Valentzia 57-46 Lointek Gernika Bizkaia

Ahalegina bai, baina ez aski

Gernikak Valentziaren aurka galdu du, eta Espainiako Kopako finaletik kanpo geratu da. Nekeak nabarmen baldintzatu du

Nadia Colhado, Celeste Trahan-Davisen ahalegina oztopatu nahian, atzo, Valentzian. MIGUEL ANGEL POLO / EFE.
Mikel O. Iribar.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Valentzia. Ouviña (7), Casas (6), Allen (13), Gülich, eta Gil (10) —hasierako bostekoa—; Gomez (1), Segura, Pina, Juskaite,Trahan-Davis (4), Romero (8) eta Carrera (2).
Lointek Gernika Bizkaia. Buch (2), Ariztimuño (5), Bjorklund (7), Roundtree (3) eta Lo (12)—hasierako bostekoa—, Cornelius, Diez, Ivanovic (6), Alberdi, Ginzo (5), Arrojo (5)eta Gomes (1).
Markagailua. 19-10, 31-24 (atsedenaldian);53-37 eta 57-46.
Epaileak. De Lucas, Garcia eta Baena. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 150 ikusle inguru Valentziako La Fonteta pabiloian.

Akituta. Horrela ziren Lointek Gernika Bizkaiko jokalariak atzo, Valentziaren aurka Espainiako Kopako finalerdia galdu berritan: 57-46. Koronabirusagatik bi astez jokatu gabe egon izana eta herenegungo partidaren zama nabaritu zuten bizkaitarrek, eta Valentzia talde indartsuaren aurrean ezinaren zantzuak erakutsi zituzten; biko zein hiruko jaurtiketetan kamuts aritu ziren, nahiz eta azkeneraino erraiak bota. Oro har, partidaren lema Valentziak eraman zuen, patxadaz eta soseguz. Hala, etxean ari den taldeak Gironaren aurka jokatuko du, gaur, 13:30ean.

Hasi, bederen, erritmo bizianhasi zen Valentzia eta Gernikaren arteko dema. Mario Lopezek zuzendutako bostekoa oso zentratuta atera zen pistara; izan ere,kontziente ziren, Valentziakoen aldean, indarrez justuago helduko zirela finalerdietara. Hala, etxeko taldeak hasiera-hasieratik aurkariaren ahulezia horri etekina atera nahi izan zion; nahi bai, baina lortu ez. Bizkaikoak eraso luzeak egitera ohituta daude sarri, eta atzo ere halaxe aritu ziren, baita defentsako balantzeak azkar egiten ere. Hala, Gernika 6-4 aurreratu zen, baina Valentziak berehala irauli zuen egoera; istant batean, kontraerasoak eta zeharkako blokeoak baliatuta, 8-0eko partziala egin, eta sei puntu goitik jarri zen.

Lehen laurdeneko bigarren zatian, Valentziak erasoan fin eta defentsan oldar jokatu zuen; Gernika, aldiz, ezinean arotu zen. Roso Buch eta Itziar Ariztimuño ez ziren baloiarekin aise aritu, eta Nogaye Lo eta Margaret Roundtree jokalariekin ezin zituzten saskipeko jokaldiak behar bezala landu. 19-10 amaitu zen lehen laurdena.

Bigarrena ere bide beretik hasi zen; Gernikak erasoan asmatzen ez zuen aldiro, Valentziak ez zuen barkatzen, hala biko saskiraketetan nola hiruko jaurtiketetan; harik eta hamar puntu goitik jarri zen arte. Hala eta guztiz ere, Lopezen taldeak izan zuen susperraldirik; Angela Bjorklund eta Roundtreek hiruko bana sartu zituzten, eta lau puntura gerturatu zen Gernika. Orduan, zonakako defentsa ezartzea erabaki zuen Bizkaikoen teknikariak, baina saiakera hutsala izan zen, nahiz eta atsedenaldian lehia irekita zegoen: 31-24.

Bigarren zatian ere, ezinean

Hirugarren laurdenaren hasieran ere Valentziak jarri zuen lehiaren erritmoa, eta defentsan Gernikako jokalariak ito egin zituen, Leticia Romero, Laura Gil eta Rebeca Allen lan eskergari esker. Saskipean asmatu ez ezik, jaurtiketa libreetan ere ez ziren bat ere fin aritu Gernikakoak, eta, gisa horretara, Valentziak hanka egin zuen laurden amaieran, partida ia erabakita utzita: 53-37.

Etsi-etsian, Lopezenak, nola edo ahala, defentsa arloa sendotzea lortu zuen azken laurdeneko hastapenean. Loren eta Ariztimuñoren ekarpenei esker, hamar puntutik behera jartzea erdietsi dute (55-46), partida amaitzeko bi minutu falta zirela. Dena dela, neke handia nabari zuten euren hanketan, eta ezin izan zuten gehiago egin. Horrenbestez, Valentziak eta Gironak jokatuko dute Kopako finala, gaur. Kataluniako taldeak 91-78 menderatu zuen Perfumerias Avenida eguneko lehen finalerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.