Hauteskundeak Argentinan. Martin Rodriguez. Kazetaria

«Lidergo falta da Alberto Fernandezen arazo nagusia»

Abuztuko bozetan babesa galdu izanari «herritarren poltsikoak betez» erantzun izana ez zaio harrigarri egiten Kazetari argentinarrari, oso bestela baizik: «Ekonomia hazi egiten da hauteskunde urteetan».

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Martin Rodriguez (Buenos Aires, 1978) irratiko iritzi emailea da, eta Panama aldizkariko editorea. BERRIAri emandako elkarrizketa honetan aztertzen du biharko bozek zer-nolako testuingurua utz dezakeen Argentinan.

Zeri egozten diozu ofizialismoak abuztuan porrot egin izana?

Ziurrenik, domino efektu bat egon da. Vicentin da mugarrietako bat, berresten baitu gobernuak ezin izango duela jabetza pribatuaren harria kendu eta, pandemia baliatuta, estatu erregulazioak bultzatu. Beste puntu bat da berrogeialdiarekiko maitasunarekin zerikusia duen higatze motela. Bazirudien gobernua etsaitua zegoela berrogeialdia urratzen zutenekin, baina berak jakin gabe, bere radarrean ez zeuden milioika lagunen aurka ari zen, ekonomia informalean parte hartzen zutenak, eta bakartze horri eusteko modurik ez zutenak. Handituz joan da berrogeialdia defendatzen duen eta hari eutsi ezin dion gizartearen arteko arrakala. Uste dut gobernua ez zela gai izan ezinegon hori aurreikusteko.

Horri guztiari gehitzen badiozu haien kargua baliatuz txertoa hartu zuten funtzionarioen kasua, eta Albertoren [Fernandez presidentea] argazkiak bere urtebetetzea ospatzen berrogeialdi betean, gobernuari bandera guztiak zikindu zaizkio. Ekonomia hondoratu egin da, eta banaketa handitu, estatutik kobratzen dutenen eta ez dutenen artean. Liberalismoaren hitzaldi historikoak kokatzen ditu estatuko langileak aristokrazia berriaren artean, eta hori indartu egin da Argentinako funtzionarioen soldata ez delako aldatu. Hala, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko tartea asko nabarmendu da. Eta hori lehendik zetorren, gai hori asko jorratu zuelako zentro-eskuinak. Orain gorago egin du, eta horrek azaltzen du Javier Milei eskuin muturreko ordezkariaren babesa.

Guztion Fronteko bozkatzaile askok epel jokatzea egozten diote Fernandez presidenteari. Iritzi berekoa zara?

Uste dut Fernandezen arazoa dela ez duela sakondu. Vicentinenak mila hari mutur ditu, eta haietako bat da desjabetza dekretua gaizki egina dagoela. Dena den, Fernandezen arazoa da kirchnerista hutsa dela, eta ez dela gai izan agenda propio bat duen lidergo bat eraikitzeko. Uko egin dio bere lidergoari, gobernabideari eusteko, eta hori da arazo nagusia, beste guztia azaltzen duena. Lidergo falta da Alberto Fernandezen arazo nagusia.

Lehen porrot horren ostean, gobernuak diru laguntzak emateari ekin dio larrialdiko neurriak aitzakia hartuta.

Gobernuaren helburua ez da ekonomikoa, babesa berreskuratzea baizik, emaitza iraultzea edo aldea gutxitzea. Poltsikoak diruz betetzea da horretarako modu azkarrena, eta hauteskunde urtean dagoen edozein gobernuk handitzen du gastua. Frogatuta dago Argentinako ekonomia hazi egiten dela hauteskunde urteetan.

Argentinan ere eskuin muturra gorantz doa. Mundu zabaleko gorakadaren sustrai berak ditu?

Uste dut badela 16 eta 18 urte arteko gazte belaunaldi bat lehen aldiz bozkatzen duena, edo bozkatzen duela gutxi hasi dena, eta soilik ezagutzen dutena kirchnerismoak gobernatutako Argentina bat, zeintzuengan eragina duen eskuin muturrak. Noski, ez gara gazte guztiez hitz egiten ari, baina askok uste dute kirchnerismoa bat datorrela establishmentarekin eta haren aurka bozkatzen dute. Baina uste dut arriskutsuena dela haiek saltzen duten ideia, hau da, sei edo zortzi milioi pertsonak ordaintzen dituzten zergei esker bizi direla gizarte laguntzak jasotzen dituzten beste 20 edo 25 milioi lagun. Uste dut ideia horrek biltzen duela ezinegon politiko eta sozialaren zati handi bat, eta hori da eskuin muturraren gorakadaren gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.