Albistea entzun

Arrasatetik urrutiratzen

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.
Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten.
Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. MONDRAGON Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko abenduak 4

Elkarren arteko desadostasunen ondorioz, Mondragon korporazioa eta Ulma eta Orona aldendu egin dira. Azken urteetan, handituz joan da haustura hori, baina, orain, korporaziotik kanpo bide propioari ekiteko atea zabaldu dute. Oñatiko kooperatiba taldeak (Gipuzkoa) eta Hernaniko kooperatibak (Gipuzkoa) harreman eredu berri bat nahi dute Mondragonekin, eta barne prozesu bat abiatu dute horretarako. Urak harrotu egin dira horren harira, ordea, mezu eta akusazio gogorrak tarteko.

Noiz sortu ziren desadostasunak?

Mondragonen eta Ulmaren eta Oronaren arteko desadostasunak ez dira berriak, baina urteetan kontsentsuaren bidez zuzendu dituzten harremanak inoiz ez bezala tenkatu dira orain. Bi kooperatibek urte askoan agertu dituzte desadostasunak korporazioarekin, eta ez da lehen aldia Arrasateko saretik kanpora aritzeko aukera mahai gainean dutela. Fagor Etxetresnen hondoratzearen ostean Mondragonek hartutako norabidearen ondoren, baina, nabarmen okertu dira harremanak. Horren adierazgarri izan daiteke arduradunen artean izandako aldentzea; Mondragonen arabera, bi kooperatibetako zuzendari nagusiek batzarretan parte hartzeari utzi diote azken urteetan.

Halere, Mondragonen txosten batek eragin du elkarren arteko azken desadostasuna. Azaroaren 15ean Donostiako Kursaal auditoriumean egin zen urteroko Kongresu Nagusian onartu zuten, eta Laboral Kutxaren eta korporazioaren arteko lankidetza nahiz elkartasun tresnak egokitu asmo dituen erabaki bat jasotzen zuen, finantza erakundea araudi berrietara egokitzeko. Ulmari eta Oronari ez zaie gustatu txostena onartzeko modua; izan ere, uste dute etorkizunean «interes gatazkak» sor ditzakeela kooperatiben artean, eta, beraz, iritzi diote onartu aurretik beste azterketa batzuk egin behar zirela.

Zergatik atera nahi du Ulmak?

Ulmaren eta Mondragonen arteko harremana hasieratik izan da gorabeheratsua. 1991n, Mondragon korporazioa sortu zenean, Oñatiko kooperatiba taldeak erabaki zuen ez bat egitea eta bide propioa urratzen segitzea. Talde gisa eratu baitzen Ulma orduan, eta ezinbestekotzat jo zituen nortasun, egitura eta jarduteko eredu propioei eustea. 2002an batu zen korporaziora, taldearen bereizgarritasunei eusteko baldintzarekin.

Mondragonek azken urteetan hartu dituen erabakiak eta norabidea tarteko, ordea, Ulmak arriskuan ikusten du eredu hori. 2016ko kongresuaren ondotik, Mondragonek berregituraketa prozesua abiatu baitzuen, baina Ulma ez dator bat industria atalaren eraldaketarekin, uste baitu kooperatiba bakoitzaren autonomiari eustea oinarrizkoa dela alor horretan ere. Eta, beraz, zuzendaritzak uste du ez duela beste aukerarik harreman eredu berri bat bilatzea baino.

Eta zergatik Oronak?

Finean, Oronaren arrazoiak Ulmaren berberak dira. Biek ala biek uste dute 2016ko kongresuan adostu ziren kontsentsuak aldatu egin direla azken urteetan, eta talka egiten dutela bi kooperatibek duten ikusmoldearekin. Hain zuzen ere, kongresu hark ageri-agerian utzi zuen Ulmak eta Oronak Mondragonekin zituzten desadostasunak. Horren adibide da, esaterako, funts berrien inguruan egindako aldaketa. Bi kooperatibek erabaki zuten ez parte hartzea Mondragonek kudeatzen duen dibisioen arteko zabalkunderako funtsean, baina lehenestea beren dibisioko funts propioa.

Zer proposatzen dute Ulmak eta Oronak?

