'Bateragune auzia'. Mobilizazioak

Demokrazia eskatu dute plazek

Jendetza bildu da 'Bateragune auziko' epaiketa berriz egiteko erabakia salatzeko deituriko elkarretaratzeetan. 191 bilkura izan dira guztira

Bilboko Arriaga plazan atzo eguerdian eginiko elkarretatzean bildu zen jendea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Demokrazia!, hizki larriz idatzita. Hori irakur zitekeen atzo eguerdian Euskal Herriko plaza askotan deituriko elkarretaratzeek buru zuten pankartetan. Bateragune auziko epaiketa berriz egiteko erabakia salatzeko deitu zituzten, eta, era berean, auzipetu zein haien gertukoek herritarren babesa sentitu zezaten balio izan zuten. 189 izan ziren Euskal Herriko herri eta hirietan deituriko bilkurak eta bana egin zuten Santiagon (Galizian) eta Bartzelonan. Alderdi politiko, sindikatu eta elkarte ugaritako kideek agertu zieten elkartasuna, eta denek ia aho batez salatu zuten auzipetuak jasaten ari diren «bidegabekeria».

Elkarretaratze jendetsuenetakoa Bilbon egin zen, Arriaga antzokiaren gerizpean. Eguraldia lagun, bete egin zen, eta bertan agertu ziren Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodriguez. Beste auzipetuek, aldiz, Rafa Diezek, Sonia Jacintok eta Miren Zabaletak, haien herrietako bilkuretan hartu zuten parte. Besarkada eta elkartasun mezurik ez zitzaien falta izan. Bilbon jaso zituzten, esaterako, Miren Araneta eta Jon Andoni Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko burukideenak.

Alderdi jeltzaleak ohar bidez plazaratu zuen epaiketaren errepikapenak eragindako «haserrea», eta gaineratu zuen erabaki honek auzitan jarri duela «Espainiako Konstituzioak ezartzen duen segurtasun juridikoaren printzipioa». Era berean, nabarmendu zuen «inoiz baino premiazkoagoa» dela Espainiako justizia administrazioak bere barne egitura sakonki berritzea.

EH Bilduko kide ugari bildu ziren Bilbon. Parlamentari, batzarkide eta zinegotziak zeuden bertan, eta Unai Urruzuno legebiltzarkidea izan zen haien ahotsa. Espainian «inboluzio» baten bila dabiltzan sektore boteretsuak daudela salatu zuen, Auzitegi Gorenak harturiko erabakiak «sustatzen». Gauzak hala, konponbidea Euskal Herrian kokatu zuen Urruzunok: «Sektore subiranista eta progresistei dei egiten diegu, ez soilik gaurkoan bezala eraso hauei herri gisa erantzuteko, baizik eta herri gisa agenda demokratiko baten barruan jarduteko eta egunerokotasunean elkarrekin aritzeko».

Elkarrekin Podemos-IUko hainbat ordezkari egon ziren; besteak beste, Roberto Uriarte Espainiako Kongresuko diputatua eta Iñigo Martinez Zaton Eusko Legebiltzarreko parlamentaria. Azken horrek elkartasuna adierazi zien auzipetuei, eta, lehen epaiketarekin egin bezala, bigarrena ere «errefusatzen» dutela adierazi zuen. Zatonek, era berean, auzitegien muineraino luzatu zuen bere kritika: «Kasu honek agerian utzi du Espainiako auzitegi handiek duten ageriko demokratizazio beharra».

Elkarte ugarik egin zuten bat deialdiarekin: Sarek, Gure Eskuk... Lander Martinez, Javier Madrazo eta Tasio Erkiziaren gisako kargu politiko ohiak ere bildu ziren Arriagan. Sindikatuen aldetik, beteak beste, ELA, LAB, CCOO eta Steilaseko ordezkariak egon ziren. LABen izenean Koldo Saenz nazioarteko ordezkariak hartu zuen hitza, nahiko grafikoki gainera, eta, lehen epaiketa «astakeria» bazen, bigarrena «are astakeria handiagoa» dela nabarmendu zuen.

ELAren izenean Mitxel Lakuntza idazkari nagusia mintzatu zen, Iruñean. Haren ustez, errepikapena asmo argia duen «burugabekeria» bat da: «Espainian dagoen koalizio gobernuaren desestabilizazioa, eta EH Bilduk estatuan politika normaltasunez ezin egin ahal izatea». Bestalde, Iñigo Iruin auzipetuen abokatuak bihar egingo du kasuaren zuzenbide analisia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.