Joseba Azkarraga Etxagibel.

Karlistagoak izan

2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Honek ere Karl zuen izena, Marx-ek bezala. Hau ere zientzialari sozial eta filosofoa izan zen, Marx bezala. Mende berean jaio zen, Marx jaio eta 68 urtera. Eta Marx bezala, puntakoa da soziologian zein antropologia ekonomikoan. Polanyi, abizenez (1886-1964).

Ez dugu esango Karl biak, Marx eta Polanyi, pareka daitezkeenik autore gisa. Are gutxiago eragin politiko-ideologikoaren ikuspegitik. Baina aldaketa errotikoen aldeko orok mesanotxeko liburu behar luke Karl Polanyiren maisulana, 1944an argitaratutako The Great Transformation (Eraldaketa Handia).

Liburuak azaltzen du merkatu-gizarteak eraldaketa handia ekarri zuela, sekula ikusi gabekoa: liberalismoaren eskutik, ekonomiaren apendize bihurtu zen gizartea. Lehenengoz, esfera ekonomikoa bereizi egin zen esfera sozialetik, baita naturaletik ere, eta bere menpe hartu zituen biak. Merkatuak den-dena fagozitatu zuen: lurra, dirua eta gizakiak, guztia bihurtu zuen salgai eta erosgai. Eta txikituta utzi zituen harreman-sare tradizionalak.

Funtsean, Karl Polanyik seinalatu zuen kontraesan oinarrizkoa dagoela merkatuaren eta komunitatearen artean: lehenbizikoak aurrera egingo du bigarrena desartikulatuz. Marxek ere jaurtia zuen sententzia ezaguna: «Solidoa den oro disolbatzen ari da airean», nostalgia tantarik gabe hiltzen ari zen mundu tradizionalagatik. Polanyiri interesa piztu zion sozialismo kristauak eta kezka izan zuen zelan eraiki ekonomia sozialista demokratikoa (ekonomia kolektibizatua baina ez zentralizatua, udalerrietatik eraikia). Garbi ikusi baitzuen ondorio ezin latzagoa zekarrela merkatuaren nagusigoak eta horrek eragindako birrintze komunitarioak: bide eman zion faxismoaren munstroari, berorrek kapitalizatu baitzuen solidoaganako nostalgia. Finean, faxismo europarra eta mundu gerra azaltzeko saioa da Polanyirena.

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Ongizate Estatuak metroak irabazi zizkion merkatuari, baina joan zen Keynes, berriz gailendu zen zementu publiko eta komunitarioaren aurkako sukar (neo)liberala. Antropologia bihurtzeraino, oraingoan. Auzuneen lekuan makro-zentro komertzialak. Langile-kultura deuseztatua. Baumanen «gizarte likidoa» uler liteke Marxen aldaera gisa: merkatuaren eskutik berriro solidoa den oro disolbatzen. Likidotzeak esan nahi baitu likidatzea (komunitatea): deskonposizio soziala, akabo lokarri sendoak eta iraunkorrak, gora subjektu nartzisista, biba etenez beteriko biografia laboral, sozial eta afektiboak. 2000. urtean Putnam soziologoaren irudiak maisuki jaso zuen desegitea: estatubatuarra bolatokian bakarrik, lokarri sozialak zeharo lurrunduta (Bowling Alone lan klasikoa). Berriki, Byung-Chul Han-ek esan du igaro garela komunikaziorik gabeko komunitateetatik (enpatiak hitzik behar ez zuenean) komunitaterik gabeko komunikaziora (like ugariek ez dituzte gorputzak kohesionatzen).

Globalizazio neoliberala har liteke planetako bazter denetan egitura kolektiboak birrintzeko saiotzat. Tokiko komunitateen lekuan komertzio libreko itunak. Hondatze ekologikoaren Azelerazio Handiarekin batera, egitura komunitarioen Disoluzio Handia, mundu osoan. Eta berriz ere, gaur suma daiteke babeslekuen egarri nostalgikoa munduko txoko ugaritan. Berriz ere, identitate eta pertenentzia sendoen gosea, horiek direlakoan ziurgabetasunetik libratzeko baltsamoak. Finean, berriz ere mundu gerra baten atarikoan, bakearen izenean Ukrainara tankeak bidaltzeko irrika amnesikoan, hotzikara existentzialik gabe, xanpain botilak zientoka zabalduz bezala Errusiak gerra konbentzionala galdu eta behingoz nuklearrari hel diezaion. Gogo biziz Europa birrin dadin, munduak indiferentziaz jarraituko duen espektakuluan.

Kapitalismoa ez da soilik planeta hondatzeko arma kolosala, aldi berean izan da komunitateen suntsitzaile, hasieratik. Eta ondorio itzelak izan ditu, Polanyik argitu zigun. Euskal Herriko karlistak ez ziren Karl-istak izan polanyiar zentzuan, baina baziren polanyiarrak: ikusi zuten Eraldaketa Handiak (merkatu-gizarteak) txikitukozituela nekazari komunitateen antolamendu sozioekonomiko eta kulturala. Salatu zuten, baita ere, desamortizazioaren aizkorak eragindako baso-galtze ikaragarria. 1871n gipuzkoar diputatu karlista zen Bizente Manterolak jaurti zuen Madrileko Gorteetan: «On Karlos ala petrolioa!». Altxatu ziren, finean, mundu komunitario, kultural eta ekologiko baten birrintzearen aurka. Eraldaketa Handiaren kontrako herri erresistentzia osatu zuten, nolabait.

Gure etxean karlista beti izan da berba zikina, herriko frankista ohiak jotzeko tiro semantikoa. Gerora jakin nuen karlista batzuek sozialismo autogestionarioarekin ordezkatu zutela Jaungoikoa, aberria eta erregea. Eta frogatu berri da frankistek horregatik lehertu zutela 1976ko Montejurrako erromesaldia: estatu aparatuek karlista sozialistak tirokatu zituzten, frankismoarekiko haustura demokratikoa eta laurak bat aldarrikatzen zituztenak. Eraso zioten Karl biak (Polanyi eta Marx) ardatz berean itsasten zituen bideari, nolabait.

Etorkizuna irabazteko estrategia emantzipatzaileak barneratu behar du Karl (Polanyi), erakusten baitigu merkatuaren nagusigoak nora garamatzan (Hirugarren Mundu Gerra ez bada, gero eta antz handiagoa du). Eta behar du beste Karl (Marx), bere aldaera anti-produktibistan eta ekosozialistan, patriarka uztartuz demagun Vandana Shiva ekofeministarekin: post-kapitalismoa garatu ezik amilduko garelako injustizian, ekozidioan eta genozidioan. Azkenik, emantzipazioak ez beza bistatik galdu karlismoa: progreso moderno eta fosilistarekiko mesfidantza historikoa, hasieran; haustura demokratikorako bulkada, gero.

Karlistagoak izan (zentzu guztietan) ala hidrokarburoen zibilizaziotik auskalo nora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.