Bi kooperatibek harreman eredu berri bat izan nahi dute Mondragonekin. Ekainean aurkeztu zuten proposamen hori, kooperatiba guztien ordezkariak biltzen dituen Batzorde Iraunkorrean, eta hala azaldu diete bazkideei ere. Txosten horretan jasotzen denez, Mondragoni atxikitako kooperatiba izateari utziko liokete Ulmak eta Oronak, eta hitzarmenen bidezko harreman bat garatuko lukete harekin, itunpeko lotura bat sortuz. Modu horretan, nork bere erabakimen eta izaera propioari eutsiko lioke, korporazioarekin zubiak guztiz eten gabe. Izan ere, biek azaldu dute baliabideak eskaintzen jarraituko luketela Mondragonen proiektu kooperatiboa osatzen duten bestelako ekinbideei, hala nola Lagun Arori, Laboral Kutxari eta Mondragon Unibertsitateari.

Elkarren arteko loturak, beraz, ez lirateke guztiz etengo. Ulmak eta Oronak uste dute harreman eredu hori «jasangarriagoa eta zentzuzkoagoa» dela, eta ez diola kalterik egingo Mondragonen proiektuari, ez eta haren parte diren kooperatibei ere. Ezta diru kontuei ere, eta, horrenbestez, elkartasun mekanismoei ere ez, ez dutelako baztertzen beharren arabera proiektuak elkarrekin finantzatzea.

Zer dio Mondragonek?

Proposamenak «guztiz» aldatzen du Mondragonen izaera, eta orain arteko «berrikuspenik handiena» egitea dakar. Hala uste dute Batzorde Iraunkorrak eta Kontseilu Orokorrak, eta hala jasotzen da korporazioak kooperatiba guztiei bidali zien txostenean. Hain da «aldaketa sakona», ezen korporazioak uste duela hausnarketa eta eztabaida luzeagoa beharko lukeela gaiak. Eta, hain zuzen ere, Mondragonen iritziz, ez zuen horretarako nahikoa denbora izan iragan ekainean, eta horregatik egin zion uko azaroko Kongresu Nagusira eramateari.

Hala ere, Mondragonek dio prest dagoela edozein proposamen aztertzeko, baldin eta «modu eraikitzailean» eta gaiak eskatzen duen denbora nahiz prozedurak errespetatzen baldin badira. Korporazioaren ateak zabalik daudela esan zien Iñigo Uzin korporazioko presidenteak Ulmari eta Oronari kongresuaren ostean. Batasunerako eta elkar ulertzeko deia egin zien, gogoraraziz elkarrekin «indartsuagoak» direla eta lankidetzarako aukera gehiago dituztela. Presidentearen hitzetan, Mondragon da Ulmaren eta Oronaren «espazio naturala», eta erabakiak ez dio inori mesede egingo, «ez Oronari, ez Ulmari, ez gainerako kooperatibei eta ez Mondragon osoari».

Nola eragingo dio korporazioari?

Ulmako edo Oronako bazkideek proposamena onartuko balute, hutsune handia utziko lukete Mondragonen, sinbolikoki bada ere. Ukaezina da hori. Enpresa talde bat baino gehiago baita Mondragon. Eta horrek korporazioak etorkizunean talde gisa eragiteko izan dezakeen ahalmenari eragin diezaioke, kooperatiba taldea txikiagoa litzatekeelako, eta «ahulagoa», Uzinek aitortu moduan.

Izan ere, hutsunerik nabarmenena industria alorrean utziko lukete. Atal horretan, pisu handia dute bi kooperatibek, nola enpleguari hala jarduerari dagokionez. Ulmak eta Oronak industria ataleko enpleguaren %28 baitute (10.000tik gora), eta salmenten laurdena dagokie.

Besterik da, ordea, korporazioaren proiektuan edo elkartasun funtsetan izan dezakeen eragina. Bi kooperatibek Mondragonen ekosistemaren parte diren egitasmo handiekin dituzten hartu-emanei eusteak (Lagun Aro edo unibertsitatea) modua egingo duelako proiektua garatzen jarraitzeko, oinarriak eta helburuak mugitu gabe.

Eta Ulmari eta Oronari?

Bi kooperatibek autonomia osoa bereganatuko lukete Mondragoneko aterkitik aterako balira. Horrek esan nahi du bazkide-langileek eta zuzendaritza organoek hartutako erabakien arabera jardungo luketela, onerako nahiz txarrerako, kooperatiba izaerari eutsita betiere. Dena den, Ulmak eta Oronak badute non begiratu: Irizarrek eta Ampok erakutsi baitute posible dela korporazioaren babesik gabe ere jarduera arrakastatsu bat izatea. Bi kooperatibek 2008an utzi zioten Mondragoneko kide izateari, eta, orduz geroztik, emaitza onak lortu dituzte.

Lagun Aron jarraitzeak ere ez luke aldaketarik ekarriko langileentzat, hura baita haien gizarte babesaz (pentsioez edota prestazioez) arduratzen den erakundea. Ulmaren kasuan, gainera, taldea bera litzateke babesguneetako bat. Bederatzi kooperatibek osatzen dute taldea, eta elkarren arteko sinergiak, lan fluxuak edota diru funtsak lagungarri izaten ahal zaizkio, orain arte bezala.

Noiz erabakiko dute?

Ulmak eta Oronak egun berean erabakiko dute zer egin: abenduaren 16an. Ulmak Donostiako Illunben deitu ditu bazkideak ezohiko batzarrera. Oronak, berriz, bere egoitza nagusian egingo du batzarra. Gai zerrendan puntu bakarra izango dute eztabaidagai: Mondragoni atxikitako kooperatiba izateari utzi eta korporazioarekin lotura berriak aztertzearena. Ohiko batzarretan egin bezala, bazkideek bozketa batean erabaki beharko dute zuzendaritzak egindako proposamena onartu edo ez.

Zer diote erakunde publikoek?

Eusko Jaurlaritza tentuz aritu ohi da gai horietaz, baina lerro artean irakurrita uler daiteke indarrak batzearen aldekoa dela. «Industria talde kooperatibo sendoa behar dugu», adierazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, eta gogorarazi du Mondragon dela talderik «garrantzitsuena» alor horretan. Hala ere, esan du erabakia edozein dela ere «errespetatu» egingo dutela, eta Jaurlaritzari «laguntzea» dagokiola enpresa horiek lehiakorrak eta indartsuak izan daitezen etorkizunean ere. Ez da ahaztu behar Jaurlaritzak zazpi milioi euroko inbertsioa egin zuela Ulman, urtearen hasieran. Finantzen Kontseiluaren bitartez egin zuen, kooperatibaren funts propioak indartzeko helburuarekin.

Jaurlaritzaren asmo eta helburuekin bat dator Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Eider Mendoza bozeramailearen hitzetan, garrantzitsuena «ongizate sistemari eusten lagunduko dion enpresa sare indartsua» edukitzea baita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, erdian; haren ezkerretara, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia, eta eskuinetara, Pepe Alvarez UGTkoa. ©ZIPI / EFE

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

Imanol Magro Eizmendi

Espainiako Gobernuak %8 handitu du, eta 74.500 langileri eragingo die. CCOOrekin eta UGTrekin adosturiko eguneraketa da, eta adituek aholkatu zuten gehienezko igoeratik gertu dago

«Soldata igo arren, prekarioa izango da»

Maddi Iztueta Olano

Lanbide arteko gutxieneko soldata %8 igoko dute Hego Euskal Herrian. Asko dira gutxieneko kopuru hori irabazten duten langileak, eta, halako igoerak ongi etorriak izan ohi diren arren, «ez dira nahikoa».
Emmanuel Macronen aurkako kartel bat, erretretaren aurkako Parisko manifestazioan. ©Yoan Valat / Efe

2010eko marka hautsi ondoren, otsailaren 7an eta 11n jarraituko du erreformaren aurkako protestak

Iker Aranburu

Urtarrilaren 19an baino jende gehiago bildu da manifestazioetan.  Erreforma Frantziako Asanbleara iritsi da, eta han ere gauzak zaildu zaizkio gobernuari.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, iazko urrian. ©Oskar Matxin Edesa/Foku

EAJk eta PSE-EEk elkarrizketak hasi dituzte zerga erreforma baterako

Aitor Biain - Maddi Iztueta Olano

Helburua zerga sistemaren «progresibitatea handitzea» dela adierazi dute. Baina ez dute iragarri zer aldaketa aztertuko duten zehazki. ELAk eskatu du enpresa handiei zergak igotzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...