Pentsiodunek kalera jo dute, «pentsio publiko duinen alde»

12.000 lagun inguruk parte hartu dute mobilizazioetan. Protestan jarraitzeko asmoa dute

Bilbon egindako manifestazioaren bukaera, udaletxearen aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Berriro ere, milaka lagun 12.000, antolatzaileen arabera kalera atera ziren atzo pentsio publiko eta duinak eskatzeko, Toledoko Itunak egindako gomendioak gaitzesteko, eta argi uzteko, hiru urteren ostean eta pandemia baten erdian izanda ere, ez daudela prest amore emateko eta mobilizazioei eusteko asmoa dutela.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste 30 bat udalerritan egin zituzten mobilizazioak. Pandemiaren kontrako neurriak direla eta, galarazita daude herrien arteko joan-etorriak, eta, horregatik, deialdiak deszentralizatzea hobetsi zuen pentsiodunen mugimenduak. Mobilizazio guztiak segurtasun tarteak gordeta eta ilaran egin zituzten.

Bilbokoa izan zen manifestaziorik jendetsuenetako bat. 3.500 lagun inguru bildu ziren, antolatzaileek emandako datuen arabera. Moyua plazatik Kale Nagusia zeharkatu zuten Plaza Zirkularreraino, eta handik udaletxera egin zuten. Ohi bezala, han amaitu zuten mobilizazioa.

Bi txistularik ireki zuten segizioa, eta haien atzean, manifestazioaren buruan, hiru pankarta eraman zituzten, lelo banarekin: Pentsio publiko duinak, Hiru urteko borroka: pentsiodunak aurrera eta Toledoko itunari ez. Horien atzetik joan ziren manifestariak, hiru ilaratan, askok pentsiodunen mugimenduaren zapi gorria eta haien aldarrikapen nagusiak azaltzen zituzten kartelak zeramatzatela. Babestu elkarteak, Eskubide Sozialen Gutunak eta mobilizazioa babestu zuten beste eragile batzuek ere pankartak eraman zituzten.

Amaiera ekitaldian irakurritako agirian, pentsiodunen mugimenduak gogorarazi zituen bere eskaera nagusiak: pentsio publiko eta duinak legez bermatzea, murrizketak baztertzea, eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen «alderdi atzerakoiak» indargabetzea.

Toledoko Itunaren kontra

Halaber, Toledoko Itunaren gomendioak kritikatu zituzten manifestazioetan parte hartu zutenek, pentsiodunen aldarrikapen nagusiak baztertu dituztelakoan, eta Espainiako Kongresuak gomendio horiek berretsi izana ere salatu zuten. «Bozketa horren ostean, 2011ko eta 2013ko erreformek indarrean jarraitzen dute, eta beste erreforma batzuei ateak irekitzen zaizkie, hala nola erretiro aurreratua zigortzea, pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak luzatzea, erretiro adina handitzea, diru publikoarekin sustatutako pentsio plan pribatuak bultzatzea, eta pentsio minimoa eta alarguntasunarena desnaturalizatu eta murriztea».

Esan zutenez, orain arteko erreformek «ideia neoliberalak» izan dituzte oinarri, hau da, pentsiodunek diru sari handia jasotzen dutela eta «luzaroegi» bizi direla. «Baina pentsioen arazoa diru sarreretan dago, ez gastuetan, eta gure belaunaldirako eta etorkizunekoetarako horiek bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen du, eta langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna birbanatzea», erantsi zuten.

Manifestazioa hasi aurretik, pentsiodunen mugimenduko bozeramaile Jon Fanok esan zuen pentsiodunen borrokak «lorpen txikiak» erdietsi dituela, azken urteotako pentsioen igoera kasu, baina oraindik ere haien aldarrikapen nagusiek ez dutela erantzunik izan. Horregatik, iragarri zuen protestek jarraituko dutela: «Hiru urte eman dugu borrokan, 154 astelehenetan egin ditugu asteroko elkarretaratzeak, eta prest gaude segitzeko».

Bide horretan, «koordinazioa eta elkarlana» sustatu nahi dituzte sindikatuekin, emakume taldeekin, gazte erakundeekin eta beste zenbait eragilerekin: «Hau ez da soilik oraingo pentsiodunen arazoa. Batez ere, hurrengo belaunaldien arazoa da».

Eusko Legebiltzarrean onartu berri diren aurrekontuak ere kritikatu zituen Fanok: «Aurrekontu horiek ez dituzte gure eskaera nagusiak jasotzen. Jaurlaritzak badu legezko ahalmena pentsioak osatzeko, 1.080 euroko saria erdietsi arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.