Sortuk borrokaren eta memoriaren «zilegitasuna» aldarrikatu du

'Txiki'-ren eta Otaegiren «ametsak bizirik» daudela adierazi dute haien hilketen urteurrenean

Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko kidea, atzo, Oiartzungo ekitaldi politikoan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Oiartzun
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Lur xehe multzo bat neska gazte baten eskuetan: «Lur zati txiki hau dugu; ez dugu gehiago nahi, baina ezta gutxiago ere». Eta iturri bat aldamenean, lurra «maiztasunez eta maitasunez» ureztatzeko: «Ernal daitezen haziak; lora dadin biharko Euskal Herria». Bi sinbolo horiekin abiatu zuen Sortuk atzo 600 lagun ingururen aitzinean egindako ekitaldia, Oiartzungo kiroldegian (Gipuzkoa). Juan Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegi Etxeberriaren hilketen 46. urteurrena baino bi egun lehenago egin zuten ekitaldia —bihar da urteurrena—: horiek oroitzeko, baina, batez ere, aitzinera begira. Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean aritu ziren ordubetez, eta bi ideia nagusi azpimarratu zituzten Kizkitza Gil de San Vicente eta Arkaitz Rodriguez Sortuko kideek: memoriarako «eskubidea eta betebeharra» eta, borrokaren «zilegitasuna».

Gil de San Vicente izan zen hitza hartzen lehena, eta «jende arruntak» Euskal Herriaren alde egindako lanari balioa eman zion. Haren hitzetan, «eredugarria» izan baita: «Horregatik eskatzen dugu egia eta bakea, ez dugulako nahi gure seme-alabek bizitzea guk bizi izandako guztia». Azaldu zuen «bitxia» dela oroimenaren inguruan «lehia politikoa» sortzea «gatazka politiko bat ez dagoela aldarrikatzeko». Eta, horren aitzinean, «memoriarako eskubidea» eta «ez ahazteko betebeharra» aldarrikatu zituen.

Iraganean gertatu denetik harago, «gertatu denaren zergatiaz» ere galdetzeko premia nabarmendu zuen: «Demokratikoki hain erraz konpon daitekeen gatazkak zergatik iraun duen hainbeste». Eta Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako «klase politikoari» deia egin zien: «Prest daude asumitzeko hemen gatazka politiko bat dagoela?». ETAk 2018an egindako «kalteen onarpen» eta «barkamenei» erreferentzia eginez, berriz, hausnarketarako eskaria luzatu zien Madrili eta Parisi: «Noizko halako gogoetak gatazkan zuzeneko parte hartzea izan duten gainerako eragileengandik?».

«Berpizkunde berria»

Rodriguezek mezu zuzena bidali zien Txiki-ren eta Otaegiren «hiltzaileen ondorengoei», «Espainiako Estatuari» hitza luzatuta: «Hil zenituzten, baina haien ametsek bizirik jarraituko dute». Halaber, «ukazioaren, zapalkuntzaren eta esplotazioaren» aurka borrokatzea «zilegi eta justua» dela aldarrikatu zuen. Are, ohartarazi zuen hainbat borrokatan ariturikoek «arrazoia» zutela, hala nola sufragistek, Nelson Mandelak, 1976ko martxoaren 3ko langileek, «eta, noski, 36ko gudariek eta Txiki eta Otaegik ere bai, altxa zirenean». Nabarmendu zuen «eskubide guztiak borrokari zor» zaizkiola, eta «borrokan» segitzeko gomita egin zien hurbildutakoei: «Euskal Herri eta mundu justuago bat eskuratuko baditugu, borrokari esker izango da». Bide horretan, eta «duela 60 urte» bezala, «berpizkunde kultural eta nazional berri» baterako deia egin zuen: «Orain guri dagokigu herri hau bizkargaineratzea. Eta geure buruari honako promesa hau egitea: ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat eraiki arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.