Erretiro partziala eskainiko die Jaurlaritzak 700 langileri

Lanpostu finkoa duten lan legepekoei ireki nahi zaie aukera. Lanaldi erdia egin beharko dute, eta ordezko bat kontratatuko zaie

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia, Gasteizko Lakua auzoan. IREKIA.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Erretiro partziala sustatzeko plan bat aurkeztu die Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoan ordezkaritza duten sindikatuei. Eragin mugatua izango luke, soilik lanpostu finkoa duten lan legepeko beharginak ordezkatzea ahalbidetuko lukeelako, baina bidea irekiko luke datozen bi urteotan 700 langile baino gehiago ordezkatzeko.

2019ko urtarriletik 2020ko abendura bitarte erretiroa hartuz gero, lanaldia erdira murrizteko aukera emango zaie langileei, lau urtez lanean segitzeko. Era berean, aukera egongo da falta zaien lan hori bateratzeko, eta bi urtean erretiratzeko, lanaldi osoari eutsita. Gutxienez, 33 urte kotizatuta eduki beharko dituzte, eta sei urteko antzinatasuna.

Baldintza horiek betetzen dituzten 716 langile identifikatuak ditu funtzio publikoak. Bi heren inguru (474 langile) Osakidetzan ari dira. Beste 134 hezkuntza alorrekoak dira. Administrazio orokorrean (58), justizian (sei) eta segurtasun (bat) sailetan ere badira.

Lanpostua uzten duten administrazioko behargin horien lekua beste langile batzuek hartuko dute, errelebo kontratuen bidez. Lau urterako kontratuak izan litezke lanaldi erdiarekin, edo bi urtekoak, lanaldi osoan. «Gazte enplegu zuzena sortzea eragingo luke», ziurtatu du Andres Zearreta funtzio publikoko sailburuordeak. Zearretak agindu du gobernuaren konpromisoa dela administrazioan gertatuko diren erretiro guztiak errelebo kontratuen bidez ordezkatzea.

Neurria aurrera eramateko, aurreikusita dago datozen bi urteotan 15 milioi gastatzea.

Zearreta sailburuordeak proposamena eraman zuen atzo administrazioko langileen baldintzak eztabaidatzen dituen mahai orokorrera. Harrera hotza egin diote planari ELAk eta LABek, eskasa dela iritzita. UGTk begi onez ikusi du, baina finkoak ez diren langileei ere zabaltzea eskatu du, diskriminaziorik egon ez dadin. Posible ote den aztertuko du orain gobernuak.

Rajoyren erreformari lotuta

ELAk gogor kritikatu ditu erretiro partziala eskaintzeko baldintzak. Espainiako Gobernuak Mariano Rajoyren agintaldian egindako lehen pentsioen erreformaren «aplikazio praktikoa» da, sindikatuaren ustez. Erreforma horrek lanaldia gehienez ere erdira murriztea ezarri zuen. Dekretu horren arabera, 62 urtetik gorako langileek izan dezakete aukera hori. ELAk, halaber, gaitzetsi du egingo diren errelebo kontratuak aldi baterakoak izatea.

Erretiro partziala administrazioko langile guztiei zabaltzea eskatu du sindikatuak, eta funtzionarioek ere baliatu ahal izateko formulak bilatzea. Erretiroa hartuko duen langileari ordaindutako baimen apartekoa ematea, eta lanpostua ez amortizatzeko konpromisoa egotea ere exijitu du, ordezkoei lanaldi osoko kontratuak egitearekin batera.

LABen ustez, «petatxoak» dira Zearretak mahaira eramandako proposamenak. «Partziala da, efektu mugatuak ditu, eta helburu bakarra da murrizketak kudeatzea», adierazi du sindikatuak, ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.