Noiz sortua: 2020-02-08 00:30:00

Misterio eta ironia tantak

Kanaldudek 'Tantaka' websaila estreinatuko du asteartean; sormenaren eta elkarlanaren emaitza da
Websaileko aktore nagusiak. Behean ezkerrean, Joana Parot; behean erdian, Idoia Rodriguez Mondragon.
Websaileko aktore nagusiak. Behean ezkerrean, Joana Parot; behean erdian, Idoia Rodriguez Mondragon. KANALDUDE Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko otsailak 8
1999ko udazkena da. 15 urteko hiru lagun, Jenofa, Andoni eta Arantxa, Anestesia musika taldearen urteko azken kontzertura abiatu dira. Bidean, baina, Jenofak motor istripu bat izan du, eta koman sartu da. Hogei urte geroago esnatuko da. Lagunak ondoan izango ditu hogei urtean aldatutako gizartean lur hartzeko.

Hori da websailaren istorioa. Dena ez da hain sinplea, ordea. «Espero ez dela deusetaz oroitzen», dio trailerrean, urduri, Jenofaren lagun batek. Pistola bat ere ageri da. Gizon bat Jenofari burukada bat ematen ere bai. Misterio asko daude argitzeko.

Tantaka izena du websailak, eta asteartean estreinatuko du Kanaldudek, 20:00etan, bere webguneko jarioan (kanaldude .eus/zuzenean), nahieran zerbitzuan eta baita sare sozialetan ere. Websailak hamar minutuko zortzi atal izango ditu. Lehenengo laurak eskainiko ditu asteartetik ostiralera, egunean bat; ostiralean eta larunbatean, berriz, lau atalak jarraian. Gainerako lau atalak maiatzean emango ditu.

Idoia Rodriguez Mondragonen eta Joana Paroten proiektu bat da Tantaka. Lizeo garaitik ezagutzen dute elkar, eta eskarmentua dute film laburrak egiten, «modu amateurrean: lagun arteko gauzak». Hala ere, bi aldiz irabazi dute Zinegin jaialdiko Kliklap lehiaketa. Euskal Harriaren ABDak proiektuan ere parte hartu zuten.

Kanaldudek fikzioari lehentasuna eman nahi ziola jakin zuten; bi hilabetean proposamen bat landu, eta aurkeztu egin zioten telebistari. Onartu egin zuten.

Lagunak eta ezagunak

Iritsi zen garaia proiektua zehazteko: trama nagusia gidoi bihurtu; pertsonaiak definitu; misterioak garatu; 1990eko pentsamoldearen eta gaur egungoaren arteko kontrastea islatu; «umore gazi-gozoa» landu; grabatzeko lekuak finkatu; aktoreak errekrutatu... Errekrutatu, lagunak eta ezagunak inplikatu baitituzte.

«Oso konplikatua izan da», Rodriguez Mondragonen esanetan, grabazioak eta eguneroko bizimodua uztartzea. Ez bera eta ez Parot ez dira aktore, gidoilari edo aktore profesionalak; aktore, gidoilari eta aktore lanak egin dituzte, ordea, Tantaka-n. Rodriguez Mondragon da aktore protagonista, Jenofa.

Berak arte plastikoen ikasketak egin zituen; Parotek, ikus-entzunezkoenak. Gaur egun, baina, lehena euskara irakasle da Hazparneko (Lapurdi) kolegio batean, eta bigarrena, laboraria.

Asteburuetan grabatu dute, astialdian, eta haien eta lagunen agendak bateratu behar izan dituzte: «Ingurukoek onartu behar izan dute momentuko lehentasuna websaila aurrera ateratzea zela». Buru-belarri sartu dira proiektuan. Batzuetan, «nekagarria» ere izan da; «baina, hala ere, bagenekien aukera berezi bat zela, eta baliatu nahi genuen». Frustrazio bakarra du: denbora falta. Hala ere, emaitza ikusitakoan, buruan zeukatena ikusi dute irudietan, «eta hori bikaina da».

Kanalduderen babes handia izan dute. Babes teknikoa batez ere. Telebista arduratu da grabatzeaz, eta posprodukzioan ere lagundu ditu. Tabakalerak ere bai. Eta Txintxua Filmsek. Eskarmentu handiko profesionalak izan dituzte bidelagun: Kanaldudeko Iban Rusiñol produkzioan eta Txintxua Filmseko Laurent Dufreche —Goya sari bat lortu zuen 2018an—.

Bigarren zatia amaitzeko dute. Asteburu honetan grabatuko dute azken atala.

Erakutsi dute «gauza bikainak» egin daitezkeela «irudimenarekin eta gogoarekin, eta lagun talde bat mobilizatuz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna