Luis Garde. Idazlea

«Fikzioan dugu gure mundua ikertzeko era bat»

Fikzioaren eta errealitatearen arteko puzzle bat eraikiz, botere harremanen erretratu bat egin zuen iaz 'Aireportuko musika' eleberrian. Poesia idazteari utzi gabe, beste nobela batean pentsatzen ari da orain.

Ane Eslava.
Doneztebe
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Poesia du adierazpide nagusi, baina duela sei urte nobelarekin estreinatu zen, eta gustua hartzen ari zaio. Luis Gardek (Iruñea, 1961) iaz eman zuen bigarren eleberria, Aireportuko musika (Pamiela): gertuko etorkizunean kokatuta dago, eta nafar politikari eskuindar erregionalista baten bahiketa du abiapuntu. Protagonistak jazoerari lotutako dokumentu sorta bat jasoko du, eta horietatik tiraka garatuko da istorioa. Liburua bere bidea egiten ari delarik, Gardek poemak idazten jarraitzen du, baina iragarpen bat egin du: piztu zaio hirugarren nobelari ekiteko txinparta.

Zerk sortu zizun istorioa etorkizun hurbilean kokatzeko grina?

Nobela gehienak iraganean kokatuak izaten dira, eta nik beti galdetzen nion neure buruari zer gertatuko litzatekeen etorkizunean kokatuz gero. Eta hala egin dut: zientzia fikzioa izan gabe, etorkizun hurbilean gertatzen da, 2027tik 2029ra, eta izan liteke heldu den urtean. Lehenengo nobelan [Ehiztariaren isilaldia (Pamiela)] memoria historikoa jorratu nuen, [1936ko] gerrako gertakari batekin, nahiko hurbila hori ere. Ez da nobela historiko bat, gaur egunera iristen delako, eta gertakariek bizirik dirautelako.

Zer ematen dizu errealitateari fikziotik begiratzeak?

Errealitate gordina, berez, edozein fikzio baino aberatsagoa da, baita fantastikoagoa ere, eroagoa ez esateagatik. Beti pentsatzen dut imajina dezakegun edozein istorio jada gertatu dela, guk horren berri izan zein ez. Beraz, ezin da gauza askorik asmatu. Baliotsuena ez da argumentuaren originaltasuna, istorioa lantzeko modua baizik; egilearen begirada. Fikzioan dugulako gure mundua ikertzeko era bat, errealitatea geure buruari azaltzeko saio bat. Nik hori egiten dut, nonbait, poesiaren idazketarekin. Mundu berriak asmatzea? Ez, nahikoa dugu oraindik ezagutzen ez dugun honekin, gero eta arraroagoa bihurtzen ari zaiguna, gainera.

Errealitate soziopolitikoari lotutako erreferentzia asko daude liburuan. Nola eraiki duzu fikzioaren eta errealitatearen puzzlea?

Nik anitz gozatzen dut eraikuntza lan horrekin; noski, zailena da emaitza logiko bat lortzea, irakurleak ulertuko duena. Baina nobela genero kanibal bat da, onartzen dituena prozedura guztiak, eta niri puzzle modukonobelak gustatzen zaizkit; eklektikoak, hibridoak, material anitzekin eraikiak. Kontakizunmonokordeek aspertzen naute.

Elementu ugari egungoen antzekoak dira. Politikan zenbait gauza ez dira inoiz aldatuko?

Hala da. Finean, azaleko gauzak dira aldatzen direnak. Boterea boterea da, eta bere logika du: alda daitezke izenak, lehentasunak... baina botereen arteko lehiak beti hor daude; interesak, protagonismoak. Kasu honetan, nire ustez, Espainiako batasun sakratua da hemen aldatuko ez dena, zatituz gero, jende askok galduko lukeelako boterea.

Liburuan islatzen dira gobernuen, alderdien, familien, hedabideen eta beste hainbat esparruren arteko botere tirabirak. Horien erretratu bat da?

Bai. Boterearen ikuspuntu bat agertzen da, honako hau: boterea ez dela monolitikoa. Ez dagoela botere bakar bat —estatua, eskuina, kapitalismoa...—, han, urrun; eta hemen, berriz, boterearen kontrako jende ona, zintzoa, borrokan. Ez; botere handi bat dago, baina alderdi orok, pertsona orok, badu boterea. Eta edonon agertzen dira botere harremanak, giza harreman guztietan daude.

