Betiko balio berriak

Errigorak bere balioak bermatzen dituen identifikatzailea aurkeztu du: Errigora Balioak. Bertakotasuna, euskara, auzolana eta nekazariarekiko harremana dira zigiluaren oinarri nagusiak.

Ibai Sueskun, Lorea Lizarreta eta Imanol Ibero, Errigorako identifikatzailea duten produktuekin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Burlata
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Identifikatzailea irudi bereizgarri bat da, aukera ematen duena produktua balio jakin batzuekin erlazionatzeko. Kontsumitzaileak, ikurra ikusi, eta produktua balio jakin batzuekin erlazionatzen du. Hori erosketen poltsan sartzeko erabakigarria izan daiteke. Errigoraren helburuak euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatzea izanik, pauso bat aurrera ematea erabaki dute, eta Errigora Balioak identifikatzailea sortu. Zigiluak kontsumitzaileen eta nekazarien konfiantza bermatzeko balio duela esan du Imanol Iberok, Mendiko upategiko ekoizleak: «Ekoizleak ere identifikatuta sentitu behar du zigilu horrekin; azkenean, ekoizpen prozesuaren eremu guztiak ukitzen ditu».

Identifikatzaileak Errigoraren lau balio ordezkatzen ditu: bertakotasuna, nekazariarekiko harremana, auzolana eta euskara. Zigilua Euskal Herriko plazetara iristea nahi du Ibai Sueskun Errigorako kideak, lau balioak zabaltzeko asmoz. Oraingoz, 72 produktuk daramate identifikatzailea, baina etorkizunean etiketa gehiagotan agertuko dela esan du Sueskunek.

Produktuen izenak jasotzeaz gain, zigilu horrek elikagai bakoitzaren kokalekua jasotzen du; hau da, non dagoen produktu bakoitza landatu duten lurzorua. «Nahi dugu Nafarroako mapan ikustea non landatu ditugun piperrak, non mahatsak eta non arroza. Hori da irudikatu duguna bertakotasunari dagokionez: mapa bat gure produktuak non sortu diren kokatzeko», azaldu du Iberok.

Lau euskarriak

Ekoizleen eta Errigoraren arteko elkarrizketa duina bultzatzeko nekazariarekiko harremana sustatu behar dela esan du Lorea Lizarreta Hazialdeko koordinatzaileak: «Prezioak Errigoraren eta nekazarien artean adosten dira, eta ekoizleak ez daude beren produktuak baloratzera ohituta». Aldi berean, identifikatzaileari esker ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana indartu dela esan du Lizarretak: «Errigoran ikusten da oso aukera ona zuzenean kontsumitzailearekin hitz egiteko. Nekazariek aukera dute beren errealitatea ulertarazteko».

Auzolana da hirugarren balioa, eta pausoz pauso konpromiso txikiak hartu dituztela adierazi du Sueskunek; ekoizleak, kontsumitzaileak eta sare kideak gehiago inplikatzea eta antolatzen dituzten auzolanetan denek parte hartzea dira hartu dituzten erabakietako batzuk: «Errigora auzolan erraldoi bat dela esan dezakegu».

Euskara da landu duten azkeneko balioa. Webguneak eta etiketak euskaratzea ez dela nahikoa ikusi dute Errigorakoek, eta euskararen presentzia handitzea erabaki dute. «Ekoizleak Errigorarekin koherentziaz aritzeko, erabaki genuen filosofia horretan sakondu behar genuela. Guk proposatu genuen euskara plana egitea, hau da, ekoiztetxeek euskararekiko pauso duinak ematea, gazteleraren parean jartzeko», azaldu du Sueskunek. Beraz, 2023tik aurrera abiatuko da euskara plana, eta bakoitzak bere erritmoan egingo du aldaketa: batzuek normaltzat daukate euskara erabiltzea, eta beste batzuek ez. «Bazen garaia ekoizleen munduan urrats hori islatzeko», esan du Iberok.

Udaberriko kanpaina

Identifikatzailearekin batera, Errigorak kanpaina berri bat aurkeztu du: Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Bat egin Errigora Balioekin. Martxoaren 9tik 29ra Errigora Balioak zigilua duten produktuak eskuratzeko aukera izango dute kontsumitzaileek. Iberoren arabera, beste sektoreetako ekoizleek identifikatzailearen berri izan dute: «Nirekin harremanetan jarri dira, parte hartzeko aukerarik bazuten galdetzeko. Garrantzitsua izan da ekoizleen munduan, herritik eta ekoizleetatik abiatu den zerbait baita».

Lizarretak esan du zigilua duela gutxi sortu den arren nabaritzen duela ekoizleen harrotasuna ere, lanak bere fruituak eman dituelako. Hala ere, lau balioak hasiera besterik ez dira, Sueskunen esanetan: «Prozesu hau dinamikoa da; oraindik hutsune batzuk ikusten ditugu, etorkizunean landu beharrekoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.