Preso sartu dute Bilbon ikertzen ari diren hilketen harira atxilotua

Epaileak ebatzi du kartzelatzea. Zenbait deliturekin lotuta ikertzen segitzen dute, eta horien arteko loturak; sei kasu dira denera

Ertzainak Irunen, etxe bat miatzen, ikerketarekin lotuta. JUAN HERRERO / EFE.
arantxa iraola
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Epaitegian atzo goizean deklaratu zuen Bilbon ikertzen ari diren hilketengatik atxilotuta zegoen gizonak, eta segidan espetxean sartzeko agindua eman zuen instrukzio epaileak. Ostegunean bere borondatez aurkeztu zen ertzainengana, Irungo polizia etxera (Gipuzkoa), bere bila zebiltzala jakin zuela argudiatuta. Atxilotu egin zuten poliziek, eta galdekatu egin zuten han. Gaua Erandioko polizia etxean egin ostean (Bizkaia), Bilbora eraman zuten atzo, epailearen aurrean deklaratzera. Arratsalde hasierarako heldu zen espetxeratze agindua. Zenbait hedabideren arabera, 25 urte ditu gizonak, eta iruzurrekin-eta lotutako aurrekari penalak.

Basauriko (Bizkaia) kartzelan sartu zuten, Europa Press agentziak aditzera eman zuenez. Sei dira Ertzaintza gizon honekin lotuta ikertzen ari den hilketak, baina ez dira guztiak hilketenak, edo ez dute hala baieztatu oraingoz, behintzat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak jakinarazi dutenez, zehazki ustezko hilketa bat, ustezko bi hilketa ahalegin eta beste hiru heriotza ikertzen ari dira guztira, baita sei kasuen artean loturarik baden ere.

Halaber, ez dute baztertu beste leku batzuetan ere gizon horren parte hartzearekin lotutako beste kasuren bat egotea: Kataluniako mossoak eta Espainiako poliziak ere parte hartzen ari dira ikerketan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak jakinarazi duenez; hark «gertaera oso larritzat» jo ditu Bilbokoak. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak «zuhurtzia» eskatu zuen ostiralean kasuaren inguruan, komunikabideei eta gizarteari mintzo. Kazetariei galdegin zien «oso zuhurrak» izan daitezela, eta abisu bat eman zien: «Gaizki erabilitako informazioak arriskuan jar dezake ikerketa judizialaren eta polizialaren arrakasta».

Hilabeteetako lana

LGTBI kolektiboari ere mintzatu zitzaion Erkoreka: «lasaitasuna» eskatu, eta adierazi zion badakitela kasuak «nola larritu» dituen: «Baina argi utzi nahiko nuke Ertzaintzak hilabeteak daramatzala lanean ikerketa konplexu honetan: ez da atzoko ikerketa bat». Zenbait komunikabideren arabera, ustezko hiltzailea gizonekin harremanak izateko Wapo aplikazioaren bidez jartzen zen kontaktuan biktimekin. Hala ere, ikertzen ari diren sei kasuei buruz ez dute informazio askorik eman oraindik iturri ofizialek. Erkorekak ostiralean berretsi zuen Bilbon gertaturikoak direla kasu guztiak, eta ikertzen ari diren hiru heriotzei buruz adierazi zuen «gaur-gaurkoz arrazoi naturalak» dauzkatela egiaztatuta: «Ikerketa zabalik dago, mahai gainean dauden datuak kontrastatu beharra dago, eta ikerketak esango digu benetan kasu horiek baliagarriak diren ala ez trama berdin batean kokatu ahal izateko». Halere, esan zuen heriotza horiek badituztela beste kasuekin lotu ditzaketen «elementuak». Ustezko hilketari buruz, berriz, baieztatu zuen «egiaztaturiko proba toxikologiko bat» duela.

Atxilotuaren aurrekari penalei buruzko xehetasunak eman ditu asteon Efe berri agentziak. Jakinarazi duenez, gizonezkoa Bizkaian atxilotu zuten 2019an, iruzurra leporatuta. Komunikabide batzuek egunotan zabaldu dutenez, hain justu, badirudi atxiloturiko gizonezkoak dirua lapurtu ziela biktimei: dirudienez, hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik. Erkorekak ez zuen horri buruz ezer adierazi bere agerraldian. Ikerketaren barruan, ertzainek etxe bat miatu zuten ostiralean Irunen, atxilotuaren gaineko informazioa eskuratze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.