Jatorri izena duen eskola

Zazpi euskal entrenatzaile ariko dira Espainiako Lehen Mailan datorren sasoian, eta horietatik sei, euskaldunak. Lorpen handi horren atzean lan egiteko modu bat dago, aspalditik datorrena. Horrek batzen ditu zazpi euskal teknikariak.
1
1 BERRIA

Aitor Manterola -

2019ko ekainak 6
Ohitura dute entrenatzaileek elkar agurtzekoa partiden atarian, eta, datorren denboraldian, agur horietan euskara entzungo da inoiz baino gehiago. Baita prentsaurrekoetan ere, partiden atarian eta ondoren. Zazpi izango baitira Euskal Herriko entrenatzaileak Espainiako Lehen Mailan: Gaizka Garitano (Athletic), Asier Garitano (Alaves), Jose Luis Mendilibar (Eibar), Imanol Alguacil (Reala), Jagoba Arrasate (Osasuna), Julen Lopetegi (Sevilla) eta Ernesto Valverde (Bartzelona). Azkena ez beste, euskal hiztunak dira guztiak.

Datu bikaina da, eta horren atzean badagoela zerbait uste du Gari Fullaondo (Bilbo, 1973) entrenatzaile eta metodologia adituak: «Munduko liga onenean gure zazpi entrenatzaile izatea sekulakoa da, eta horren atzean badago lan egiteko filosofia bat». Ez da ari jokatzeko moduaz, zazpiak ezberdinak baitira horretan, lan egiteko eraz baizik: «Horretan egiten dute bat. Konpromiso handiko langileak dira, serioak, dinamikoak, taldeko lanean sinesten dutenak erabat». Horregatik, Fullaondoren ustez, bada «euskal entrenatzaile eskola bat», horrela izenda eta zabal daitekeena: «Jokalarien adibide bat ona da hau ulertzeko. Gutako edozeini galdetzen badigute zein diren gure taldeetako bertako jokalarien ezaugarriak, horietako askotan bat egingo dute. Konpromisoa dutenak, langileak, saiatuak... horrelakoak dira gure jokalariak. Jokatzeko eran ere, euskal taldeek eta euskal entrenatzaileak dituzten taldeek badituzte antzekotasunak. Oso talde konprometituak direla esango nuke. Gauza bera esan daiteke Euskal Herriko entrenatzaileez ere: bada denak lotzen dituen hari bat». Lan egiteko antzeko modua badagoela uste du, seriotasunean eta konpromisoan oinarrituta, talde lanean.

Horrek ez du esan nahi, baina, zazpi entrenatzaile hauek futbola ulertzeko duten modua bat eta bera denik. Haien taldeek ez dute berdin jokatzen, zazpiak baitira ezberdinak. Futbola aldatu egin da urteen joanean, eta horrekin batera, baita entrenatzaileak ere: «Jokatzeko moduak ugaritu egin dira orain. Lehen, molde gutxiago zeuden, eta entrenatzaileen artean ere antzekoak ziren asko. Orain ez, orain ezberdinagoak dira entrenatzaileak jokatzeko moduari dagokionez».

Estilo aniztasuna aipatu arren, gaur egungo futbolean ikusten du Fullaondok antzeko ezaugarri bat talde askotan: «Jokoaren kontrola izatea oso garrantzitsutzat jotzen da orain, eta, horretarako, beharrezkoa da baloia izatea, baina entrenatzaile guztiek ez dute berdin erabiltzen». Zazpi euskal entrenatzaileetatik bi hartu ditu alderaketa azaltzeko: «Eibar izan da Lehen Mailan baloia gehien eduki duten taldeetako bat, eta jendea harritu egiten da hori entzutean, baina hala izan da. Oso goitik Bartzelona geratu da arlo horretan. Eibarrek eta Bartzelonak, baina, berdin jokatzen dute? Ez. Hor bereizten dira Mendilibar eta Valverde, adibidez. Baina bi taldeak izan dira serioak jokoan, eta hor bada eskola bat, hemengoa». Valverderen lana goraipatu du, hari horri tiraka: «Gaur egungo futbolean, entrenatzaile batentzat partidak irakurtzen jakitea, erabakiak azkar eta ondo hartzea eta abar oso garrantzitsua da, eta Valverdek eman dio Bartzelonari defentsako sendotasuna, aurrekoek lortu ez zutena. Gero, bada beste arlo bat berebizikoa dena: taldea kudeatzea. Halako talde handi batean, hainbeste izarrekin, oso lan nekeza da hori ondo egitea, eta Valverdek lortu du».

Nazioartearen miresmena

Fullaondoren ustez, futbola aldatu izanak ez du eten euskal entrenatzaileen arteko soka, lehengoak eta oraingoak lotzen dituen hori. Garai bateko euskal entrenatzaileen adibidea jarri du: «Duela urte asko ere, bazuten antzekotasunik hemengo entrenatzaileek, eta esan daiteke taldeak ondo antolatuta edukitzearen aldekoak zirela, defentsan oinarritzen zirenak taldea eraikitzeko orduan». Haiengandik zetorrenak orain ere baduela segida esan du: «Hor bada eskola bat, gauzak egiteko modu bat. Estiloak aldatu egin dira, baina taldea eta aldagela eramateko moduan bada hor euskal entrenatzaileen bereizgarri bat, oraindik ere irauten duena, historikoa dela esan daitekeena».

Nazioartean, bereizgarri hori oso ondo onartua dela dio, eta miretsia dela ere bai neurri handi batean: «Asko ibiltzen naiz kanpoan, hitzaldiak eta formakuntza ematen, eta aintzat hartzen gaituzte hemengo entrenatzaileak; gustatzen zaie nola egiten dugun lan hemen. Futbolean, punta-puntan dago Euskal Herria mundu mailan».

Horren guztiaren atzean formakuntza dagoela dio: «Oso lan ona egiten da hemen entrenatzaileak egiteko, sortzeko eta hazteko. Ikusten ditut hamaika eredu munduan entrenatzaileen eskoletan, eta garbi esango dut ez dutela batere zerikusirik hemen egiten ari den lanarekin. Gurea askoz hobea da atzerrikoaren aldean».

Bada betiko esaldi bat, dioena bertakoari harrera hobea egiten zaiola kanpoan etxean baino, eta hala ez denik ezin uka. Baina datorren denboraldian Lehen Mailako Euskal Herriko bost taldeek euskal entrenatzailea izatea mezu argigarria ari da zabaltzen: bertakoari balioa eman zaio.

Hori gehitu zaio orain nazioartean euskal entrenatzaileek aspaldidanik izan duten ospeari. Hor daude datu historikoak, asko baitira atzerrian lan egin duten entrenatzaileak, taldeetan eta selekzioetan. Esparru horretan sartuta, eta gaur egungora ekarrita, nabarmendu egin behar da Ingalaterrako ligan dabiltzan Unai Emery (Arsenal) eta Javi Graciaren (Watford) lana. Ez dira bakarrak, ordea. Izen gutxiagoko ligetan ere ibili dira batzuk: Andoni Iraola Zipren, adibidez. Fullaondo zalea da hemengoa kanpoan nabarmentzen: «Hitzaldietan beti esaten dut Euskal Herrian, txikia izanagatik, gauza asko ari garela ondo egiten futbolean. Badugu futbola ulertzeko geure modua».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria