COP26

COP26ren aurka irten dira kalera Donostian eta Bilbon

Protestak egin dituzte bi hiriburuetan. Salatu dute klima larrialdiak «agerian» uzten dituela sistema kapitalistaren «gabeziak».

Kontxako hondartzan aterkiekin osatu zuten mosaikoa, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Protesta jendetsuak egin zituzten atzo Bilbon eta Donostian COP26 klima larrialdia gelditzeko neurriak hartzea helburu duen nazioarteko goi bileraren aurka. Donostian mugimendu sozial, politiko, sindikal eta ekologistetako eragileek osatzen duten Larreko Mahaiak 11:30ean elkarretaratzera deitu zuen Kontxako hondartzan, eta Klima ez da negozioa leloa osatu zuten aterkiekin mosaiko bat eginez. Bilbon, berriz, arratsaldean hartu zituzten kaleak, Aldaketaldia dinamikako eragileek deituta. Bietan ohartarazpen bera egin zuten: «Denbora agortzen ari zaigu, justizia klimatikoa orain!».

Bizkaian, Aldaketaldia plataformak kezka agertu zuen batzar horretan hegoaldeko herrialdeek izango duten partaidetza txikiagatik: «Horiek ari dira ondorioak gehien jasaten». Gainera, ohartarazi zuen dagoeneko planetaren batez besteko tenperatura industria aurreko aroan baino 1,1 graduberoagoa dela.

Azaldu zuten energia berriztagarrien onurak agerikoak direla erregai fosilekin alderatuta, baina horiek hedatuta soilik ez dela klima aldaketaren auzia konponduko: «Energia iturri berriztagarriak beharrezkoak dira deskarbonizaziorako, baina ezingo dute bermatu gure egungo kontsumoa, are gutxiago hazkundea». Klima larrialdia «arazo sozial eta globala» da, antolatzaileen iritziz, eta salatu zuten «agerian» uzten dituela «ekoizpen eta kontsumo sistema kapitalista osoaren gabeziak». Ozen esan zuten ekoizpen eredua aldatu beharra dagoela: «Etengabeko hazkundearen logikak talka egiten du planetaren mugekin».

Manifestariek arduradun publikoei galdegin zieten «ekintzara jotzeko», eta jakinarazi zuten ez dela soilik elite handien arazoa: «Euskal Herrian egiten diren hondakin, biodibertsitate, lurralde antolaketa edota energia politikek larrialdi egoera globalarekin zerikusi zuzena daukate».

Donostian, Larreko Mahaiak jarri zuen adibidea: «Pandemiatik suspertzeko Europako funtsak jasotzeko lehen lerroan Iberdrola, Repsol eta halako enpresak jartzen dira hemen».

Euskal Herriko isuriei buruzko datuak ere eman zituzten: 8,7 tona CO2 isuri ziren biztanle bakoitzeko, EB Europako Batasuneko eta munduko batezbestekoaren gainetik. «Energia eta material kontsumoa murriztu behar da, hazkunde ekonomikoarenhelburua alde batera utzita».

Adierazi zutenez, munduko %10 aberatsenek isurketa guztien erdia igortzen dute.

Aterabide bakarra ikusten diote arazoari: «Norabide aldaketa sakona, trantsizio justu baterantz. Eta ezin dugu utzi trantsizio hau egoera honetara ekarri gaituztenen esku berberetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.