Koronabirusa

Erkidegoen esku egongo da ostalaritza

Espainiako Gobernuak atzera egin du ostalaritza ixteari buruzko auzian. Herenegun, 359 positibo atzeman ziren Hegoaldean

Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Astean zehar Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren itxieraren haritik izan dituzten desadostasun gogorren ondoren, atzo begirada guztiak jarrita zeuden gaiaren bueltan Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak jaso behar zuen xedapenean. Agiritik ondoriozta daiteke ez dela beharrezkoa izango ostalaritza barrukoak ixtea, ez bederen Espainiako Osasun Ministerioak asteazkenean jakinarazitako baldintzen arabera. Azken hitza, momentuz, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku egongo da.

Atzo argitaratutako testuak ez du zuzenean jaso polemikaren abiapuntu izan den neurria. Aldiz, Espainiako Osasun Ministerioaren beste agiri batera jotzen du, erreferentzia gisa. Bigarren horretan, ordea, duela gutxira arte betekizun zena «gomendio» bilakatu da.

Testuak dioenez, «gomendatutako neurriek erreferentzia markoa ezartzen dute», eta Espainiako «autonomia erkidego eta lurralde bakoitzaren arabera egokitu eta testuinguruan jar daitezke, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera».

Espainiako Osasun Ministerioaren eta erkidegoen arteko bileran erabakia zuten COVID-19aren intzidentzia tasa 150eko mugara iritsita ostalaritza barrenak itxi behar zituztela, baina hainbat erkidego aukera horren kontra azaldu ziren.

Jaurlaritzak asteazkenean bertan aurreratu zuen bere bide propioa jorratuko zuela. Espainiako Osasun ministro Carolina Dariasek esan zuen neurriok «nahitaez» betetzekoak zirela, eta, behar izatekotan,«betearaziko» zituztela. Atzoko testuak, baina, jokalekua aldatu du.

359 positibo

Pandemiaren gaineko datuei dagokienez, azken egunetako gorabehera txikiak badira oraindik Hego Euskal Herrian. Herenegun 9.881 proba egin ziren, eta 359 positibo atzeman ziren; hots, ostegunean atzemandakoak baino 24 kasu gutxiago izan ziren. Proba diagnostikoen kopurua, gainera, pixka bat handiagoa izan zen—9.634 test egin ziren ostegunean—. Herenegungo positiboen ehunekoa, hortaz, %3,8 izan zen; hamarren bat txikiagoa aurreko eguneko datuekin alderatuz.

Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 170 izan dira. Gipuzkoan 86 positibo izan ziren, eta Nafarroan, 72. Araban, berriz, 31 positibo erregistratu ziren. Erietxeei dagokienez, 30 ospitaleratze egon ziren, eta 95 pertsona zeuden oraindik ZIUetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.