Txikia eta haren belaunaldia omendu ditu Harro Hadi dinamikak

«Gazte ausart haien ereduak gugan dirau; bizirauteko hautua egin zutelako dago gure herria bizirik», adierazi dute antolatzaileek

Hainbat zapirekin ikurrin bat osatu zuten, atzo, Itsasondoko pilotalekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Itsasondo
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Txikia zuen «guda izena» Eustakio Mendizabalek, eta datorren apirilaren 19an 50 urte beteko dira hil zutenetik. Euskaltzalea, poeta eta ETAko kidea —fronte militarreko burua 1971tik aurrera— izan zen Txikia, eta Algortan (Bizkaia) hil zuen Poliziak, 1973an. Haren jaioterrian, Itsasondon (Gipuzkoa), ekitaldi politikoa egin zuen Harro Hadi dinamikak, atzo, Txikia eta haren belaunaldia omentzeko. Herriko pilotalekua bete zuten pertsonek bat eginda abestu zuten Telesforo Monzonek idatzi zuen eta Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek abestu izan duten Txikia abestia. «Harro hadi, Kantauri itsasoa», abestu zuten Itsasondon, eta ondokoa aldarrikatu: «Harro hadi, Euskal Herria».

Txikia eta haren belaunaldia omentzeko, lehenik hainbat dantzarik zapi zuri, gorri eta berdez ikurrin bat osatu zuten, musikariek Eusko gudariak jotzen zuten bitartean. Aitor Arrospide Harro Hadi dinamikako kideak hartu zuen hitza: «Mende erdi pasatxo igaro da gazte belaunaldi bat diktaduraren ilunpean gerrako errautsetatik jaikitzera ausartu zela. Gazte ausart haien ereduak gugan dirau, eta iraungo du geroan. Bizirauteko hautua egin zutelako dago gure herria bizirik».

Hori gogorarazteko, Txikiaren bizitza kontatzen zuen bideo bat erakutsi zuten, eta, ondoren, Harro Hadi taldeko kide Haimar Altunak azaldu zuen Txikiaren hilketarekin «mezu argi bat» helarazi nahi izan ziotela Euskal Herriari: «España: una, grande y libre [Espainia: bat, handia eta askea] egitasmoak aurrera jarraituko zuela, kosta ahala kosta. Ezer egiterik ez genuela, ez genuela gehiago egunsentirik ikusiko. Ilunetan bizitzera kondenatuak geundela». Hala ere, nabarmendu zuen Txikiaren belaunaldiak «bide bat» irudikatu zuela Euskal Herriarentzat, eta «martxan» jarri zuela. «Baina bide hori errepresioaren, gerra zikinaren eta trantsizio delako erreforma baten bidez mozten saiatu ziren», azaldu zuen Altunak.

Txikiaren hainbat senide izan ziren Itsasondoko pilotalekuan, eta haiek jasandako mina aitortzeaz gain, besarkada bana eman zieten «miresmenez eta indar bereziz», baita lore sortak eta oroigarriak ere. Senide batek eskerrak eman zizkien denen izenean.

Borrokaren ondorioa

«Norbaitek pentsa lezake borroka egitea ez duela merezi, Txikiak eta beste hainbatek egindako ekarpena hutsala izan zela. Ez. Argi eta garbi diogu ezetz. Non geundeke bestela gaur egun? Non geundeke euskal matxinada gertatu izan ez balitz?», galdetu zien Altunak ingurukoei. Hark eman zuen erantzuna: «Azken batean borrokak eman digu gaur egun duguna: hizkuntza, euskal kultura eta nortasuna, sare komunitarioa, lan eskubideak. Ez da nahikoa, noski, baina gauzak alda daitezkeela erakusten digu borroka egiteak».

Horregatik, nazio susperraldi berri bati ekiteko deia egin zuten Harro Hadi dinamikakoek. «Aurreko belaunaldietatik jasotako borrokak borroka berriekin josiz etorkizuna eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu», esan zuen Altunak.

«Geroari esaiok olatuetan/ herri izarrak ez direla itzaltzen/ gure haurrek biharko ikastoletan/ heien izenak abestu ditzaten», dio abestiak. Harro Hadi taldeko kide Nerea Martinezek nabarmendu zuen haurrek haien izenak abesten dituztela. Hala egin zuten Txikiaren jaioterrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.