'Aita Mari'-koek erreskatatuen osasun egoeraz ohartarazi dute

Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia Italiara bidean da; errefuxiatuak porturatzeko baimena jasotzeko zain segitzen du

Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Erreskatatutako 78 pertsona daramatza Aita Mari itsasontziak, eta Italiako edo Maltako gobernuak porturatzeko baimena emateko zain segitzen du. Atzo goizean, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontziak gertuago zuen Maltako kostaldea, baina, Mediterraneo itsasoko eremu horretan aurreikusitako denboraletik babesteko intentzioarekin, Italiarako bidea hartu zuen eguerdian. GKEak ohar baten bidez ohartarazi zuen denborak aurrera egin ahala itsasontzian doazen errefuxiatuen osasun egoera «konplexuagoa» izan daitekeela. GKEaren aurreikuspenen arabera, gaur «lehen orduan» dira Sizilia uhartera (Italia) hurbiltzekoak. Daniel Rivas Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak BERRIAri adierazi zionez, ordea, Aita Mari ez da Italiako uretan sartuko baimenik gabe, eta nazioartekoetan jarraituko du.

Rivasek jakinarazi duenez, orain bertan Mediterraneoan Aita Mari bezalatsu dauden beste bi ontzirekin koordinatuta hartu dute norabidea aldatzeko erabakia. Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEen OceanViking-ek —213 iheslari daramatza— eta Open Arms-ek —73 migratzailerekin— Italiarantz jotzea erabaki dute. Bi ontzi horiek ere hiruzpalau egun daramatzate lehorreratzeko baimenaren zain.

Itsas Salbamendu Humanitarioak nabarmendu duenez, bederatzi haur daude erreskatatuen artean, eta andrazkoetatik bat haurdun dago. Beste bati zesarea bat egin diote duela gutxi, eta «depresio sakon bat» jasaten ari da.

Ontzian doazenak Saharaz hegoaldeko Afrikakoak dira. GKEko kideek ez dakite oraindik nongoak diren 78ak, baina adierazi dute Nigeriako —«Boko Haramen terrorismoaren biktimak»—, Kamerungo, Somaliako, Maliko eta Eritreako herritarrak daudela erreskatatutakoen artean.

Itsas Salbamendu Humanitariokoek portu batera eraman nahi dituzte, baina, Rivasen ustez, EB Europako Batasuneko estatu kideak ez dira oraindik ados jarri ontziak non lehorreratu behar duen erabakitzeko. Haren ustez, Malta beti ahalegindu izan da «ardura» Italiaren esku uzten. «Maltari ez zaio gustatzen migratzaileak hartzea. Uhartea txikia da, eta... Migratzaileak porturatzeko orduan, Maltako eta Italiako gobernuak pilota elkarri pasatzen ari dira». Gogoan hatu behar da zenbait herrialdek etorkinen «banaketa solidarioa» egiteko konpromisoa hartu zutelajoan den irailean. Mediterraneotik Europara iristen diren iheslariak hartzeko konpromisoa hartu zuten herrialdeen artean daude, Rivasen hitzetan, «Alemania, Frantzia, Portugal eta Luxenburgo».

Aita Mari-k joan den ostegunean egin zuen erreskatea, eta segituan jarri zen harremanetan Italiako eta Maltako agintariekin. Herenegun beste abisu bat jaso zuen, jakinarazten ziona 45 bat migratzaile zeramatzan ontzi bat noraezean zegoela. Horienganako bidea hatu zuen, baina Libiako Armadak agindu zion bertan behera uzteko operazioa, militarrak arduratuko zirela errefuxiatu horiek erreskatatzeaz.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bestalde, Aita Mari-rekin «kontaktu etengabea» dutela adierazi zuen atzo.

Hil gutxiago itsasoan

IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen azken txostenaren arabera, aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 13ra bitartean 1.091 errefuxiatu hil dira Mediterraneo itsasoan. Iaz epe berean eta leku berean hildakoen kopurua ia bikoitza izan zen: 2.117. 2014az geroztik 34.028 etorkin hil dira ur horietan. NBEren agentziak nabarmendu du, gainera, behera egin duela Mediterraneotik Europara iritsitako migratzaile kopuruak. Aurtengo lehen 11 hilabeteetan 50.371 ailegatu dira Greziara (iaz, 28.461), 22.343 Espainiara (iaz, 50.440), 9.944 Italiara (iaz, 22.518), 5.737 Ziprera (iaz, 746), 3.173 Maltara (iaz, 1.182).

Halere, IOMen arabera, azken egunetan ugaritu egin dira Libiatik errefuxiatuekin ateratzen diren ontziak, eta horregatik «arduratuta» dago. EBri eskatu dio «berrikusteko» bere politikak; izan ere, Bruselak finantzatzen ditu bai Libiako kostazainak, baita han azken urteotan errefuxiatuentzako egindako atxilotze guneak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.