2020 inguruan izandako krisi bat aipatzen da, baina pandemiarik ez. Argi izan zenuen hori?

Egia esan, bidenabar aipatzen da pandemia. EHASen [erakunde armatuaren] sorreraren zioen artean aipatzen da krisi ekonomiko larri bat, gazteak atzerrira joatera bultzatu zituena; krisi horretan, garrantzitsua izan zen pandemia, noski. Gogatu nuen, edonola, ez zela egokia gehiago jorratzea pandemiaren kontua. Horrek ekarri digunak, dudarik gabe, utziko du arrasto sakona etorkizuneko literaturan.

Hedabideek garrantzi berezia dute; batzuk asmatuak dira, beste batzuk ez. Iritzi publikoaren eraikuntzaren garrantzia islatu nahi izan duzu bereziki?

Hedabideek garrantzi handia dute gure iritzia eta munduaren ikuskera eratzean. Sare sozialekin batera, erraten digute zer pentsatu behar dugun; nola dagoen egina mundua. Eta, banaka batzuk kenduta, botereak sortuak dira. Horregatik eman diet garrantzia. Batzuen izenak asmatuak dira, baina kasu batzuetan jakin daiteke zeintzuk diren; eta bat, Diario de Navarra, bere horretan sartu dut... istorioa Nafarroan kokaturik, nola ez sartu?

Lesbiana, motozalea… Leyre Olcoz protagonista pixka bat aldentzen da eskuineko politikarien ohiko iruditik. Zergatik jarri zenizkion halako ezaugarriak?

Ez nuen zerbait oso aurreikusgarria egin nahi; alegia, eskuindarra izateagatik, oso kontserbadorea izatea. Puntu kontraesanezkoek ematen dietelako indarra pertsonaiei. Alde horretatik, ikusten da Leyrek ez duela bokazio politikorik: abizenak markatutako borroka bat dauka. Familiaren ondarea jasoko zuena, benetako politikaria, bere anaia izanen zen, baina hiltzen da, eta berari pasatzen diote lekukoa. Behartzen dute onartzera berea izan behar ez zuen bizitza bat, eta horrek egonezina sortzen diola ikusten da.

Pertsonaiak emazteari bidaltzen dizkion gutunek kontrastea egiten dute politikarien arteko solasaldiekin...

Bai. Gutunetan islatzen da berak barnean daukan gatazka bat. Pertsonaia oso zapalduta dago, ez bakarrik bahituta egoteagatik. Lehendik ere bere bizitza bizi nahi zuen, eta bere bidea egin, baina bere inguruak ezarri dion zama ezin kendu dabil. Idatzietan iradokitzen da gaizki pasatzen duela. Hegalak moztu dizkiote, eta berak bere bizitza egin nahi du; libre izan, fisikoki eta mentalki.

Epikaren eta heroiaren ideiak ere ageri dira, zalantzan jarrita.

Bai. Heroiak zer dira gaur egun? Hedabideek jartzen dituzten irudi batzuk, denok gurtu eta imitatu behar ditugunak. Politikan ere, botereak eraikitzen ditu heroiak. Leyrerekin, hain justu, heroi bat sortu nahi dute, eta berak ez du hori izan nahi. Heroi horren kontra borroka egitea da bere bizitzaren alde egitea. Baina boterea, heroia eraiki ondoren, ohartzen da ezin duela atzera egin, eta biderik errazena hartzen du: «Hil dezatela, eta izango dugu beste heroi bat demokraziarentzat».

Heroia suntsitu behar da, beraz?

Bai. Denok izan ditugu heroiak: politikan, baina baita musikan edo kirolean ere. Eta askotan faltsuak izaten dira: aurrez fabrikatuak. Egiten dutena egiten dutela, saiatzen gara idolo horiek mantentzen; baina kontuz eraikitzen eta gurtzen ditugun heroiekin.

Aireportuko musika hainbatetan agertzen da liburuan. Lasaitasuna iradokitzen du, baina eleberria ez da, preseski, lasaia.

