zuena, batez ere Iruñeko Udalarena». Gainera, 60ko hamarkadatik aurrera frankismoak bilurra laxatu egin zuen «euskal kulturaren errealitatearen» inguruan, euskarazko lehenengo argitalpenek eta ikastolek erakusten dutenez.

Beste arrazoi bat ere bazegoen: Nafarroan erregimen frankistarekin bat egiten zuten zenbait sektorerentzat, nabarrismo politikoa uztartu zitekeen euskal kulturaren aldarrikapenarekin.

Larrazak gogorarazi du Nafarroako Foru Diputazioak Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra eta Fontes Linguae Vasconum agerkariak plazaratzen hasi zela 1969an: «Horrek guztiak euskararekin nolabaiteko sentsibilitatea iradokitzen du, maila akademikoan behintzat».

Katedra 1963ko azaroan sortu bazen ere, 1964ko otsailean hasi zen lanean, Joxemiel Barandiaranen gidaritzapean. «Barandiaran erabakigarria izan zen katedraren finkapen eta nortasunean», azaldu du Larrazak. «Seguruenik, Fontanek Koldo Mitxelenarekin izandako adiskidetasunak ahalbidetu zuen On Joxemielengana hurbiltzea». Barandiaranek Fontanen proposamena onartu zuen, eta, katedra zuzentzeaz gain, han etnologia eskolak ematen hasi zen.

Irakaskuntza eta ikerketa

Irakaskuntza eta ikerketa uztartu zituen katedrak lehenengo urte haietan. Euskara eskolak, adibidez, oso garrantzitsuak izan ziren, eta 1983-84ko ikasturtera arte iraun zuten, edozein ikaslerentzat irekita. Baina ikerketa ere alor garrantzitsua izan zen: katedraren abaroan, Barandiaranek Etniker taldea sortu zuen 1968an, gero gainerako herrialdeetara hedatuko zena, eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatzeko lanari ere ekin zioten.

Barandiaranekin batera, Ana Etxaide filologo eta ohorezko euskaltzainak, Jose Basterretxea Oskillaso idazleak eta beste zenbait adituk jardun zuten katedran. Nafarroako Unibertsitateak omenaldia egin zion Barandiarani 1977an, eta 1979-80ko ikasturtean, 90 urte zituela, azken eskolak eman zituen katedran. Barandiaran erretiratutakoan, Etxaidek hartu zuen katedraren gidaritza.

1993-94ko ikasturtean Euskal Ikasketen Diploma sortu zen, «proiektu emankorra» izan zena baina Bolognako Hitzarmenak zapuztu egin zuena. 2002an, Maria Amor Begiristainek hartu zuen katedraren zuzendaritza, eta 2012an, berriz, Ana Etxaide oraingo zuzendariak.

Etxaideren gidaritzapean «norabide eta bultzada berria» hartu zuen katedrak. Diplomak desagertuta, euskal ikasketei beste jite bat eman behar zitzaien: «Etapa berri honetan, jarraitu dugu historia eta etnografia irakasgaiak ematen, eta horri gehitzen zaio euskarazko ikastaroa, denetariko gaiak jorratu izan dituena, literaturatik euskal kulturara».

Larrazak dioenez, ikasleek segitzen dute euskal gaien inguruan interesa izaten: «Arazoa da unibertsitateko ikasketen espezializazio gero eta handiagoak ia ez duela astirik uzten gradua ez beste hautazko jardueretarako».

Edonola ere, azken urteotan katedra buru-belarri aritu da jardunaldi, mintegi eta hitzaldiak antolatzen, eta mota askotako gaiak jorratu dituzte: onomastika, sorginak, artea, ahozko tradizioko musika, historia, literatura, ondare immateriala, euskal pilota eta abar.

Katedrak 60 urte beteko ditu datorren urtean, eta hori «lanean jarraitzeko pizgarri garrantzitsua izango da», Larrazak azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.