Albistea entzun

«Irabazleen historia», auzitan

Elkanori Bira ekinbidea sortu dute, munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioaren V. mendeurrenaren karira. Elkanoren gaineko «gogoeta kritikoa» sustatu nahi dute
Antzezle bat, Juan Sebastian Elkanoren rolean, Getarian eginiko «Munduari lehen bira - Elkano 500» ekitaldi instituzionalean.
Antzezle bat, Juan Sebastian Elkanoren rolean, Getarian eginiko «Munduari lehen bira - Elkano 500» ekitaldi instituzionalean. JON BERNARDEZ Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko ekainak 30

Historiografia ofizialaren arabera, 1519. urteko irailaren 20an hasi eta 1522ko irailaren 6an burutu zen munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioa. Fernando Magallaes portugaldarraren gidaritzapean abiatu ziren bost itsasontzi Espainiatik, baina, hiru urte geroago, bakarra itzuli zen, Juan Sebastian Elkano getariarra (Gipuzkoa) espedizioburu zela. Karlos V.a enperadoreak agindu eta Gaztelako Koroak finantzatu zuen misioa.

2022an bosgarren mendeurrena beteko da, eta horren karira, ekitaldi ugari antolatu dituzte bai Espainiako Gobernuak eta bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat erakunde publikok. Instituziook prest dute jada datozen hiru urteetako ospakizunen egitaraua; besteak beste, erakusketak, musika emanaldiak, antzezlanak eta omenaldiak antolatu dituzte. Baita 25 milioi euroren aurrekontua duen pelikula bat ere.

Elkano eta Magallaesena lorpen handia izan zela azpimarratu dute batzuek eta besteek: Madrilentzat, «Elkanorena da Espainiako armadak inoiz egindako balentriarik handiena»; Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Getariako Udalak sortutako Elkano fundazioaren arabera, berriz, «euskaldunak bereizten gaituen indarraren, ausardiaren eta itsas teknologia aurreratuenari buruzko ezagutzaren ikurra da». Hainbat ikerlari, irakasle eta eragile sozialen ustez, ordea, getariarraren «balentria» goratu bainoago, «historia eurozentristaren inguruan gogoeta» egiteko aukera ematen du bosgarren mendeurrenak.

Hori dela eta, Elkanori Bira herri ekinbidea sortu dute hainbat sektoretako ehun bat eragilek, «orain arte historiak isilarazitakoak» lehen lerrora ekartzeko: «emakumeak, herri indigenak, eta inperialismoaren kalteak zuzenean sufritu eta sufritzen dituztenak».

Manifestu bat eta egitasmoarekin bat egin dutenen zerrenda ere argitara eman dituzte elkanoribira.eus webgunean. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Santiago Alba Rico filosofoa, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariak, Amelia Barquin eta Asier Blas EHUko irakasleak, Eñaut Elorrieta eta Patxi Saiz musikariak, June Fernandez eta Edurne Elizondo kazetariak, Kattalin Miner, Hedoi Etxarte eta Iban Zaldua idazleak, eta Gorka Arrese eta Joxemari Esparza editore ohiak.

Elkarteei dagokienez, berriz, ekinbideari atxikimendua adierazi diote, besteak beste, LAB eta ELA sindikatuek —azken horrek, Manu Robles Arangiz fundazioaren bidez—, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Euskadi-Cuba elkarteak, Askapenak, Komite Internazionalistek, Euskal Herrian Euskarazek, KEM-MOC talde antimilitaristak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundeek.

Sinatzaileek salatu dute erakunde publikoek Magallaes eta Elkanoren espedizioaren bosgarren mendeurrena erabiltzen ari direla «historia moldatzeko, gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera». Hori guztia «Euskal Herriaren izenean» ez egitea galdegin dute: «Joan Sebastian Elkano heroi gisa aurkezteak eta saltzeak, boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, gure historiaren jabe ez izatera zigortzen gaitu».

Ekinbideko arduradunen arabera, Elkano ez zen izan «erakutsi zaigun itsasgizon eta merkatari eredugarria»: «Oran hiriaren konkistan aritu zen, Cisneros inkisidore handiarekin batera, eta 1519. eta 1522. urteen arteko bidaia hartan ere, hildakoak eta bortxatuak utzi zituen batean eta bestean, bidaide izan zituen Antonio Pigafettaren eta Francisco Alboren egunerokoek erakusten duten moduan». Hori dela eta, uste dute Elkano eredu gisa aurkeztea «zentzugabekeria» dela.

Historiografia berri bat

Espainiako Gobernuak Defentsa Ministerioaren esku utzi ditu Elkanoren espedizioaren V. mendeurrenaren antolaketa lanetako asko. Hartara, efemeride kulturalaz harago, Espainiako armada goraipatzeko aitzakia bihurtu da ospakizuna. Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek sustatutako ekitaldiei dagokienez, berriz, Elkanori Bira ekinbideak uste du erakundeek «Euskal Herriaren enbaxadore» bihurtu nahi dutela esploratzaile getariarra, «Basque Country around the world leloa saltzeko».

Horren aurrean, «historiari begiratzeko beste modu bat» planteatzen dute ekinbideko kideek: «Historia ezin da nazionalismo neokoloniala sustatzen duten interes enpresarial edo politikoen menpe jarri, europar konkistatzaileek 'aurkitutako' lurrak eta menperatu zituzten pertsonak ez baitira abentura epikoak edertzeko apaingarriak».

Horregatik, bestelako politika kultural baten aldeko aldarria egin dute: «Mezenasgo zehatzek sustatutako politika kulturalen eredu hau arbuiatzen dugu; lobby turistikoen, promotoreen, kontsultarien, enpresa taldeen, fundazioen eta iritzi korronteen esku baitaude». Are: egungo kultur ereduak «merkatuaren logika» sustatu eta «pentsamendu kritikoa» alboratzen duela azpimarratu dute.

Finean, Elkanori Bira ekinbidearekin bat egin dutenek baztertu nahi dute «irabazleek idatzitako historia»: kontakizun hori «ikuspegi kritikoarekin» aztertzea galdegin diote gizarte osoari, «zapaltzailerik eta zapaldurik gabeko etorkizun berri bati ateak irekitzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du

Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian

Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko

Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...