Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala

Miribilla, bertsoaren bizipozak hartuta

Bilbao Arena aretoak itxura ederra izan zuen Bizkaiko Bertsolari Finalean, jendez lepo eta giro ezin hobearekin; ekitaldia hasi aurretik Bilboko kaleetan ere sumatzen zen ospakizun handietako giro hori.

Zaleak Miribillan, atzo, finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bertsolari txapelketetako finalek -Txapelketa Nagusikoek bereziki, baina herrialdeetakoek ere bai- badute giro berezi bat; lehia guztiek dakarten emozio eta suhartasunetik harago, halako bizipoz moduko bat sumatzen da, euforiatik gertu dagoen sentimendu bat. Atzo begien bistakoa izan zen hori Miribillan (Bilbo), Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean.

Finala 17:00etan hastekoa zen, baina askoz lehenago sumatzen zen giro berezi hori, Zazpikaleetan batez ere: euskaraz berbetan tabernarik taberna ibiltzen ziren lagun taldeetan, txarangetan, bertsolariei bihotz ematera etorritakoen janzkeran -Xabat Galletebeitiaren zaleak, jaka horia soinean; Jone Uriarenak, Algortako Bertso Eskolako zapi gorria lepoan; Miren Amurizarenak, bertsolariaren irudia zuen elastiko urdina jantzita-. Ekitaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago ari zen jendetza Miribillarainoko aldapak igotzen.

Mota guztietako jendea: euskalgintza eta politikako lagun ezagunak -Koldo Tellitu Ikastolen elkarteko presidentea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkidea-, zaharrak, gazteak, eta, batez ere, nerabe asko: deigarria da zenbat gaztetxo ibili zen atzoko saioan. Nerabeentzat beren-beregi prestaturiko ekitaldiak alde batera utzita, nekez topa daiteke bertso txapelketetako finalek adina gaztetxo biltzen dituen kultur emankizunik. Zer pentsaturik ematen du.

Pankarta ugari

Bilbao Arena aretoak itxura ederra zuen ordubete lehenagotik ere. Final guztietan, zaleek euren bertsolari kutunei adore emateko pankartak eskegi ohi dituzte, baina Bizkaiko aurtengoak marka guztiak hautsi ditu, eta apur bat berandu ibili zirenek lanak izan zituzten euren pankarta eskegitzeko tokika topatzen.

Bertsolari guztiek zuten euren zaleek jarritako pankarta: Onintza Enbeitak -Mundua dantzan jarriko geunke zugatik Onintza-, Jone Uriak -Maite zaitugu Jone-, Nerea Ibarzabalek -Gu askogaitxik irabazi gaitxuzu-, Eneko Abasolok -Amaiurko gaztelutik Iurretako plazara, aurrera Abarkas- eta abar. Pankartarekin nahikoa ez, eta Uriaren zaleek puxika gorriak ere eraman zituzten.

Ekitaldia hasi aurretik, pantaila handian hainbat bideo labur jarri zituen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, bertsolaritza zer den azaldu, bertso eskoletan izena emateko deia egin eta, finean, zaletasuna sustatzeko helburuz egindakoak. Izan ere, Maite Berriozabal aurkezlearen lehenengo berbak izan ziren bertso eskoletako irakasle, gai jartzaile, elkarteko kide eta, oro har, bertsolaritza sustatzen lan isil eta nekeza egiten duten zale guztiei gorazarre egiteko.

Lurrikarak astindu zuen Bilbao Arena aretoa bertsolariak agertokira igo zirenean. Gero, zaleek izan zuten aukera bertso batzuekin gogotik barre egin eta beste batzuekin hunkitzeko, eta emozioak gainezka egin zuen bukaera aldera, Onintza Enbeita txapeldun zela iragarri zutenean. Baina bertsoaren bizipozak ekitaldia bukatutakoan ere iraun zuen Bilboko kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.