Koronabirusa. Turismoa

Euskara erakarmen

Uemak Bertatik Bertara kanpaina abiatu du, udalerri euskaldunen garapen ekonomikoa euskaraz bultzatzeko. Turismoa erakartzeko bide gisa sustatu nahi dute hizkuntza.

Bertatik Bertara kanpainan Uemak banatuko duen mahaigainetako bat. UEMA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Orain esaten baldin badute ere kanpotik jendea etorriko dela, hasiera batean bazirudien bakarrik hemengo jendea mugituko zela, eta nik uste dut gehientsuena bertan mugituko dela». COVID-19aren ondorioz bertako turismoa indartuko zen susmoan prestatu zuen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Bertatik Bertara kanpaina, Miren Segurola koordinatzaileak azaldu duenez: udalerri euskaldunen balioa nabarmendu eta bertakoa eta euskaraz kontsumitzea bultzatzeko. Kezka bat bazeukaten, aurrez: turismoa erakartzeko, sarri, erdaretara jotzen dela. «Gertatzen zaigu toki askotan turismo sektoreak euskara ezkutatzeko joera izan duela, datorren jende hori kanpotik datorrelako».

Turismoa duten udalerrietako eskaintza euskaldundu eta hain turistikoak ez diren herriak turismo «iraunkor» batera bideratu nahi dituzte ekainaren 19an abiatuko duten Bertatik Bertara kanpainaren bitartez: «Gaur egun hain turistikoak ez diren udalerrietan, turismoak ahal du izan garapen sozioekonomiko iraunkor baterako aukera bat, turismo hori euskara oinarri hartuta egiten bada». Bisitariak euskararen bitartez erakarriz, hain zuzen.

Urola Kosta eskualdean abiatua dute jada egitasmo bat Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, dagoen turismoa euskalduntzeko asmoz. Bertze herri batzuetara ere zabaldu nahiko lukete orain eskaintza, ordea. Segurolaren ustez, euskarak berak badu «xarma» bat, bisitariak erakar ditzakeena: «Euskara da hizkuntza zahar bat, gure udalerrietan bizi-bizirik dagoena, eta erakargarria da hori, alde batetik. Baina, beste alde batetik, euskarabehar duen jendeak, esate baterako, euskara ikasten ari den jendeak, gure udalerrietara etorri eta euskara erabiltzeko aukera dauka, edo euskaraz lasai bizi nahi duen edozein pertsonak». Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren ustez ere «altxor» hori eskain dezakete udalerri euskaldunek: «Kanpotik datozenei erakutsi nahi diegu hemen euskaraz bizi garela, herri batzuk daudela euskara dutena hizkuntza nagusia».

Segurolaren hitzetan, udalerri euskaldunetan turismoaren alorrean ari den jendea «ahaldundu» nahi dute: «Alegia, esatea euskara ere badela saltzen duena, eta euskaraz bizitze hori balio erantsia dela». Iaz argitaraturiko ikerketa batean erakutsi zuten, erraterako, udalerri euskaldunetara joandako bisitarien %85ek eskertu egiten dutela euskara entzutea edo ikustea, eta askok berariaz aukeratzen zutela udalerri euskaldunetara joatea, euskararekin topo egiteko. Bermeon (Bizkaia), Leitzan (Nafarroa) eta Zumaian (Gipuzkoa) egin zituzten inkestak.

Euskara sustatu eta ikusgarriago egiteko euskarri komunikatiboak prestatu dituzte Uemako udalerrietarako: merkataritza guneetan jar daitezkeen afixak eta ostalaritzan erabiliko dituzten mahaigainekoak. Horietan, bertzeak bertze, euskarazko oinarrizko hiztegi bat eskainiko dute.

Segurolak azaldu duenez, Uema osatzen duten 88 udalerrietatik 65 batu dira udako kanpainara, eta udalerri batzuetan lanketa egiten ari dira jada. Horietako bat da Mutriku (Gipuzkoa), erraterako. Marta Amonarriz da hango turismo teknikaria, eta, azaldu duenez, «begi onez» ikusi dute kanpaina herriko ostalaritza eta merkataritzako sektoreko kideek: «Hamasei establezimenduk parte hartuko dute, eta 25.000 mahaigaineko banatuko ditugu, gutxi gorabehera». Uste du euskarak lehendik ere pizten ziela «interesa» turistei, bereziki hizkuntza gutxituak dituzten lurraldeetako bisitariei, baina, kanpaina horri esker, are gehiago «bistaratuko» dute hizkuntza, haren iritziz. era berean, sektore pribatuarekin «bide bat irekitzeko modua» da kanpaina, Amonarrizen arabera.

Tokiko garapenari so

Udari begira diseinatu dute kanpainaren lehen zatia, baina, udazkenari begira, turismoa ez ezik tokiko garapena ere bultzatu nahiko luke Uemak oro har, euskararekin lotuta. Udalerri euskaldunek eta, harekin batera, euskarak irauteko ezinbesteko gakoa da tokiko garapena, Lazkanoren erranetan. «Euskarak iraun behar badu, euskaraz bizi diren herriek ere iraun behar dute. Arnasguneak ez badira existitzen, euskara ez da existituko; beraz, ezinbestekoa da garapen ekonomikoa bultzatzea herri horietan». Arlo ugaritan landu nahiko lukete, hala zerbitzuetan nola lehen sektorean. Tokiko produktuak erostera bultzatuko dute, erraterako. «Garapena ezinbestekoa da; garapen horrek euskaraz izan behar du, eta euskarak, gainera, bultzada ematen dio bertako garapenari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.