Ez nuen aurreikus zitekeen izenburu bat nahi, baizik eta zerbait iradokitzaileagoa. Pentsatzen jarrita, nik idazten dudanean musika hori jarri ohi dut, eta erabaki nuen leitmotiv gisa sartzea, hondoko musika gisa; nobelaren soinu banda. Gainera, Leyrek hegaz egiteko beldurra du; ikastaro bat egin zuen, eta musika hori jartzen zieten. Beraz, bizitzeko beldurraren metafora ere bada.

Poesiak toki handia du. Zergatik erabaki zenuen politikaren erdian poesia sartzea?

Hizkuntza politikoaren kritika egin nahi nuen: adibidez, EHASen agiriek dute beti ezagutu dugun hizkuntza zurrun hori. Bestalde, hori bezain zurruna den hizkuntza erlijiosoaren aurkako kritika ere egiten da. Eta poesiarekin antzekoa gertatzen da: protagonistak galdu du gaztaroan politikarekiko zeukan fedea; erlijioarekin ez da ongi konpontzen, eta poesiarekin etsita dago. Zurrunduta ikusten du. Horregatik ez du idazten. Nonbait, hizkuntzarekiko fedea berreskuratzen du Leyre Olcozen kartak irakurtzen, idatzita daudelako bizirik irauteko.

Poetaren patua al da hori?

Ez, baina horrekin, poeton parodia egin nahi nuen, denborarekin poesia gutxiago idazteko joera izaten baitugu, edo gutxiago argitaratzeko. Poesiarekiko atxikimendua galduko bagenu bezala.

Protagonistak idazketaren arrazoiez gogoeta egiten du. Zuk egin al duzu gogoeta hori?

Nire kasuan, idazketa barrenean daramadan zerbait da. Gaztetan hasi nintzen poesiarekin sentimenduak adierazten, eta egun, modu bat da nire sentimenduak, bizipenak edota hausnarketak ateratzeko; barruan ditudan hutsuneak. Horiekin istorio bat eraikitzeko beharra sentitzen dut.

Poesia idatzi ohi duzu, baina eleberrira jo duzu, bitan, eta liburu luzeak izan dira. Sormen prozesua asko aldatuko da...

Bai, guztiz ezberdina da. Nobelarekin diziplina handia behar da; ordutegi bat. Poesiarako, diziplina hori ez, baina kontzentrazio handia behar da. Nik ez dut sinesten inspirazioan, baina benetako gogoak, bai, behar dira: aldarte berezi bat. Poesiak gehiago eskatzen du, eta irakurtzean ere bai, noski. Irakurle gisa, edo poema bat asko gustatzen zaizu, edo ez dizu deus erraten. Nobelarekin gehiago erlatibizatzen dugu.

Aurrekoaren ondoren, buruan zenuen eleberrira itzultzea?

Ez, nik ikusten dut neure burua poesia idazten. Aurrekoan, pentsatu nuen Ezkabako istorio horrekin zerbait egin behar nuela, eta hasi nintzen. Horren ondoren, pentsatzen nuen ez nuela nobela berriz idatziko; baina, bat-batean, ideia etorri zitzaidan, eta idazten hasi nintzen.

Ideia hori gertakari erreal bat zen, ezta? Aldo Moro politikari italiarraren bahiketa.

Bai. Ni oso gazte nintzen hori pasatu zenean [1978an], eta telebistan ikusitako irudiak buruan gelditu zitzaizkidan. Handik urte askotara berriro etorri zitzaizkidan, bat-batean, eta bururatu zitzaidan idaztea nobela bat horretan oinarritua. Batzuetan hala gertatzen da: buruko artxiboan duzun zerbait ateratzen da, eta haritik tiratzea erabakitzen duzu.

Orain, zer duzu esku artean?

Poesia beti dago hor: orain liburu bat dut prest, eta beste bat hasita. Eta beste nobela baterako ideia etortzen ari zait!

Zerbait aurreratu dezakezu?

Hagitz ezberdina izanen da. Politikoa ere bai, dena delako politikoa, baina alderdiak ez dira hainbeste aterako. Beste herrialde batean egonen da kokatua, XX. mendean. Gustura hasi naiz, etalaburragoa egiten saiatuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.