Poloa, bertatik bertara

VW Nafarroak Polo berria plazaratu du Iruñeko Baluarten. Teknologian «modu nabarmenean» egin du aurrera autoak, enpresako arduradunek diotenez.

Uztailean ekoizten hasi ziren Poloaren modelo berriaren hamabi eredu erakutsi dituzte aurkezpen ekitaldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Handiagoa, ziurragoa eta, alor teknologikoari dagokionez, aurreratua». Hitz horiekin azaldu du Jesus Zorrillak, Volkswagen Nafarroako komunikazio kudeatzaileak, Alemaniako auto ekoizlearen azken sorkuntza: Polo A07 modeloa. Bi hilabete eskas igaro dira Iruñeko Landaben industrialdeko lantegian auto berria ekoizten hasi zirela. Zorrillak emandako datuen arabera, urtea amaitzerako, 78.000 auto inguru egitea dago aurreikusia. Pozik dago Europako autogintza alorreko prentsak «oso harrera ona» egin diolako modelo berriari. Hala ere, kanpoan ezagutzen dena etxean ere ezagutzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hala, atzo, Iruñeko Baluarte jauregian Volkswagen Polo A07aren aurkezpen ekitaldia egin zuten.

Baluarteko ateak hamaiketan irekitzeko zain zeudenetako bat zen Jon Martinez. Auto berria bertatik bertara ikusteko «irrikaz» zegoela zioen. «Orain arte argazkietan bakarrik ikusteko aukera izan dut; ea aurrez aurre nolakoa den». Hamabi urte bete dituen Polo bat dauka, eta berria erostekotan dago. Aretora sartu eta segituan hasi zen ikusgai zeuden hamabi eredu ezberdinen inguruko informazioa eskuratzen. Modelo jakin batek erakarri zuen bere harretan, Polo GTak. Besteekin alderatuta ezberdina da. Zorrillak jakinarazi duenez, 200 zaldi ditu, eta bereziki abiadura atsegin dutenenetzat dago pentsatua. Argi dago emozio handia eskain dezakeela. Gainera, bezeroak nahieran diseinatzeko aukera ere eskaintzen dute oraingoan: «Hala nahi dutenek autoa pertsonalizatu ahal izango dute».

Maite Apezetxea ere aretora sartzen goiztiarra izan zen. Senarrarekin batera joan zen. Ez duela autorik erosteko inolako asmorik argitu zuen. Baina semeak beharra Landabengo lantegian egiten duenez, uztailetik aurrera egiten laguntzen duen auto hori ezagutzeko gogoz zegoela esan zuen. «Sarritan aipatu dizkigu semeak auto berriak dituen hobekuntzak, eta interesa genuen zeintzuk ziren ezagutzeko». Auto gorrira sartzeko Volkswageneko aholkulariak egindako gonbita profitatuz, gidariaren tokian eseri zen. «Erosoa da benetan. Aizu, aurreko modeloa baino handiagoa da, ezta?», galdetu zuen. Baietz erantzun zion aholkulariak, autoa egiteko baliatzen duten MQB A0 plataformaren bidez egindako txasisari esker, aurreko Poloa baino handiagoa dela berria.

Izan ere, Volkswagen Polo A05 modeloarekin alderatuta, auto berriak barnean eta maletategian espazio handiagoa du. «Gaur egun, espazioa oso aldagai garrantzitsua da. Poloaren segmentuko beste autoak baino lehiakorragoak gara alde horretatik», azpimarratu zuen Zorrilak.

Segurtasun alorrean ere erdietsitako aurrerapenak aipatu zituen Volkswagen Nafarroako komunikazio kudeatzaileak. Auto sendoagoa da modelo berria, eta,istripuren bat izanez gero, kolpea askoz «hobeto» jasaten duela adierazi du. Gaineratu zuenez, segurtasun azterketetan maila gorena eskuratu du. Segurtasuna bermatzeko baliabideetan ezinbestekoa da teknologiaren eremua. Punta-puntako teknologia zerbitzuak eskaintzeko «ahalegin berezia» egin duela Volkswagenek; hala zioen Zorrillak. Esaterako, istripu batean gidaria harrapatuta geldituz gero, autoa bera jartzen da larrialdi zerbitzuekin harremanetan. Besteak beste, istripuaren kokalekuaren koordenadak helarazte dizkie larrialdi zerbitzuei. Horrez gain, gidariak sakelakoan dituen aplikazioak autoan erabiltzeko aukera ere badago.

Pozik agertu zen modelo berriaren bidez iritsi diren aldaketekin Emilio Saenz Grijalba Nafarroako Volkswageneko presidentea. «Polo A07a aurrerapausoa da gure lantegiarentzat, eta gauza on asko ekarriko dizkigu, ziur nago». Merkatuan duen harreraren berri izateko, Zorrilla hainbat auto saltzailerekin jarri da harremanetan: «Guztiek gauza bera esaten didate, bezeroari asko ari zaiola gustatzen autoa. Hori guretzat oso albiste ona da».

Landaben eredu

Orain arte, Volkswagen Polo berria Landabengo lantegian soilik ekoizten zen. Baina, Zorrillak adierazi duenez, Hego Afrikako eta Brasilgo lantegietan hasi dira auto berria egiten. «Bi lantegi horien erreferentzia nagusia gu gara. Harro gaude Volkswagenek gugan jarritako konfiantzagatik». Azken datuen arabera, Iruñeko fabrikan ia 4.700 lagunek egiten dute lana. Baina epe motzean zenbateko hori «nabarmen» haztea espero dute.

2018ko azarotik aurrera, beste auto bat ekoizten hasiko dira. Zorrillak ez du zehaztu nahi izan autoren izena ezta nolakoa izango den ere. Polo A07ak bezala MQB 01 plataformako txasisa izango du, baina ez du atzo aurkeztutako autoaren antzik izango. Dagoeneko, bigarren modelo hori ekoitzi ahal izateko lantegia egokitzen hasita daude, eta Poloarekin eskuratutako erreferentzialtasuna errepikatu nahi dute modelo berriarekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.