Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Europako Batasuna eta herritarrak

2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Asteburu honetan EB Europako Batasunak Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentzia delako ekimenaren azken bilkura egin du. Urtebetez EBko 52.000 herritarrek egin nahi dituzten aldaketen inguruko ideiak partekatu dituzte plataforma digital batean, eta bederatzi gai jorratu dituzte, tartean osasuna, demokrazia, atzerri politika, migrazioa edo justizia soziala. Maiatzaren 9an, Europaren eguna ospatzen dela eta, konferentziaren ondorioak entregatuko dizkiete ofizialki EBko instituzioetako hiru presidenteei. Herritarren iritziaren txostena Europako Parlamentuan entregatuko dute. Aurrekairik ez duen ekimenak 17.000 ideia baino gehiago proposatu ditu, EBko txoko guztietatik etorritakoak. 800 herritar presentzialki batzartu dira, euren zereginak alde batera utzita. Parte hartzaile batzuek salatu dute gaiak eztabaidatzeko aurrez aurre izan behar zituzten EBko politikari eta ordezkariek kale egin dietela maiz. Txostena jasotzen argazkiak ateratzeko ez dute kale egingo Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek, Europako Batzordeko buru Ursula Von der Leyenek edo Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak. Ekimena bultzatu duen Frantziako estatuburua, Emmanuel Macron, ere bertan izango da, EBko presidenteen artean europarrena dela berresteko.

Herritarrei zuzenean euren kezkei buruz galdetzea eta kezka horiei aurre egiteko konponbideak proposatu ditzatela eskatzea aurrerapauso handia da. Demokrazia parte hartzailearen arloan EBk duen defizita eta herritarrekiko urruntasuna gainditzeko beste ahalegin bat da. Ekimenaren emaitza ez da berehala ikusiko, baina, momentuz, ez da oso itxaropentsua. Oso une zailean egin da. Hasteko, urtebete atzeratu behar izan zuten pandemiarengatik. Eta 27ek mahai gainean hainbeste erronka dituztela kontuan hartuta, txostena, armairuan geratzeko aukera asko daude. Urte batzuk barru ikusiko da zertan diren proposamenak. Ikusteko dago herritarrek zuzenean egiten dituzten proposamenak Europako Batzordearen komisarioen kolegioko bileretara, ministroen kontseiluko batzarretara edo hiriburuetako botere instituzioetara iristen diren. Gainera Batzordeak egindako analisiaren arabera, proposamenen erdia betetzeko EBren itunak aldatu egin beharko lirateke. Une honetan ez dago horretarako gehiengorik. Errusiaren Ukrainako inbasioak, lurrikara eragin du, eta lurra mugitzen ari dela ez da komenigarria eraikinaren egituran aldaketak egitea, erori daitekeelako. Ukrainako gerrarekin EBn ireki den aro berri hau noiz arte luzatuko den, eta, epe luzera, zein ondorio izango dituen jakin gabe, ez da aurreikusten itunen aldaketen inguruko eztabaidetan sartzea. Bitartean orain dela hamar urte, Lisboako itunari esker, martxan jarri zen herri eskaerak egiteko instrumentua da EBren mailan, herritarren eskaera paneuroparrak bideratzeko bide bakarra. Zazpi herrialde ezberdinetako zazpi herritarrek bat egin eta miloi bat sinadura biltzea eskatzen da Batzordeak zuzentarau edo arau berri bat aztertu eta onartzeko. Eskaera gehienek ez dute helburua lortzen. Aurrera egin ez duten azkeneko eskaeretako bat da gutxiengo nazional eta hizkuntz gutxituei babes gehiago ematea, eta hizkuntz eta kultur aniztasuna indartzeko neurri berriei lotutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.