Koronabirusa munduan

OMEk ohartarazi du sendatuen immunitatea ez dela «ziurra»

Koronabirusaz munduan hildakoen kopurua 200.000ra iristear da; 2,7 milioi lagun kutsatu dira

Bi gizon, kirola egiten, Suitzako Lausanne hirian, Geneva lakuaren inguruan, atzo. LAURENT GILLIERON / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeairmo mintzatu zen atzo, ohartarazpen garrantzitsu bat egiteko: ez dago frogarik ziurtatzeko COVID-19az sendaturiko norbanakoek immunitatea dutela birusarekiko.

Koronabirusak sorturiko osasun larrialdia eguneratzeari buruzko ohar batean, OMEk gobernuei eskatu zien herritarrei ez emateko «arriskurik gabeko agiri» edo «immunitate pasaporte» direlakoak: «Gobernu batzuek iradoki dute SARS-CoV-2 birusaren aurkako antigorputzak izatea oinarri izan daitekeela norbanakoentzat lanera itzultzeko edo bidaiatzeko, bere eginda berriz kutsatzearen aurka babestuta daudenaren ideia. Ez dago frogarik ziurtatzen duena sendatu diren eta antigorputzak dituzten norbanakoek bigarren kutsaduratik babestuta daudela». Are, Nazio Batuen Erakundearen agentziak ohartarazi zuen antigorputzei buruzko testak ez direla erabat fidagarriak.

Txileko Gobernuak iragan astean adierazi zuen koronabirusaz sendaturikoei «osasun pasaporte» delakoak ematen hasiko zela, eta asmo horren harira egin du ohartarazpena OMEk: «Froga positibo bat jaso eta bigarren kutsatzeekiko immuneak direla uste dutenek osasun gomendioei muzin egin diezaiekete. Mota horretako agirien erabilerak, hortaz, transmisio jarraituaren arriskua handitu lezake».

Egoera horri aurre egiteko, OMEk adierazi zuen antigorputzei buruzko ikerketa guztiak errepasatzen ari dela, eta txalotu egin zuen herrialde batzuk proteina horiek probatzen ari direla biztanlerian edo talde zehatzetan; osasun langileetan, esaterako: «OMEk ikerketa horiek babesten ditu, beharrezkoak direlako kutsaduraren helmena ulertzeko eta horri loturiko arrisku faktore guztiak ulertzeko».

Osasun erakundearen arabera, atzo beste 82.089 kasu izan ziren munduan, eta, hortaz, denera 2,7 milioi lagun kutsatu dira. Atzo gauerako, hildakoak 187.847 ziren, 200.000ko langatik hurbil; John Hopkins Unibertsitatea, aldiz, 200.698 hildakoz aritu zen atzo gauean, eta 2,9 milioi kutsatuz —OMEren eta gobernuen datuak erabiltzen ditu—.

Datuak herrialdeka aztertuz gero, Ameriketako Estatu Batuetan dituzte kasu gehien (890.524 kutsatu eta 51.017 hildako), eta atzean ditu Espainia (219.764 kutsatu eta 22.524 hildako), eta Italia (192.994 kutsatu, baina hildako gehiagorekin, 25.969).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.