Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zaharregia

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Agian egun baten berria izateari utziko diot, baina egun hori ez da egundo iritsi. Oraindik euskaldun berria naiz: euskaldun traketsa, hala moduzko euskalduna, erdipurdiko euskalduna, euskaldun marketsa, euskaldun dudatsua. Eta hala ere, euskalduna, euskara duena (jabetzan ez bada ere, errentan).

Nire euskalduntasunak ez du zuhaitz genealogikorik, oasi-lerro baten hazitako landare txikia da, agian loratzea tokatzen ez zitzaiona. Erro ahuleko landarea da, zentzu horretan, nire euskalduntasuna, baina eusten dio. Gurean hau edo beste hori nola esaten den galdetzen didatenean, tradiziorik batere gabeko hiztuna naizela esaten dut, gure etxean (ezta auzoan edo lagunen artean ere) ez zela euskararik sekula entzun erantzuten dut. «Gure» horrek euririk apenas egiten duen Extremadurako mendizerra bateko herrixka arrean du jatorria, eta handik zabalduz joan da. Nire familian neu naiz Euskal Herrian jaiotako lehena, artean usu izaten baitzen haurdunaldiaren azken hilabetean abuelaren etxera joatea han erditzeko. Ni aurreratu egin nintzaion amari, eta espero baino bi hilabete lehenago jaio nintzen, Donostian. Euskararik ez zegoen herri hartan gu iritsi ginen arte: bertakoen seme-alabak eta gero bilobak, beren izen arraroekin, bertakoei ia beldurgarri zitzaizkien beren pailazo-kantekin. Xabi ilobari Sabin esaten zioten, eta amona Juliari Ramona zergatik deitzen genion galdetzen ziguten.

Historiarik gabeko euskalduna naiz, beste asko bezala, geografia patu bat dela uste dutenei oker zeudela demostratu dieguna.

Saharako euskaldunak ezagutzen ditut, eta Berlingoak, eta Toledo edo Gironakoak. Eta Portugaletekoak eta Alkizakoak. Zuhaitz guztiak, baita genealogikoak ere, kimu txikiak dira hasieran eta belaunez belaun zabalduz joaten dira, irekiz eta aberastuz. Nirea aberastu duen bezala, euskarak zuhaitz genealogiko anitz eta askotarikoak barne dituen euskal-basoa askoz aberatsago, zabalago egin du.

Oraindik, lantzean behin, euskara eskuratu nuen bezala, galdu egin dezakedala amets egiten dut. Neure burua ikusten dut, atzera, ulertezinak zitzaizkidan olerki horien aurrean, zer zioten zehazki asmatu ezinik, hitzek berekin batera izan ohi duten aire hori usnatuz, alferrik. Eta pentsatzen dut hizkuntzarekin batera jaso nuen berba-jario hori ez dela betirakoa, eta halako baten abiatu zen bezala, bidetik atera daitekeela, inguruko erdarek sortutako korronte indartsuagoek zokoratuta. Jario hori, barruan askatzen denean isuri egiten dena, uharka sakon baten gelditu daiteke, ez atzera ez aurrera, eztarrian trabatuta geratzen zaizkizun hitzak bezala. Oraindik, batzuetan, horrekin amets egiten dut (amesgaizto, hobe esanda).

Zergatik ez? Gerta liteke, ez da? Praktikak erakutsi dit bizitzan behin baino gehiagotan ikasitako oro desikas dezakegula. Eta neure buruari esaten diot egun baten, berria izateari utziko diodan egun horretan, isuri ahal izango naizela ardura edo kezka hori gabe, xuabe-xuabe.

Eskuekin egiten ikasten dena ez dela sekula ahazten esan ohi zuen gure aitonak. Eta nik eskuekin ikasi nuen euskara: entzuten nituen hitzak idatziz, hunkitzen ninduten olerki horiek behin eta berriro irakurriz eskolako liburutegian zokoratuta zeuden liburuetan. Oraindik txundituta geratzen naiz batzuetan ulertu ahal izateko deszifratu behar izaten ditudan hitz edo esamolde batzuekin (askazi ezin-hezia, zein ederra)

Ez dakit euskara maite ote dudan, edota maite behar ote dudan euskaldun berri izateari uzteko. Erabiltzearekin nahikoa ote da langa hori behingoz gainditzeko? Agian zaharregia naiz euskaldun berri izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.