Albistea entzun

(Ez)amatasunez, epairik gabe

Amatasunaz eta ama ez izateko hautuaz ari dira Donostian, Emaginek antolatutako jardunaldietan. Gaia ikuspuntu feministatik lantzen ari dira; egitarau oparoa prestatu dute, eta gaur ere segituko dute
Miren Aranguren, Anna Molas, Marina Sagastizabal eta Diana Oliver, atzoko mahainguruan.
Miren Aranguren, Anna Molas, Marina Sagastizabal eta Diana Oliver, atzoko mahainguruan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2022ko azaroak 12 - Donostia

Abian da Donostian, Tabakaleran, (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldia. Atzo izan zuen lehen eguna, eta gaur ere egitarauarekin jarraituko dute. Jardunaldietan ezohikoak diren irudiak utzi zituen lehen begiradak: ume txikiak, esaterako. Iristean, gainera, parte hartzaile guztiek jaso zuten «elkar zaintzeko ituna». Bertan, jardunaldiak antolatu dituen Emagin elkarteak argi utzi zuen topaketen asmoa ez dela inor «epaitzea», baizik eta «(ez)amatasunari» buruz «ikuspegi feminista batetik» gogoeta egitea, «errespetuz».

Ikusi gehiago: Hitz erabilienetakoa: «Erabakia»

Hori aintzat hartuz ondu zuten ituna: «Ondokoak dioena entzun eta enpatia ariketa bat egingo dugu, bakoitzak berea pixka bat mugituz, zabalduz». Eta duda aldarrikatuz: «Zalantza, zaurgarritasuna, sentiberatasuna, ezegonkortasuna, txikitasuna eta arrarotasuna ondo etorriak dira». Lehen hitzaldiaren aurretik argi utzita parte hartzaile guztiak «aberastea» dela asmoa, eta ama izateko era «askotarikoei» erreparatzea; «arrakalak» ere bilatu nahi dituzte, egun ezarrita dauden hainbat sistematan. «Egin, desegin, berregin»; hori da, hain justu ere, jardunaldiaren aldarria.

Lehenengo mahai inguruan Miren Arangurenek egin ditu moderatzaile lanak; adierazi duenez, amatasunaren auzia «arlo politikora» eraman eta «kolektibizatu» beharra dago, gaur egungo ereduak dituen hutsuneak betetzeko: «Ugalketa eremu hegemonikoak eta oinarri duen familia ereduak ondoeza sortzen du. Antolaketa sozialean porrot egiten ari den hori identifikatu nahi dugu, ondoez hori bukatzeko». Erronka horri heltzeko, hiru kontzepturen baitan ardaztu dute mahai ingurua: desioa, kontrola eta denbora. Besteak beste, amatasunaren esparruan desioa nola eraikitzen den aztertu nahi izan dute, zer amatasun eredu ezartzen den, eta zer-nolako denborak dituen.

Diana Oliverrek hartu du hitza lehenbizi. Kazetaria da, eta «prekariotasunak» ama izateko egun eragiten dituen arazoen inguruan lan ugari egin ditu. Hain zuzen, adierazi du «prekaritatea» dominazio modu bat bihurtu dela, eta hark mugatzen duela «nola, noiz eta norekin» hartu ama izateko erabakia: «Hori guztia kapitalismoak erabakitzen du». Hari horretatik tiraka, «gaur egungo sistema» umeak haztearekin «bateraezina» dela azaldu du: «Hazkuntzak beste denbora batzuk ditu, ez sistema honek duen abiadura bizia. Hazkuntza hori sostengatzeko ere zailtasun ugari daude: bai gure inguruan, baita instituzioetan ere».

Gaineratu du «egungo gizarteak» duen arazo handiena ez dela andreek «kristalezko sabaia» apurtzea, baizik «zoru likatsu horretatik» zutitzea. Horrez gain, emakumeek dauzkaten askotariko baldintzak gogora ekarrita, adierazi du batzuentzat «pribilegio bat» dela amatasuna: «Ama izateak pobretzea dakar. Eta batzuek ez dute amatasun baimena edo lanaldi murrizketa bat eskatzeko aukerarik». Azaldu du zaintza lanak «kontratatzea» dela askotan «aukera bakarra», baina zaintza lan guztiak ezin direla kontratatu.

Prekaritatea, ordea, ez da arlo ekonomikoan soilik gertatzen, Oliverren aburuz. Amatasunetik harremanak eraikitzean ere gabeziak daudela azaldu du: «Ama zarenean konturatzen zara interdependentzia ezinbestekoa dela; umeak hezteko, beste pertsona batzuk behar dituzu inguruan, eta gizarte honek indibidualtasunera bultzatzen gaitu». Inguruan laguntza hori ez izateak «osasun fisiko eta mentala hondatzea» eragiten duela azaldu du: «Umeak zaintzeko, lehenik amak zaindu behar ditugu».

Gizarte antolaketak ama izateko orduan jartzen dituen zailtasunekin bat etorri da Marina Sagastizabal Soziologiako doktorea ere. Denboraren ikuspegitik heldu dio, gehienbat, gaiari: «Bizitzaren eta kapitalaren arteko etengabeko borrokan ari gara, eta horrek eragina du, amatasunari dagokionez, denboraren antolaketan ere. Bi logika horiek kontziliatzeaz ari gara, baina ezin dira kontziliatu». Gaineratu du «sistemak» berak kontrolatzen dituela bizitzak produktiboak izan daitezen, eta umeak izaterakoan ere «oso modu konkretuan» izatera bultzatzen duela, familia eredu jakin baten barruan.

Gizonek daukaten rola ere nabarmendu du, «familiako buru» gisa. Azaldu du bikote heterosexualek haurrak dituztenean «bikoiztu» egiten dela gizonek enpleguari eskaintzen dioten denbora, eta, emakumeei dagokienez, zaintzari eskainitakoa handitzen dela: «Horrek esan nahi du ez zaiola beste ezertarako denborarik geratzen emakumeari, eta, gehienetan, parte hartze sozialari dagokion eremua kanpoan utzi behar izaten duela».

Ugalketa lagundua

Anna Molas Antropologia Sozialeko doktorea ere mahai inguruan izan da, eta ernalkuntza lagunduan obuluak ematen dituztenez aritu da. Jarduera horren pisu ekonomikoa azpimarratu du: «Erreprodukzioaren merkatuan, obuluen dohaintza da gaur egun diru gehien ematen duena». Gehitu du industria horrek altruismoarekin lotu nahi izan duela obuluak ematea, emakumeen zaintza lanekin egin duen era berean: «Maitasunagatik egiten den gauza bat bezala saldu nahi digute, eta ez behar ekonomikoagatik». Hala ere, argitu du berak egindako ikerketek kontrakoa diotela; obulu emaile gehienak «gazteak eta prekarioak» direla berretsi du, eta salatu du obuluekin negozioa egiten duten enpresek ez dietela informazio nahikoa ematen horiei emango zaien erabilerari buruz, ez eta obuluak emateak luzera begira beren gorputzetan izan ditzakeen kalteei buruz ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko
Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...