Jaizkibel V cromlecharen egitura berezia aurkeztu du Aranzadik

Arkeologoen arabera, historiaurreko hilobia Burdin Aroan egin zuten, duela 2.000-3.000 urte. Bideoa, albistearen amaieran.

Jaizkibel V cromlecharen ezohiko egitura azaleratu dute Aranzadi zientzia elkartearen azken indusketa lanek. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Aurretik ere ezaguna zen Jaizkibel V cromlecha, izen bereko mendian kokatua, Hondarribian (Gipuzkoa). Aranzadi zientzia elkartearen azken indusketa lanek, ordea, harrespilaren egitura berezia atera dute argitara, eta hasiera batean uste zena baino askoz konplexuagoa dela erakutsi. Manu Zeberio arkeologoak zuzendu du indusketa, eta hala azaldu du aurkikuntza: «Harrien zirkulu perfektu bat da; handixeagoak diren bi harri bereizten dira, forma bereziak dituzte, eta aurrez aurre jarrita daude».

Burdin Aroan egindako egitura bat da, orain dela 2.000-3.000 urte egindakoa. Sei metroko diametroa du, eta, gaur egun, lurrean jarrita horizontalean ikusten badira ere, lauzen jatorrizko posizioa bertikala zela ekarri du gogora Zeberiok. «Harriek horma zirkular bat osatzen zuten, harrizko itxitura bat». Edonola ere, altuera «nahiko baxukoak» ziren; oro har, lurrazaletik 30 zentimetro inguru altxatzen zirela uste dute arkeologoek. «Harriak jartzeko bertako harkaitza zulatu eta lantzen zuten, eta gero lurra eta harlauza txikiak sartzen zituzten harri nagusiak eusteko».

Jaizkibel V-en egituratik nabarmendu beharreko lehen puntua harrien forma zein luzera da Zeberiorentzat: lau, gutxienez, gainontzekoak baino altuagoak dira, eta horieko bi nabarmentzen dira bereziki. «Batek 2 metro eta 10 zentimetro ditu, eta besteak, metro bat eta 90 zentimetro; asko da». Horien kokapenak egin du are eta interesgarriagoa aurkikuntza; bata ipar-ekialdean dago eta bestea, aurrez aurre, hego-mendebaldean. «Bien artean ardatz bat osatzen dute, egituraren erditik pasatzen dena, eta hori ez da ohikoa. Horregatik da arkitektonikoki berezia eta oso garrantzitsua aurkitutako monumentu megalitikoa».

Hilobiaz gain, zedarria

Jaizkibel V-en erdigunean, arkeologoek «ganbara» deitzen duten beste harrizko egitura bat ere badago; «hildakoen gorpuzkiak sartzeko biltegi moduko bat», Zeberioren hitzetan. Hiltzen ziren gizakiak erre egiten zituzten Burdin Aroan, eta, beraz, haien errautsak ziren erdian jartzen zituztenak. Batez ere, hilobi gisa erabiltzeko eratuak izan ziren cromlechak. Baina ez bakarrik. Bizi ziren lurraldea markatzeko eta zedarritzeko ere baliatzen zituztela azaldu du Zeberiok. «Lur horrekin identifikatzen zirela esan nahi du horrek, eta, beraz, ez zirela populazio nomadak. Oro har, abeltzaintzatik eta nekazaritzatik bizi ziren».

Normalean, hildako pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zuten historiaurreko herriek. Jaizkibel V harrespilaren inguruan horrelako egitura gehiago daudela badakite arkeologoek, oraindik induskatu gabe daudenak. Kopuru bat emate aldera, «Pirinioetan eta Aralarreraino, guztira 1.500 egitura inguru» daudela aipatu du Zeberiok. Lehen azterketan, harrizko egitura zirkular «soilak» ikusten dira horietan; Jaizkibel V-en kasuan ere hala zen gutxira arte, indusketa lanek egitura konplexuago bat agertu duten arte.

Aurrekari modura, duela bi urte, Jaizkibel V-en aldamenean dagoen Jaizkibel II-n aritu zen Aranzadiko taldea indusketa lanetan. Monumentuen multzo bat da bigarren hori, eta hango cromlechetako batean egin zituzten indusketak. Hor jada ikusi zuten eremuko harrespilak «obra garrantzitsuak» direla arkitektura aldetik. «Baina Jaizkibel V-en aurkitutakoa beste gauza bat izan da; harriak nahita jarrita daude kokapen horietan, eta hori kontuan hartu behar dugu aurrera begirako azterketetan».

Atzo eman zuten orain arteko lanen berri, baina indusketa lanak ez dituzte amaitutzat jo oraindik. Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ari dira horiek osatzen, eta boluntarioak dira indusketa lanetan ari direnak.

[YouTube]https://youtu.be/IFrfYM-efaY[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.