Irailaren 14rako manifestaziora deitu dute 11/13ko auzipetuek

Auzipetuek salatu dute «garai berriak» izan arren zigor handiei egin behar dietela aurre. Fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatu du
11/13 auzian auzipetutako kideen agerraldia, atzo, Donostian.
11/13 auzian auzipetutako kideen agerraldia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko ekainak 2
«Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko?». Irailaren 16an hasiko da 11/13 auziaren epaia, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta fiskalak dagoeneko egin du zigor eskaera: 601 urteko espetxealdia, guztira. «Gatazkaren ondorioak arindu eta gainditu nahian urrats garrantzitsuak» egin direla ohartarazi dute auzipetuak, eta, salatu dute, halere, zigor gogorrei egin beharko dietela aurre. Epaiketaren nondik norakoak azaltzeko, eta abian jarritako dinamiken berri emateko, atzo egin zuten agerraldia auzipetuek, Donostian. Irailaren 14an Bilbon manifestazioa egingo dutela iragarri dute.

Mobilizazioa egin eta bi egunera hasiko da epaiketa, Madrilen. Euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritar epaituko dituzte: osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen aldeko eragileetako kideak. Haien izenean mintzatu ziren atzo Amaia Izko abokatua eta Ane Zelaia Herrirako kide ohiak. «Elkartasun sare baten kide» izateagatik auzipetu dituztela salatu zuten Izkok eta Zelaiak: «Milaka izan dira azken urteotan elkartasun sare hau posible egin dutenak. Elkartasuna izan da guztiok lotu gaituen haria». Nabarmendu dute beren «printzipio politiko eta etikoei loturik» aritu direla lanean: «Lasai gaude egin dugunarekin», azpimarratu du Zelaiak.

Elkartasun sare horren parte izatea «ederra» izan dela diote auzipetuek, baina mina eragin duela ere bai: «Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta geure ingurune hurbilarenak. Espetxearen mamua dugu parez pare». Izkok egin du zehaztapena: «38 adin txikiko ditugu gure zaintzapean, eta horien garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko luke gure espetxeratzeak. Egoera gogorra da».

Fiskalak zortzi eta 21 urtera arteko espetxe zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat, eta, ondoren, zaintzapeko zigorra; lau eta zortzi urtera artekoa. 2013ko irailean hasi zen auzia, eta 2015ean izan ziren azken atxiloketak. Jaiki Hadi-ko, Etxerat-eko eta Herrirako kideak, daude, besteak beste, auzipetuen artean.

Kartzelaldia «arintzearren»

Izkok eta Zelaiak salatu dute euskal presoen eta erbesteratuen beharrak «artatzeagatik» eta horien eskubideen alde egiteagatik auzipetu dituztela. Auziko lehen operazioa izan zen 2013an Herrira-ren aurka egindakoa. 2014ko urtarrilean, berriz, bitartekari taldeko zortzi lagunen aukakoa izan zen, eta, handik urtebetera, abokatuak eta beste lau kide atxilotu zituzten. 2015ean amaitu zen operazioa, Jaiki Hadi eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituztenean.

Elkartasun hori bueltan jaso dutela ere azpimarratu dute Izkok eta Zelaiak: «Asko izan dira gutako bakoitzak jaso dituen elkartasun keinuak». Halaber, auziarekin «asaldatu direnei eta babesa agertu dutenei» dei egin diete irailaren 14ko manifestazioan parte hartzera. Euskal Herriko askotariko eragileekin ere ari dira manifestu bat lantzen.

Bestalde, zigor ekonomikoari aurre egiteko dinamika bat ere martxan dago. Izan ere, 117.600 euroko isunari egin beharko diote aurre. IrtenBidera. Giza eskubideak, demokrazia, etorkizuna lemarekin abian jarri dituzte datozen hilabeteetako egitasmoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna