Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA.

Maskararen azpiko musikaria

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Il boemo'



Zuzendaria: Petr Vaclav. Aktoreak: Vojtech Dyk, Elena Radonicich, Barbara Ronchi, Lana Vlady. Herrialdea: Txekia, Italia, Eslovakia. Iraupena: 140 minutu.

Josef Myslivecek konpositore eta musikari txekiarraren biopic puska bat da Il boemo, eta, bide batez, XVIII. mendearen bigarren zatiko Italiako aristokraten bizimoduaren erretratu bat ere bai. Anbizio handiko lan bat, Petr Vaclav zinemagileak aurretik egin izan duen fikzio garaikidearekin batere zerikusirik gabea.

Mysliveceken (Vojtech Dyk) igoeran eta jaitsieran, prekaritatik arrakastarako bidea garai hartako botere politiko eta kulturalei lotuta ageri da. Vaclavek maskara baten atzean aurkezten du Myslivecek, eta filmaren zati batean harreman bat sortzen du haren eta Wolfgang Amadeus Mozart haur miragarriaren artean. Myslivecek Mozart baino zaharragoa zen musikari on baten gisa erakusten du, gaztearen jeinuak ia historiatik ezabatu duena honezkero.

Vaclavek toki nabarmena eman dio protagonistaren musikari, eta, gainera, opera emanaldiak pertsonaiaren bizipenekin lotzeko modua aurkitu du askotan. Arrakastaren, maitaleen, familia harreman hautsien eta bizimodu zail baten erdian dago protagonista, eta filmeko pasarterik esanguratsuenetan elkarrizketa ikusgarriak ditu nortasun handiko pertsonaiekin.

Maskaradun konpositorearen iruditeriaren ondoren —maskara ugari daude filmean—, makillatutako eta keinu zorrotzeko aurpegi batek hartzen du pantaila. Batetik besterako joan-etorrietan, zinemagileak proposamen estetiko egoki bat ondu du filmerako, baina artea eta ekoizpena dira haren indarguneak, zuzendaritza bera baino gehiago. Irudi esanguratsuren bat lortu arren, kamera lan arruntak eta Dyk aktorearen baliabide faltak direla-eta, filmari kosta egiten zaio 140 minutuko iraupenari indarrez eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.