Italiako Giroa

Lehen koska du begiz joa

Simon Yatesek irabazi du Giroko bigarren etapa, Budapesten jokatu den erlojupekoa. Mathieu van der Poelek lidergoari eutsi dio

Lehen koska du begiz joa.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Simon Yates (Bike Exchange) hirugarren izan zen iaz Italiako Giroan. Egan Bernal (Ineos) eta Damiano Caruso (Bahrain) bakarrik izan zituen aurretik. Ez bata, ez bestea ez da ari aurten, eta, itxuraz, ingelesa podiumaren lehen koskara igotzeko lehia betean ariko da. Atzo erakutsi zuen hautagai sendoa dela, Italiako Giroko bigarren etapa irabazi baitzuen: azkarrena izan zen Budapesteko kaleetan jokatu zen 9,2 kilometroko banakako erlojupekoan. Hasi eta buka nagusitu zen: onena izan zen tarteko denboran, 7,7. kilometroko mugarrian, errepideak gora egin aurretik; eta onena izan zen baita helmugan ere. Bosgarren etapa garaipena du Giroan, aurrenekoa erlojuaren aurka.

Helburua bete zuen Yatesek. Baita Mathieu van der Poelek ere (Alpecin). Herbeheretarrak maglia arrosari eutsi nahi zion kosta ahala kosta, eta lortu zuen. Gertu izan zuen garaipena, baina, azkenean, hiru segundorengatik hartu zion aurrea Yatesek. Sailkapen nagusian, ordea, aurretik dago Van der Poel. 11 segundo ateratzen dizkio Yatesi, eta hamasei Tom Dumoulini (Jumbo). Van der Poelen herrikideak oso lan ona zuen atzo, eta hirugarren izan zen, Yatesengandik bost segundora. Hiru horien atzetik bi espezialista sailkatu ziren: Yatesen taldekide Matteo Sobrero eta Ben Tullet (Ineos).

Bilbao eta Landa, txukun

Yates eta Dumoulin izan ziren Giroa irabazteko hautagaien artean ondoen aritu zirenak. Hala ere, ez ziren alde oso handiak egon. Wilco Keldermanek (Bora) hamazazpi segundo galdu zituen; Joao Almeidak (UAE), hemezortzi; Vincenzo Nibalik (Astana), hemeretzi; Romain Bardetek (DSM), 24; Richard Carapazek (Ineos), 28; Hugh Carthyk (Education First), 38; eta Miguel Angel Lopezek (Astana), 42. Kolonbiarra aritu zen okerren. Aldiz, txukun aritu ziren Pello Bilbao eta Mikel Landa (Bahrain). Gernikarrak 26 segundo galdu zituen, eta murgiarrak, 33. Bilbao bederatzigarren da orain sailkapen nagusian, Van der Poelengandik 29 segundora. Landa, berriz, 21. postuan dago, 44ra. Haien artean sailkatu zen atzo Jonathan Castroviejo (Ineos), Yatesengandik 31 segundora. Beste euskal txirrindularia, Oier Lazkano (Movistar), berriz, 38ra. Giroan ari diren lau euskal herritarrak etapako lehen 50 sailkatuen artean sailkatu ziren.

Gaur, azken etapa jokatuko dute Hungarian, Kaposvartik Balatonfueredera, 201 kilometrokoa. Ibilbide laua du, eta, lehen etapak ez bezala, ez du aldaparik amaieran. Beraz, esprinter petoek aurreneko aukera izango dute. Bihar, berriz, lehen atseden eguna izango dute, Italiara mugitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.