Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Eider Mendoza. EAJko Gipuzkoako ahaldungai nagusia

«Lokatzetan EH Bildu sartu da, eta horrek denei eragiten digu»

Mendozaren arabera, hurrengo legegintzaldian «egokitzapen batzuk» egin beharko dira zerga sisteman; halere, ahaldungaiak uste du egungo sistemak krisiari«ondo» erantzun diola pandemia garaian.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko maiatzak 21 - Donostia

Osasun arloan dauden «zailtasunei» erantzungo zaiela « hitzeman» du Eider Mendozak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974). Orain arte «eslogan ugari» entzun ditu kanpainan, baina beste alderdiek «proiektu gutxi» dituztela dio.

Kanpaina hasiera nahasi samar doa; proiektuei buruzko eztabaidari ez dio laguntzen askorik egoerak, ezta?

Oso zaila egiten ari zait eztabaida politikoa egitea alderdi batzuekin, ez dutelako inolako proposamenik eta ez dutelako adierazten ere nola eraman nahi duten aurrera esaten dutena. Ezerezarekin batera eslogan asko entzuten ditut, baina proposamenik ez. Eredurik gabe ari dira batzuk, eta oso soslai apalarekin. Ez dut ikusten borondaterik eztabaida sortzeko proiektuen inguruan.

Oroimenaren webguneak, EH Bilduren zerrendak... Ez al da lokaztu gehiegi kanpaina proiektuak behar bezala azaltzeko?

Koalizio batek erabaki du zazpi pertsona horiek zerrendetan sartzea; erabaki bat izan da, ez da kasualitatea inondik ere. Baina ez dituzte ondorioak ondo neurtu, eta Voxi eta Ayusori kanpaina egin diote, eta, aldi berean, kaltea Pedro Sanchezi. Horren ondorioak kudeatzea oso zaila dute orain. Gaizki eta berandu erabaki dute zazpi horiek ez dutela kargua hartuko hautatuak badira. Memoriari, bizikidetzari eta biktimei dagokienez, begirune falta ikaragarria da. Iraganaren irakurketa kritiko bat egin behar dute, ezinbestekoa da; baina oraindik mendekotasun handia dute eta harreman oso toxikoa ETAren munduarekin. Lokatzetan EH Bildu sartu da buru-belarri, eta horrek denei eragiten digu, eztabaida asko espainiartu dutelako.

Nola eragin dio EAJri? Mesede egingo dio zure hautagaitzari?

Erabateko kaltea egiten dio horrek elkarbizitzari, memoriari eta biktimei; beraz, kalte egiten dio politikari orokorrean.

Zer iruditzen zaizu PSE-EEren ukoa aldundiaren helegitea babesteari Uliazpiko euskararen aurkako epaiaren harira?

Hauteskundeetan bakoitzak bere soslaia nabarmendu nahi izaten du. Guk gure estiloa daukagu, eta ez ditugu gure iritziak aldatzen hauteskundeen arabera; gure jokabideak ez dituzte baldintzatzen hauteskundeek. Gipuzkoako Foru Aldundiak lan eskaintza publikoak egin izan dituenean, Gobernu Kontseiluak onartu ditu, eta alderdi guztien babesarekin. Hortik aurrera, hauteskundeetan alderdiek egiten dituzten jakinarazpenei buruz halakoak egiten dituztenei galdetu behar zaie.

EAJren gobernu bazkidea izan da orain arte PSE-EE. Komunikazio horrek ezustean hartu zaitu?

Hedabideetan jakinarazi zuten jarrera hori; Gobernu Kontseiluan ez dugu inolako gogoetarik egin horri buruz. Dena den, auzi horren inguruan guk esaten dugu bi hizkuntza ofizial daudela Gipuzkoan, eta biak ezagutu behar direla administrazio publikoan, zerbitzuak ematen dituenean herritarrek eskubidea dutelako bi hizkuntzetan artatuak izateko. Aldundiko langileen %97k dagokien hizkuntza eskakizunak dauzkate. Sekulako ahalegina eskatu du, baina erabaki politiko bat da. Bide horretatik jokatzen jarraituko dugu, esaterako Euskaraldiaren ekimena zabalduz.

Euskaraz artatua izateko eskubidea eta lan eskubidea jartzen ditu PSEk aurrez aurre. Ados zaude horrekin?

Lanpostu bat eskaintzen denean ezaugarri batzuk eskatzen dira, eta horiek bete behar izaten dira. Argi daukat.

EAJk soslai abertzalea indartu du EH Bildurekin lehian dabilelako, PSEk esan duen moduan?

EH Bildu baino askoz lehenago sortu zen Eusko Alderdi Jeltzalea eta helburu batekin: independentzia lortzea. Ez dut zertan lehiatu EH Bildurekin.

Gipuzkoan lehia estua aurreikusi dute inkestek EAJren eta EH Bilduren artean. PSE-EE erabakigarria izango da gobernua eratzeko. Lasaitasuna ematen dizu horrek?

Nire anbizioa ez da diputatu nagusia izatea. Oso proiektu sendoa dugu, eta herritarren konfiantza eta atxikimendua eskuratzea da nire helburua. Oso goiz da jakiteko zer gertatuko den. Maiatzaren 28an ariketa demokratiko bat egingo dugu. Hau ez da lasterka bat. Gipuzkoarren borondatea zein den jakingo dugu, eta esandakoa errespetatu beharko da.

Baina PSEk dio ez duela «Bilduren kaosa» ekarriko bueltan. Aginte makila ez duzu gertuago ikusten?

Inondik inora ere ez. Herritarren borondateari errespetu handia diot, eta haren zain nago bestelako kalkulurik egin gabe.

Zerga erreforma bat eskatu dute alderdiek. Batik bat errenta zergak eta BEZak elikatzen duten sistema orekatu behar da?

Politika fiskala tresna bat da, nahikoa baliabide sortzeko zerbitzu publiko sendoak izan daitezen eta, aldi berean, ekonomia sustatzeko. Bi helburu horiek ikusten dizkiogu zerga sistemari. Horri esker, Gipuzkoa hainbat parametrotan Europako puntan dago: berrikuntzaren arloan, langabezia tasan, desberdintasuna neurtzen duten indizeetan, zaintzan... Hori posible da buruan ideia hori eduki dugulako: ekonomia indartsua behar dugu, jakinda helburua dela pertsonak ondo zaintzea. Pandemian ikusi zen sistema horrek krisiari oso ondo erantzun ziola.

Baina orekatu behar da sistema fiskala?

Egokitzapenak egin beharko dira, baina Helgako lurraldeen pareko sistema bat daukagu, progresiboa eta orekatua. Gehiago dutenek gehiago ordaintzen dute. PFEZa bilketaren %40 da, baina gipuzkoarren %40k ez dute ordaintzen, eta ordaintzen dutenen artean %25ek ordaintzen dute biltzen den %70a. Hau da, zerga ordaintzen dutenen laurdenak ordaintzen du PFEZaren %70. Ondare zerga daukagu, gainera, eta Europan ia desagerturik dago. Espainian atzetik dabiltza tarte baterako onartu duten zerga berriarekin, adibidez.

Fortuna handien zerga bi urterako da, eta lehenari izkin egingo diote Gipuzkoako zergadunek, aldundiek denbora behar omen dutelako hura egokitzeko.

Baina badugu ondare zerga; hura ordaindu dute jadanik. Zerga horri dagokionez, Bilduren urterik onena bilketan gure urterik apalena izan da. Haiek jarduera ekonomikoari kalte egin zioten beren zergarekin. Esloganak dira gauza bat eta errealitatea beste bat.

Donostiako ESIaren auziari lotuta iritsi da lurraldeen arteko desoreka baten salaketa osasun zerbitzuetan. Nola defendatuko duzu Gipuzkoa arlo horretan ahaldun nagusi bazara?

Esloganak dira horiek. Gatazka bat sortu zen, baina zubiak eraiki dira, eta auzia bideratu da. Lehendakariak berak gezurtatu zuen zerbitzuak beste norabait eramango direla. Kontua da pandemiaren ondoren oso nekaturik iritsi direla profesionalak; Europa osoan gertatzen ari da: profesionalak falta dira. Baina Osakidetza sekulako ahalegina egiten ari da egoerari erantzuteko. Herritarrei konfiantza eskatzen diegu, eta hitzematen diegu: arazo hori bideratuko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Borderen kasua salatzeko Etxeratek eginiko agerraldi bat. ©Aritz Loiola / FOKU

Joseba Borde presoari hirugarren gradua kentzea gaitzetsi dute

Berria

Fiskaltzak aurkeztutako helegiteak espetxera itzultzera behartu duela-eta, protesta egin dute Ugaon, bere segurtasun juridiko eza salatzeko.

Hauteskunde mahai bat, maiatzaren 28an. ©Aitor karasatorre / FOKU

Gipuzkoako hamalau udalerritako botoak berriz zenbatuko dituzte

Berria

Stop alderdiaren errekurtso batek eragin du kontaketa berriz egitea.

Santos Cerdan eta Javier Remirez, Maria Txibiterekin batera. ©IDOIA ZABALETA/FOKU

Cerdan izango da PSNren zerrendaburua Espainiako Kongresurako bozetan, eta Remirez senaturakoetan

Berria

Kongresura Adriana Maldonado eurodiputatua joango da bigarren, eta senatura, berriz, Nuria Medina PSNko Berdintasun eta Aniztasun idazkaria

PSNko eta UPNko kideen arteko bilera, atzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ez du UPNrekin akordiorik egingo, eta EH Bildurekin bilduko da

Iosu Alberdi

Esan dute EH Bildurekin ere ez dutela gobernua negoziatuko. Geroa Baik EH Bilduren hautagaia babestuko du Eguesibarren. Ortuzarrek dio Iriartek Gipuzkoarako egindako proposamena ez dela «arrazoizkoa»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Xabier Martin

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...