mikel elorza
ARKUPEAN

Heroikotasunaz

2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Hainbat urtetan Al filo de lo imposible ibili eta gero, gure hainbat himalaiatar zainarti posible-aren labanaren ahoan ibili beharra egokitu zaie eta, aho zorrotzegia nonbait, rappel egitea aukeratu dute, etxeko epeleraino. Laguntza eske ere ibili da baten bat, «erria txikota» itsastarraren ordez «bota soka» menditarra aldarrikatuz, Katmandun konfinatuta iraun ezinez, Nepalgo Gobernuak ziria sartu ote dien garaiotan baimenak emanda (kobratuta, alegia). Bere diru-iturri nagusiena beste urte batez itxita nahi ez duen Nepalgo Gobernuaren bertsioa ez dakit, baina imajina dezaket, eta bai, ziria sartuko zien. Halarik ere, garaiotan hara joatea erabaki izana iruditu zaigu askori ausarta; nahiz eta haiek defendituko duten noski lanera joanak zirela.

Lana muturreko jarduerarekin uztartzea lortu duenik bai baita, eta bejondeiela, eta beste batzuentzat hori zaletasuna da, erronka pertsonala, norbere buruarekiko borroka, ez beti gainera xtreme izan behar duena. Ederra eta gogobetegarria izan daitekeena, bai horixe. Baina batzuetan badena, XXI. mendea dagoeneko koxkortzen hasi den honetan harrigarri bihurtzeraino 21 korrikalari hotzak hil izana. Harrigarria eta latza da gertatu ahal izatea Txinan gertatu dena, halako egoera bortitza mendi arteko lasterketa bat zena infernurako (edo zerurako, gura duzuena) jauzia bihurtzeraino. Himalaian gertatzen dira istripu eta heriotzak, bai, badakigu horretaz Euskal Herrian. Lasterketa estremoetan bakarren bat ere gertatuko zen. Baina halakorik...

Halakoak planetako ultratrail estremoenak egiten dituztenei gertatzen zaizkie, normalean. Normalean eta, zoritxarrez, normalidadez. Northface, redbull eta bestelako pegatinarik gabe ibiltzen direnei. Zortzimilakorik gabe, zortziehun metroko zeharkaldiak oxigenorik gabe egiten dituzten mugetako igerilariei. Bidasoan edo Tarajalen. Ez soka, ez jumar, ez neopreno eta, batez ere, ez txikota luzatuko dienik. Basamortuan ehunka kilometroko zeharkaldiak egiten dituztenei istripuren bat edukiz gero zein enbaxadari deitu ez daukatenak. Milaka miñan flotagailurik gabe, plastiko igerilariz lepo dauden gure uretan.

Horrelaxe eraiki dugu mundua. Guk Nepalen mendira igotzeko baimenak eros ditzakegu, eta gero atzera etorri, itzulerako hegaldiarekin izan daitezkeen traba burokratikoak izanik eragozpenik handienak, azkenerako dolarrek samurtuko dituzten koxka malkartsuenak. Gu bidaian goaz, lanera agian, gure eguneroko errutina existentzialaren miseriari ihesi. Eguneroko errutina materialaren miseriari ihesi nepaldar batek hona etorri nahi badu zetaren bide berriak korritu beharko ditu benta abegikor ederretan geratzen ez diren karabanetan, Turkiako bidetik Balkanetara eginez, edo Mediterraneora Afrikako dunetan barrena. Eta hemengo mugetan ez igarobiderik, ez sherparik. Txarrantxa. Lepo inguruan lore-sorta baino aiseago lortuko du eskumuturretan burdina.

Tira, nepaldar hori futbolean-edo oso ona ez bada behintzat: nik nire espedienteetarako nahiko nukeen bizkortze mirakuloso bat medio Aymeric Laporte ostikolariak, adibidez, paperak lortu ditu egun batetik bestera eta rojigualda-ren koloreak defendatzera joango da Eurokopara. Ilaran eta polizia-etxeetako mostradoreetan segundo bat ere egin gabe. Pasatu beharko dituen kontrol bakarrak txizarenak izango dira (positibo emango ahal du!).

Zaharrak berri, badakit.Ezinezkoaren sorbatzak guk mendi-horma bihurritu eta itsaso harroetan aurkitzen ditugu; haiek, gure zaintzapeko harresi eta lubaki administratiboetan. Guretzat, hiltzea da heroikoa. Haientzat, bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.